Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

«Lifting»-ak eta giharra

Borroka politikoan «hegemonia» terminoa modan dagoen honetan, hori eraikitzeko eta indartzeko ezinbestekoa da gihar politiko indartsua izatea herriz herri eta auzoz auzo lanean

Munduko hiritarrak identifikatuta sentitzen diren metropoliak postaletakoak dira. Finean ezlekuetan hazitako ez-identitateak baitira munduko hiritarrenak. Errealitatean, guztiak du sustrai bat, substratu bat. Denok gatoz nonbaitetik, nahiz eta nora goazen ez jakin. Mikel Laboaren kantak aipatzen zuen zilborrestea ez baita uste duguna bezain hauskorra.

Hiri modernoek ere, postalez aparte, badituzte bestelako argazkiak. Lehen bistara ezkutuan geratzen direnak beharbada, baina hor daudenak, bizi-bizi. Erauzi nahi izan diren elementuak izaten dira, identitate berri bat eraikitzea lego pieza batzuk desmuntatu eta konbinazio ezberdin batekin muntatzea balitz bezala.

Ezagutzen dugu Bilbo. Gazteak izanik ere, ikusi dugu eta sentitu dugu Bilboren eraldaketa mirarizkoa. Eraldaketa ez da, ordea, estetika hutsa izan. Lifting-a baino zerbait gehiago egin nahi izan da tailer zaharrak bota eta museo modernoenak eraikitzearekin batera. Identitate zehatz bat ezabatu nahi izan da. Identitate herritarra, oinarrikoa, langilea, kolektiboa.

Baina ez dira horren erraz desagertzen. Bartzelonan ere antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke. Postaletatik aparte bada mugimendu herritar bizia. Postaletako Bartzelonaren antitesia den Bartzelona. Zer gertatzen da hor?

Bat-batean, Udala, zentro okupatu bat eraistetik, berau berreraikitzera pasa da. Can Vias-ez ari naiz, noski. Aste honetan bertan izan gara brigadatxo bat. Lifting operazio bat geratu eta Udala berriz ere berau berreraikitzera behartu duen herri mugimendu indartsua ikusi baitugu bertan.

Ez da kasualitatea. Can Vias dagoen Sants auzoa langile tradizio handikoa baita, tradizio kolektibo eta kooperatibista handikoa. Eta hain justu, egungo gazte belaunaldiak ezkutatuak nahi izan diren elementu identitario indartsu horiei heldu eta belaunaldi guztiak lotzen dituen errelato potente bat osatzeko gai izan dira.

Errelato horri helduta eraiki duten sentimendu kolektiboari esker, gai izan dira espiritu kooperatiboaren oinarrizko balioak berreskuratu eta Can Batlló bezalako proiektutzarra martxan jartzeko. Hamalau hektareako pabiloi industrial hutsak eurenganatu eta herriaren esku uztea lortu dute, Udala (beste behin ere) lursaila zesioan ematera bultzatuz.

Eta bada bidaian ikusi dugun beste esperientzia deigarri bat ere. Sabadelleko PAH mugimenduak lortu duena. 1.800 etxegabetze baino gehiago geratu eta 1.300 etxebizitza baino gehiago okupatu dituzte oinarrizko eskubide hori bermatu ahal izateko. Sekula politikoki ezertan aritu ez den ehunka lagun (gizon, emakume, heldu, etorkin, gazte...) militante sentitzen dira orain eta etorkizunean borrokan jarraitzeko prest daude.

Honek guztiak gogorarazi digu borroka politikoan hegemonia terminoa modan dagoen honetan, hori eraikitzeko eta indartzeko ezinbestekoa dela gihar politiko indartsua izatea herriz herri eta auzoz auzo lanean. Eta gogorarazten digu sarri moteltasunera garamatzaten eztabaida ideologikoak baztertzen jakin behar dela, herria ahaldunduko duen praktika politikoari lehentasuna emanaz.