GARA

Uriarteren hitzak doako Haurreskolen bidean doaz sindikatuentzat

LABek eta ELAk Haurreskolak doakoak izatea aldarrikatu zuten agiri banatan, eta bide horretatik doaz, beraien ustez, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak EH Bildu talde parlamentarioari erantzunez esandako hitzak. Agerraldi horretan, 2015-2016 ikasturteari begira familiek ordaintzen duten kuota sistema aztertuko dutela adierazi zuen, familien diru sarrerak kontuan hartuz.

Zerbitzu publikoa eta doakoa izateko «urratsak egiteko ate bat zabaltzen zaigu eta Uriarteren hitzak errealitate bihurtzeko jasoko ditugu», idatzi zuen LABek. «Serio eta zintzo» jokatzeko eskatu zion Uriarteri. ELAk ere «lehen pausotzat» hartu zituen hitzok, eta 0-2 urte arteko hezkuntza «erabat doakoa eta unibertsala» izateko borrokan segituko duela baieztatu zuen.