Arantxa MANTEROLA BAIONA

Fiskalaren iritziz, Fernandez Iradi preso gaixoa espetxean segitzeko moduan dago

Lasartear preso politikoak ekainaren 20ra arte itxaron beharko du eritasun larriagatik pausatutako kaleratze eskaera onartzen dioten ala ez jakiteko. Kondenak Betearazteko Auzitegiak atzo aztertu zuen eskaera.

Luze jo zuen atzo Ibon Fernandez Iradik bere zigorra kentzeko egindako eskaera aztertzeko bistak. Hiru epailek, fiskalak, preso lasartearrak eta bere abokatuak arratsalde osoa eman zuten Lannemezaneko espetxean askatasun eskaera aztertzen. Iradik hilabete pasatxo itxaron beharko du, ordea, epaileen deliberoa jakiteko, zehazki, ekainaren 20ra arte.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak GARAri adierazi zionez, luze eztabaidatu eta galdera asko egin zituzten bai epaileek bai fiskalak. «Gehienak, osasun egoerarekin lotuak ziren, nola sentitzen den, nola moldatzen den espetxean, nola daraman gaitza egunerokotasunean...», azaldu zuen abokatuak.

Eskaeraren beste atal batzuei buruz (esate baterako, bizilekua edota artatzeko aukerak kaleratuko balute) ez zutela apenas argitzapenik eskatu gaineratu zuen, «aurkeztutako bizi-proiektua oso biribildua dagoelako».

Bi sendagile independenteren txostenek presoak duen eritasuna -esklerosi anizkoitza- izanda espetxean ezin duela egon argi utzi bazuten ere, fiskalak ez du uste egungo egoeran hala denik. Beraz, zigorra betetzen jarraitzearen alde agertu zen atzo.

Helegitearen aukera

Epaileek hori erabakiz gero, preso politikoak helegitea jartzeko aukera du Kondenak Betearazteko Parisko Dei Auzitegian. Prozedura horrek bi hilabete inguru hartuko luke. Auzitegi horren azken ebazpena ere euskal presoa ez kaleratzekoa balitz, endekatze-prozesua areagotzen den heinean, Iradik eskaera berria egin dezake.