Maider IANTZI

Markina-Xemeingo Okela Egunak arnasgune bat eman nahi die bertako nekazariei

Okela Egunaren bigarren edizioa egingo dute bihar Markina-Xemeinen, egungo egoera latzean nekazariei arnasgune bat eskaintzeko asmoz. Bide batez, garai batean txahala errez ospatzen zen egun seinalatua oroituko dute, hori bai, txahalaren ordez bildotsa banatuz.

Egun eder bat pasatzeko aukera izan daiteke bihar bigarrenez ospatuko den Markina-Xemeingo Okela Eguna. Hala ere, Alex Zenarruzabeitia antolatzaileak nabarmendu duenez, ez dute «folklore hutsean» gelditu nahi. Jai hau herritarrentzako erakusleiho bat izan dadin saiatuko dira, «elikatzeko alternatibak badaudela» jakiteko. Nekazarien eta jendearen arteko erlazio zuzena ere sustatuko dute.

Zenarruzabeitiak GARAri adierazi dionez, gaur egun «multinazionalen esku» dago gure elikadura eta nekazariei zaila egiten zaie beren produktuei irtenbide bat ematea eta bizirautea. Okela Egunaren antolatzaileek badakite egun batekin ez dela aski, baina baserritarrek kontatuta dakite ze etekin ateratzen dioten halako azoka bati eta zein garrantzitsua den eurentzat. Horregatik, udazkenean ospatzen den azokari udaberrikoa gehitu diote.

Hogeita lau bildots erre

Bestalde, garai batean, urtarril edo otsail aldera egun seinalatu bat izaten zen Lea-Artibaiko herri honetan. Txahal bat erre eta denen artean jan, ez zen besterik egiten, baina egun ona izaten zen. Gerora, ohitura hori galdu egin zen eta Okela Egunarekin nolabait berreskuratu egin dute, nahiz eta txahalik ez erre, bildotsa baizik. Iaz ospakizun honekin hasi zirenean 20 arkume erre zituzten eta berehala agortu ziren pintxoak. Hori ikusita, 24 prestatuko dituzte, herriko artzainenak. «Hobeto sobratzea falta izatea baino!», dio Zenarruzabeitiak. Hala, bi elementuak (azoka eta bildots erretzea) batuta jaio da jaia.

Orotara, hamabost postu jarriko dituzte Plazabarripean. Nahita mugatu dute kopurua. «Jende askok deitu digu eskualdetik kanpo eta ezetz esan diegu, herrikoei eman nahi diegulako lehentasuna, eta hauen faltan, eskualdekoei».

Eguerdian, Euskal Border taldeak artzain txakurren erakustaldia eskainiko du, eta arratsaldean, zesta punta partidez gozatzen ahalko da. Amaitzeko, Kupelarekin erromeria, Alde Zaharreko gune berezi batean, lehen udaletxea zegoen lekuan.

Antolatzaileek jende guztia gonbidatu eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete.