GARA

Pobrezia arriskuan dauden haurren gaineko kexak nagusi Arartekoan

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2013an jasotako kexen %45,4k pobreziaren arrisku mugan dauden haur eta nerabeen aferekin zuten zerikusia. Horien atzetik, hezkuntza arloko kasuak nabarmendu ziren bulegoak jaso zituen kexen zerrendan.

Iñigo Lamarca arartekoak eta Elena Ayarza Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendariak 2013an alor honek burututako jardunaren gaineko datuak aurkeztu zituzten atzo hedabideen aurrean. Azaldu zutenaren arabera, landu dituzten kasu guztien %45,4k pobrezia arriskuan dauden haurren egoerarekin zuten zerikusia. %26,2, aldiz, hezkuntza eremuko aferak izan ziren.

Hala, ume eta nerabeen elikadurari buruzko datu bat izan zen hedabideen artean zalaparta handiena piztu zuena. Ayarzak aurkeztu zituen datuen arabera, desnutrizio arazorik ez dago EAEko haurren artean, baina bai subnutrizio arazo bat; hau da, 16.000 haurrek ez dute elikadura egokia jasotzen EAEn. Datua ez dela «kezkagarria» ohartarazi zuen, baina datuaren bilakaerari arretaz so egin beharko zaiola adierazi zuen.

Zentzu horretan, EAEn haurren babesari begira garatzen diren politikak ez direla egokiak esan zuen Ayarzak. Nolanahi ere, Oinarrizko Errenta bezalako laguntzek pobrezia mailak jaisteari begira duten «efikazia» goraipatu zuen. Garatzen diren politiken efikazia, ordea, ez dela «erabatekoa» dio aurkeztu zuten txostenak. «Pobrezia mailan dauden familien %26k ez dute sarbiderik laguntzetara bete beharreko baldintza guztiak ez dituztelako betetzen, eta %43k ezin dute pobrezia mailatik atera jasotzen dituzten laguntzak ez direlako nahikoak», zehaztu zuen.

Hezkuntza, lonjak...

Lamarcak azaldu zuenez, hezkuntzaren eremuko kexa gehienak umeen onarpenen ingurukoak izan ziren. Hala eta guztiz ere, eskola garraioak eta jangeletako zerbitzuek ere jaso zituzten kexak, familia batzuk kuotak ordaintzeko gaitasunik ez dutelako edota 0 eta 3 urteko haurrentzako tokirik ez delako izaten, esate baterako.

Azkenaldian indarra hartzen ari diren lonjen afera ere ez da kexetatik at geratzen. Horiek direla-eta, asko egin dute gora bizilagunen kexek, lonjetan ateratzen duten zarata eta sortzen dituzten molestiak direla medio.