Jon ORMAZABAL
Buruz Buruko txapelketa

Belaunaldi baten defentsa

Martinez de Irujok bere zortzigarren finala bilatuko du gaur, Bilbon; Mikel Urrutikoetxeak, aldiz, lehena.

Bere ibilbide oparoko Buruz Buruko txapelketako zortzigarren finala bilatzeaz harago, belaunaldi baten defentsa egokituko zaio gaur Juan Martinez de Irujori Bilboko Bizkaia pilotalekuan Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko duen finalerdian. Irujok berak, Aimar Olaizolak, Xalak, Barriolak, Bengoetxeak eta abarrek osatzen dutena aspaldian egon den pilotari belaunaldirik oparoena izan daitekeela esateak arriskurik baduen arren, gutxitan egongo zen horrenbeste goi mailako pilotari batera kantxetan. Denak du hasiera eta bukaera, ordea, eta 25 urteko Mikel Urrutikoetxeak garaipena eskuratuko balu, atzetik datorren belaunaldiak bere lekua eskatzen duela esaten has gintezke, beste finalerdian ziurra baita finalista berri bat izango dugula, bai Julen Retegik irabazi bai Mikel Idoatek egin.

Orain hamar urte Juan Martinez de Irujok Manomanistara iraultza ekarri zuenetik, final bakarra egon da, 2008an Bengoetxeak eta Barriolak jokatutakoa, berak edo Aimar Olaizolak jokatu ez dutena, eta bostetan aritu dira Goizuetakoa eta Iberokoa elkarren aurka txapelaren bila. Egungo txapelduna txapelketatik at, Aspeko pilotariari dagokio euren estatusa defendatzea, nahiz eta oso gutxi izango diren datorren urtean ere, Irujo bera edo Aimar Olaizola faborito nagusiak izango direla zalantzan jartzen dutenak.

Belaunaldi aldaketaz hitz egitea gehitxo izan daitekeen arren, Mikel Urrutikoetxeak sekulako aukera dauka betidanik izan duen manomanista sen hori berretsi eta bere ibilbideko lehen final handirako sailkatzeko. Zaratamokoak eman ditu dagoeneko zenbait pauso eta banaka, birritan, eta binaka, aurten, lortu du finalerdietara heltzea, jauzirik zailena falta.

Zalantzak

Zalantzak zalantza, Martinez de Irujo da gaur arratsalderako faborito garbia. Hori bai, bere ezker esku hori nola dagoen ikusi egin behar. Mikel Beroizen aurka, orain hamabost egun, Iberokoaren erremintak ez zuen behar behar bezala amaitu eta bi aste pasa omen ditu pilotarik ukitu gabe. Mikel Beroizen aurkako lehia momentu guztian kontrolatua izan zuen, baina Urrutikoetxeak beste kolpe bat dauka eta ikusi egin beharko da nahikoa ote zaion irabazteko.

Inolako arazo fisikorik gabe dagoen arren, Mikel Urrutikoetxeak ere sortzen du zenbait zalantza. Izan ere, Zabaletaren aurka jokatu behar zuen partida bertan behera geratu zenez, partidarik jokatu gabe sartu da finalerdietara eta debuteko lehen lehia hori beti izaten da zaila.