GARA DONOSTIA

Euskarazko zinema eskaintza urria aztertu du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundia kezkatuta dago zinemetan euskaraz oso film gutxi eskaintzen direla-eta. Hala eman zuten aditzera atzo Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak Klara Badiola, Miren Aranburu, Mikel Mendizabal eta Marian Galarraga bikoizleekin bildu ostean.

Sektoreak onartzen duenez, aretoetan ez da apenas euskarazko filmik proiektatzen egun. Gainera, EITBk «ikaragarri murriztu» du euskaratutako lan kopurua: 90eko hamarkadan urtero 1.800 ordu bikoizten baziren, 2013an 375 ordu bikoiztu ziren soilik. Hori dela eta, sektoreko kideen ustez, hizkuntza normalizazioaren bide bat kolokan dago.

Euskarazko zinema eskaintza normaltzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bikoizleekin lan ditzakeen gaiak aztertu ditu. Era berean, Tinko elkartearekin hitzarmena sinatu du Zinema Euskaraz egitasmoarekin jarraitzeko.