Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Gurea bermatzeko, independentzia!

Nire bihotza, Iruñetik pasa ondotik, Etxarrin egon da asteburuan. Iruñean Independentistak sareak Aberri Egunerako deia zabaldu baitu, independentziarako bidea trumilka herritarren artean jorra dezagun gomita eginez. Igandean Etxarrira bizitzera joateko izugarrizko gogoa piztu digute hango herritarrek, gure etxe berria- ren lehen harria jarri baitute. Helmugara heltzeko lasterketaren abiatze hotsa entzun dugu. Ehun metrokoaren abiaduran ez gara aitzinatuko, maratoiaren itxura izanen du gureak, baina abian da! Hau errepikatuko dugu, entzunaraziko Iruñean.

Gure herria bizi-bizia da, ekintzaz irakiten ari da, edonora begiratu eta iniziatiba dago, politikoa, instituzionala, herrikoia, denak helburu berarekin, norabide berean. Izan dadin, Batera, Gure Esku Dago, arrantzaleak, geure ikurrina, presoen aldekoak, iheslarien itzulera, Libre. Bor-bor ari da gure herria, eta parean gure artean tirabira pizten saiatzen, gure arteko kalapitak pizteko legeak sortu, izuarekin jarraitzeko.

Euskal Herriaren aldeko jarreren inguruan kriminalizazioa, fronte errepublikarra asmatu dute. Ez da eraginkorra, hauteskundeek erakusten dizkiete haien munduak ez gaituela gehiago desagerrarazten, haien intentzio eta saiatze guztien gainetik aitzina goazela. Haatik argi dago aterpe berria behar dugula, gure eskubideak bermatu, hobetsiko eta babestuko dituen etxea beharrezkoa zaigula segurtasunean bizitzeko. Etxerik gabe, besteen menpe biziko baikara, besteek erabaki legeen menpe. Gaur egun sekula baino estatu independente gehiago daude Europan. Ekonomiak ere erakusten digu egunero erabaki gune hurbilagoak direlarik zailtasunen aitzinean aterabideen atzematea errazagoa dela. Historiaren zentzuan goaz, ez gaitu inork gelditzen ahal, Saseta, Lauaxeta, Txikia, Iratzeder, Larzabal, Monzon, guri begira daude, esperantzaz beterik gaur egun ematen diren pausoei begira. Eta gu aitzinatzen ari gara haiek ereindako hazien indarrez.

Batzuetan gogoa hodeietan dugu, iruditzen zaigu laster gertatuko dela. Baina oinak lurrean dauzkagu orain artekoak jarraitu behar baitu; alegia, gurekin gero eta jende gehiago eraman behar dugula, erakutsi behar dugula bizi ederragoa egitera goazela. Inor ahantzi gabe. Eguneroko borroka da. Aste honetan berean Fleuryn euskal presoek, emazteek, abiatu dute borroka; hau ez da txantxetakoa, matoiek ez baitute bizitza gozoagoa egiten, ematen zaien sasipoderioaz jostatzen baizik. Horrez gain, hor daude hurbilduak izateko preso multzo batek abiatu duen iniziatiba. Bat egiten dugu haiekin. Baita egunerokoan etxebizitza edukitzeko sekulako kalapitetan sartuak diren herritarrekin, edo langabeziaren kontra lanean ari direnekin. Bat anitza osatzera goaz, aterpe bila.

Ez gara gordetzen, aspaldi abiatu zen ibilbideak helmuga badu, ez doa inor zapaltzera, baina gure eskubide kolektiboentzat aterperen bila eskubide zibilak bermatuz. Pariseko gober- nutik edo Madrilgo gobernutik ez da horrelako proiekturik proposatzen.