Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Alternatibak senda gaitzan

Eredu honen baitan jokatzen jarraituta, galtzailearen patua egokitzen jarraituko zaigu. Ez dagoelako ez sendotasunik, ez berreskuratzerik, eta irabazterik ere ez, neoliberalismoaren joko arauetan

Egunotan Jesus Pastor Garcia Brigos pentsalari kubatarra izan da gurean. Aitortzen dut haren hitzak entzutean, konplizearen gertutasuna sumatu dudala eta horrekin batera, tarteka, ekidinezina den kodigo ezberdintasun nabaria. Leku eta errealitate ezberdinetan bizitzearen albo-kalteak. Eredu sozialista baten baitan bizi den pertsona gutxi ezagutu dut eta normala den bezala, horrek diferentzia sortzen du. «Ustedes en occidente sufren un nivel de dominación muy elevado», halaxe esan dit une batean. Eta orduan pentsatu dut halaxe ikusiko gaituztela sozialismoaren herrialdean bizi direnek, dominazioaren gaitzak jota bizi garen izaki gaixoak bezala. Arrazoirik ez du falta.

Gaixorik gaude. Eta ez da harritzekoa gaitzak jota egotea, goizean esnatzearekin batera EAEko lehendakariaren adierazpenak entzuten baditugu. Ekonomiak %1eko hazkundea izango omen du. 5.000 lanpostu berri sortuko omen dira. Gurea -EAEkoa- ekonomia sendoa omen da. Bitartean, irrati esatariak dio Rajoyren gobernuak lan erreforma berria onartuko duela. Eta sendagaien prezioa %21 igoko dela.

Ez al da ulergarria gaixorik egotea? Halako logale orokortuaren erdian eskertzen da Warren Buffett ultra-aberatsaren esaldia: «Noski dagoela klase gatazka, eta aberatsok ari gara irabazten»; esnagarria izan ohi den xiringaren antzera, hilgarria suerta liteke dosi handitan hartuz gero. Eredu honen baitan jokatzen jarraituta, galtzailearen patua egokitzen jarraituko zaigu. Ez dagoelako ez sendotasunik, ez berreskuratzerik, eta irabazterik ere ez, neoliberalismoaren joko arauetan. Kuban kapital pribatua sartuko dute beharrezkoak dituzten produktuen ekoizpen prozesuetan. Joko arauak eurek jarriko dizkiete kapitalistei. Ikusteko dago zer ematen duen neurri horrek, arriskutik salbu ez daudela jakinik.

Mendebaldeko jendarte kaltetu honetan aldiz, gu geure bidea egitera behartuta gaude. Trantsiziozko proposamenen bidez, ezinbestean. Neguko palazioa asaltatuko ez badugu, benetako proposamen bideragarriak eginez, bederen. Kapitalismotik kanpo geratuko den eredua sortzeko. Zentzu honetan, interesgarria da Jordi Garciak eta Jordi Viak Kataluniarako proposatzen duten eredu postkapitalistaren ideia. Prozesu soberanista aurrera doan heinean, etorkizuneko eredu berriaren eraikuntzarako proposamena luzatzen dute «Economía solidaria per a una Catalunya lliure» liburuan. Nahi duenak sakondu dezala gaian, baino oro har gaur existitzen diren dimentsio ekonomikoak integratuko dituen prozesuaz hitz egiten digute: sektore pribatuari mugak jarriz eta baldintzak birnegoziatuz -joko arauak erradikalki eraldatuz-; sektore publikoa birpentsatuz, baliabideen nazionalizazioa baino askoz harago joango diren behetik gorako politika publikoak egiteko. Eta horrekin batera, gurean gero eta gehiago sendotzen ari diren ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparrua antolatzeko, logika kapitalistatik kanpo geratzen den esparrua zaindu eta bultzatuz.

Guztia daukagu egiteko oraindik. Galtzaile atera ez eta prozesu eraldatzaileen bidez osatzen joateko. Jota gaituen gaitzetik libratzeko.