Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Gaboren Aberri Eguna

Hil berri zaigun Gabriel Garcia Marquez-en eleberrietan osteratxo bat eginez aurkitu ditut igandeko diskurtsoen sintesiak. Ehun urteko bakardadeaz idatzi zuenak ondo definitu zuen euskal abertzaletasuna, kontzienteki zein ez

Babiloniarren Baal jainkoaren berpizkunde mitologikoaren data berean, udaberriko ekinozio osteko lehen iretargi betearen ondorengo domekan eta Eireko independentziaren zutarri izango zen Dublineko postetxeko Éirí Amach na Cásca ospetsuaren efemeride, Pazko eguna, Aberri Eguna, alegia, ospatu genuen lehengoan.

Batzuk gure herriko hiriburu historikoan elkartu ziren. Besteak, motor ekonomikoa sinbolizatzen duen hirian. Lekuaren aukeraketak berak oso ondo adierazten ditu euskal abertzaletasunaren baitan ageri diren diskurtso nagusi biak. Biek ala biek estatuen itxikeria salatu eta erabakitze eskubidea aldarrikatu zituzten. Hots, estatuei gure aberriaren onarpena eskatu zioten. Hori gertatu ezik gure herriak aurrera joko zigula zin egin ziguten, betiko lez, konkreziorik gabe. Mikel Laboaren «askatuko zaituzten zai bazaude, zaude lasai...» entzuten zen Portu Zaharreko kale kantoien artean.

Hil berri zaigun Gabriel Garcia Marquezen eleberrietan osteratxo bat eginez aurkitu ditut igandeko diskurtsoen sintesiak. Ehun urteko bakardadeaz idatzi zuenak ondo definitu zuen euskal abertzaletasuna, kontzienteki zein ez.

EAJren esanak laburbiltzeko «El amor en los tiempos del cólera» idazlaneko «Recuerda siempre que lo más importante de un matrimonio no es la felicidad sino la estabilidad» (Gogora ezazu beti ezkondutakoen artean ez dela zoriontasuna gauzarik behinena, egonkortasuna baizik) aukeratuko nuke. Ortuzar jaunak Euskadi Ta Askatasunak gure herriari egindako kaltearen gainean botatako berbei erantzuteko, berriz, idazle hegoamerikarraren esaldi ospetsuenetakoa datorkit burura: «Solo porque alguien no te ame como tú quieres, no significa que no te ame con todo su ser» (Inork zuk gura legez ez maitatzeak ez du esan nahi bere izate osoz maite ez zaituenik).

Ezker independentistaren diskurtso historikoa horrela definitu zuen Gabok, izen bereko idazlanean: «Me alquilo para soñar. En realidad era su único oficio» (Nire burua amets egiteko alokatzen dut. Egia esan, bere lanbide bakarra zen). Borroka armatuaren desagerpenetik hona bizi duen etengabeko eskari moral eta paktuetarako bazterketaren erradiografia «Del amor y otros demonios» nobelan aurki genezake: «No hay anuncios de cometas ni eclipses, que yo sepa, ni tenemos culpas tan grandes como para que Dios se ocupe de nosotros» (Ez dago ez kometa ez eta eklipse iragarkirik ere, nik dakidala, eta ez daukagu jainkoa gutaz arduratzeko besteko erru handirik ere).

Azkenik, abertzaleon gehiengoak desio dugun elkarlana ere imajinatu zuen Marquezek, eta horrela deskribatu gure ehun urteko bakardadeari amaiera emanez: «Locamente enamorados al cabo de tantos años de complicidad estéril, gozaban con el milagro de quererse tanto en la mesa como en la cama, y llegaron a ser tan felices, que todavía cuando eran dos ancianos agotados seguían retozando como conejitos peleándose como perros». Pasarte hau zuok itzul ezazue, irakurleok. Bakoitzak bere euskalki, bere ortografia, kaligrafia eta hizki motarekin idatz dezala. Ipuin honen amaiera zoriontsu posible bakarra da-eta.