Oihane LARRETXEA

Itsasotik platerera doan altxorra jaun eta jabe Bermeoko XX. Arrain Azokan

Ba al dakizu zenbat propietate dituzten argazkiko hegaluze xerrek? Eta zenbat modutan presta daitekeen? Gauza asko irakatsiko dizkigu gaurtik bertatik Bermeoko XX. Arrain Azokak, arreta gure etxeko sukaldeetan jarri baitute antolatzaileek. «Arraina sukaldean: gozoa, erraza eta merkea» lelopean, dastatzea soilik ez, ukitzea ere posible izango da, itsasotik platerera doan altxorra hobeto ezagutzeko. Nahi duen orok Bermeora gerturatzeko gonbidapena du.

Ahoarekin dastatu bakarrik ez, begiekin eta eskuekin ere sentitu ahal izango da arraina Bermeon. Itsasoak ematen digun altxorra hobeto ezagutzeko eta, bereziki, bere propietateak zeintzuk diren erakusteko nobedadez beteta dator XX. Arrain Azoka, gaur bertan hasiko dena. Helburu horrekin antolatu dituzte oraingoan «Sukaldaritza zuzenean» tailerra, zentzumen tailerrak eta arrain-dastatze tailerrak. Era berean, etxeko sukaldeetara hurbildu eta arraina modu ezberdin eta erakargarrietan nola presta daitekeen ere irakatsiko dute. Leloak ondo laburbiltzen du aurtengo asmoa: «Arraina sukaldean: gozoa, erraza eta merkea».

Berritasun ugari, beraz, baina ez festak urteurren biribila ospatzen duelako, baizik eta urtetik urtera, «zaleei onena eskaintzeko asmoarekin», edizioa ekintza berriez hornitzen dutelako. Hori da bultzatzaileen filosofia. Horrek egin du agian, neurri handi batean, jaiak jarraitzaileak gehitzea etengabe, herritik bertatik nahiz kanpotik gerturatutakoak. Bego Gangoiti Turismo teknikariak GARAri azaldu dionez, herrian dagoeneko ohitura bilakatu da, ia derrigorrezko hitzordua.

Kontsumoari indar berezia emango diote aurten, bai arrain freskoari bai kontserbei dagokienez. Eta arrantzatu berri diren produktuen inguruan dagoen ustea, alegia, arraina garestia dela, gezurtatu nahi dute. «Legatz kiloa 3 euroan egon da. Sasoian sasoikoa kontsumitzen badugu, barazkiekin gertatzen den bezala, ez dugu zertan asko gastatu», defendatzen du.

Zaporean goxoa dela ere azpimarratu nahi dute, eta ideia hori bereziki umeei zuzenduta dago, askotan arraina astuna edo aspergarria egiten baitzaie. Produktu berbera modu ezberdinetan kozinatzen ikasten badugu, aukera mordoa ematen dizkigula gogorarazi du Gangoitiak.

Horretarako egingo dituzte gaur, bihar eta igandean «Sukaldaritza zuzenean» saioak, 12.00etatik 14.00etara. Bermeoko Lanbide Hastapenak antolatuta, gaur familian egunero arraina zelan prestatu ikusi ahal izango da, bihar lagun artean nola egin eta igandean umeei zuzendutako errezeta erraz eta erakargarriak nola prestatu ikasteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Haurrak hezteak duen garrantziaz ohartuta, MercaBilbaok gaur eta bihar arrainen ezaugarriak erakusteko zentzumen-tailerrak eskainiko ditu, 12.00etatik 14.00etara. Horietan ikasleak arrainarekin harremanetan jarriko dira eta zentzumenak erabiliz jaki horren ezaugarriak ezagutuko dituzte.

Arrain freskoa aipatu dugu orain arte, baina ezin ditugu kontserbak ahaztu, produktua kontsumitzeko beste modu bat baitira. Sektoreko enpresek ere Arrain Azokan parte hartuko dute, Bermeoko kontserben dastatze saio didaktikoa antolatuz. Bertan, hegalabur eta hegaluzearen arteko desberdintasunak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. Gangoitiak azaldutakoaren arabera, kontserbak oso baliagarriak dira, esaterako, nerabeak sukaldean sartzeko, askotan suaren arriskua ekiditeagatik ez baitzaie bertan aritzen uzten. Aitzitik, «atun lata bategaz afaria prestatzeko gai dira».

Itsasontzian irteerak

Ekintza horiez gain, aipatu behar da hogei erakustoki egongo direla azokan, non enpresek eta erakunde ezberdinek euren produktuak eskainiko dituzten dastatzeko eta erosi ahal izateko.

Halaber, arrain salmenta simulazioak eta, «Hegaluze» itsasontzian irteerak ere egingo dira. Zehazki, Elantxobera bihar eta igandean (12.00) eta Gaztelugatxera bihar (18.00).

Igandean amaituko den XX. edizioa gaur bertan hasiko dute, 13.00etan. EuskoTrenek zerbitzu bereziak jarri ditu, baina autoz joaten denak jakin dezala Erroxape Kaian, Poligonoranzko bidean eta Udal Azokako parkingean aparkatzeko aukera egongo dela.