23/06/2014

Ixabel Etxeberria
Irakaslea
Bai, baina ez !

Bai, ogia eta zirkua, aste honetako menua; bai, ez da futbola faltako... haatik, denentzako ez da ogirik izango!

UMP alderdiak gardentasunari garrantzia handia eman izan dio; hauteskunde garaietan ez zuen arazo handirik bere kontuekin. Sarkozy presidente bihurtzeko antolatu zuen kanpaina arte. Hor, kanpainako kontuak atzera bota zituzten eta sei milioi euro itzuli behar izan zituzten gardentasun eskasarengatik, eta poliziaren ikerketaren ondotik iruzurra azaleratua izan zen. Geroztik, astero diru nahasketa berriak agertzen ari dira UMPren inguruan, sekulako iraultza sortuz alderdian, alderdiko buruen artean kalapitak ekarriz. Hain indartsua zen alderdia, bai, baina gaur egun ez, pikutara erortzen ikusten baitugu, egunero pixka bat gehiago.

Trenbideetako langileek greba luzea hasi dute, pribatizazioaren bezperan. Egunero telebista greba gutxiesten ibili da; alta, ausardia izan behar da gaur egun lanaren uzteko, protestatzeko, mani- festaldiak antolatzeko, langileen borrokak kritikatzen direlarik ezkerrekoa den gobernu batetik. Langileak lan duin bat, zerbitzu duin baten alde ari direlarik. Urte guztian bezeroak dira trenbide erabiltzaileak enpresako nagusientzat, greba denboran erabiltzaile hutsak bihurtzen dira, grebaren biktimak! Alegia, nagusien eta telebistaren helburua dela erabiltzaileak grebalarien kontra jartzea.

Arrazismoa, frantses gizartean ez da gehiago estaltzen. Darius 16 urteko errumaniarra, hamar bat pertsonaren artean eraman eta xehatu dute, koma egoeran utzi dute. Gauean aurkitu dute. Neurriak hartzen dituztela diote errumaniarren kontrako jarrera arrazistak emendatzen direlarik. Baina ez, egoera okertzen baitoa.

Ibon Fernandez Iradiren presondegiratzea gelditu behar dela diote, aitortzen eta ezagutzen dute bere egoera, baina beste arazo batzuk jartzen dituzte tartean eta ondorioz ezin du atera. Ez daki noiz atera daitekeen. Bitartean dagoen egoeran preso jarraitu behar du, horrek dituen ondorio guztiekin bere osasunarentzat. Bai, baina ez!

Zortzi mila jende Baionan, preso, iheslari eta deportatuen alde. Tokiko arduradun politiko guztiak bertan. Haatik, ez da deus mugitzen, ez dakigu zer argazki behar duten Parisen urrats zerbaiten egiteko. Bretainian mobilizazioen erdiekin erreakzioak dituzte. Hemen, gizarte osoak konponbidearen alde egiten duelarik, ez da deus gertatzen.

Arazoak metatzen ikusten ditugu, Parisetik aterabiderik ez da etortzen. Ezkerreko, hobeki errateko, Alderdi Sozialistako politikariengandik entzun daitekeen kezka bakarra da datozen presidentziarako bozetan Marine Le Pen presidente atera daitekeela, horren aurka zerbait egin behar dela. Bigarren itzulian ezkerreko hautagairik ez izatea da haien beldur handiena, horrek Alderdi Sozialistaren desagerpena iragarriko lukeelako. Beste kezkarik ez da entzuten, azken finean, alderdi baten elitearen arazo hutsa! Ez da hau gizarteak behar duen gogoeta, bere langabezia eta pobrezia arazoei erantzuteko bidea.

Bai, ogia eta zirkua, aste honetako menua; bai, ez da futbola faltako... haatik, denentzako ogirik ez da izango!