Patxi Alaña Arrinda
Iberba aholkularitza
GAURKOA

Euskararen erabilera: estrategia aldatuko al dugu behingoz?

Bizitzaren edozein eginkizunetan nola gabiltzan jakiteko adierazleak behar izaten dira. Euskara zelan doan jakiteko ditugun adierazle nagusietan argi gorriak piztu dira, baina, antza, batzuek ez dute horretaz konturatu nahi. Argi gorrien aurrean, norbanakoek, euskalgintzak, erakundeek eta administrazioek beste estrategia bat taxutu beharko genuke lurralde politikan, kontsumo ohituretan, euskalgintzaren trinkotzean, irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean, mundu sozioekonomikoan, eta abarrean, baina lehengo jokamolde zaharkituekin jarraitzen dugu.

Euskararen erabilerari buruzko datu oso kezkagarriak jaso genituen 2012ko uztailean: Euskararen Kale Erabileraren eta V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 20 urteotan lehenengo aldiz, geure hizkuntzaren erabilerak atzera egin du: Bizkaian %10etik %9ra; Araban, Nafarroan eta Iparraldean beherantz, baita hiriburu guztietan ere. Albiste on gutxi: Gipuzkoan -Donostian izan ezik- eta eremu formaletan (administrazioetan...) erabilerak gorantz egin du. Une honetan euskararen kale erabilera %13an dago eta Unescoren arabera, irauteko, gutxienez %33an egon beharko luke.

2012ko udan agertutako datu horiei buruz, bitxia bada ere, ez zen iritzirik azaldu baina, oraingoan, Jaurlaritzak orduko datuak berriro plazaratu dituenean, zorionez, eztabaida txikia egon da. Dena den, eztabaida hori egin behar dugunari buruzkoa izan beharrean datuei buruzkoa izan zen. Hala ere, nahiz eta datuak oso kezkagarriak izan, Jaurlaritzak datozen urteotarako duen hizkuntz politikan zein Kontseiluak egindako plan estrategiko berrian ez dago aldaketa estrategikorik eta azken bi hamarkadetan bezala jarraitzen dute. Edo hobeto esanda okerrago, alde batetik, administrazioek normalizaziora bideratutako dirua etengabe gutxitzen jarraitzen dutelako (2010etik hona Jaurlaritzak -%12, Aldundiek -3,5, hiriburuetako udalek -%16, udalek -%3 eta Nafarroako Gobernuarena hutsaren hurrengoan dago), eta, bestetik, Kontseilua osatzen duten erakundeetan proiektu eta ikuspegi berririk ez dagoelako eta krisiarekin egoera ekonomiko larriagoan eta irauteko zailtasunekin daudelako.

Argi dago orain arte abian jarritako politikek eta estrategiek onura asko ekarri dituztela, horiek egin ezean egoera askoz tamalgarriagoan egongo ginatekeelako; baina, ozenki esan dezagun, ez direla nahiko izan eta gauza asko aldatu behar ditugula gauden egoeran eta ditugun baliabideekin euskarak atzerago egin ez dezan. Eta zer aldatu?

Erabileraren ziurtagiri bakarra. Bai Euskarari ziurtagiria egonda, Bikain ziurtagiria sortzea ez zen erabaki egokia izan. Ziurtagiri bakarra behar dugu, oraingo Bai Euskararik eta administrazioek (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EEP) kudeatuta eta Euskal Herri osorako. Ziurtagiri bakar horrek bi maila egiaztatu beharko lituzke: batetik, zerbitzua euskaraz ematen dela ziurtatzea eta, bestetik, zerbitzua eta lana geure hizkuntzan egiten dela. Ziurtagiri hori doakoa izateaz gain, lehenengo mailakoa eremu guztietara zabaldu beharko genuke: udalak, aldundi eta gobernuetako sailak, enpresa publikoak, ikastetxeak, elkarteak, kirol jarduerak, diru laguntzak jasotzen dituzten eta administrazioetako hornitzaileak diren enpresa eta erakunde guztiak... Bestetik, administrazio atal askotan, ingurune euskaldunetan eta hainbat sektoretan, arnasguneak sortzeko, bigarren maila zabaldu beharko litzateke.

Lurralde politika. Herrialdeetako hiriburuak eta eskualdeetako hiri nagusiak historikoki erdalduntze prozesuaren indarguneak izan dira. Azken urteotan, inbertsio gehienak hiriburuetan egin direnez, metropolizazio prozesua areagotu da, euskara gehiago zokoratuz eta ingurune euskaldunen arnasguneak desegituratuz, baliabide eta proiektu berririk ez edukitzeagatik. Mondragon Taldearen deszentralizazio ikuspegiari esker (lantegiak, unibertsitatea... eskualde desberdinetan kokatuz) prozesu hau nolabait leundu da. Roberto Manjonek dioen moduan, lurralde politika hizkuntz politikaren eragile nagusia da eta, zoritxarrez, erabat kontra dugu, AHT esaterako. Lurralde politika errotik aldatu behar dugu eta egitura eta enpresa berriak ingurune euskaldunetan kokatu behar dira, euskara normalizatu nahi badugu. Beste adibide bat: gure herri txiki askotan, 20-30 etxebizitza berri egin, herritik kanpoko jendea etorri eta giroa erabat erdalduntzen da. Horrelako gauzak zaindu behar ditugu erdaldunak integratzeko dugun gaitasuna baxu-baxua delako.

Euskalgintza soziala trinkotzea. Administrazioetatik kanpo, ezinbestekoa da euskalgintza soziala indartzea eta zabaltzea. Kontseilua sortu zenean bazirudien horretarako tresna izango zela, baina elkarte euskaltzale gisa jardun du batik bat, eta ez zerbitzuak gero eta hobeto eta gero eta gehiago eskaini behar dituen enpresa talde gisa. Euskalgintzako enpresa eta erakundeek kohesio antolatzaile, ekonomiko eta estrategikoa behar dute, Mondragon Taldearen hasieran bezala, sinergiak lortu eta zerbitzu berriak eskaini ahal izateko. Horretarako, noski, alderdien menpekotasun guztiak alboratu behar dira.

Elebitasunetik euskaraz bizitzera pasatzea eta lehentasunezko hizkuntza izendatzea. Kontzeptuak argi izateak helburua lortzen laguntzen du. Azken hamarkadetan «elebitasuna» erabili izan da hizkuntza politikaren oinarri gisa baina, kontzeptu honen barruan tokian tokiko hizkuntzaren ordezkatze prozesua ere barne sartzen denez, ez da egokia. Diskurtsoa argi eduki behar genuke denok, administraziotik hasita: euskaraz bizitzea ahalbideratzea, erdaraz bizitzea aspaldi ahalbideratuta dagoelako. Kontseiluaren «Euskaraz bizi nahi dut» ildo horretatik doa eta oso egokia da. Horrez gain, geure hizkuntzak lehentasuna izan behar du, eta horretarako, esparru eta komunikazio guztietan lehentasuna nola emango diogun zehaztu beharko genuke. Bi urrats hauek -euskara lehentasunezkotzat hartzea eta euskaraz bizitzea ahalbidetzea-, Joxe Manuel Odriozolak euskal nazionalismoari faltan sumatzen dion euskal kulturaren eta hizkuntzaren zentralitatea berreskuratzeko urrats adierazgarria lirateke.

Aurrekoez gain, beste gako estrategiko asko ditugu: Ingurune euskaldunetarako hizkuntz politika berezia egitea, eleaniztasuna arlo guztietan zabaltzea gaztelera eta frantsesarekiko menpekotasuna gutxitzeko, euskara hizkuntza komuna dela ikusteko Iparralde-Hegoalde arteko trukeak, bizkaiera eta Iparraldeko euskalkiei gutxieneko esparrua ziurtatzea, finantzazioa hobetzea, elebitasun pasiboa 30 urtetik beherakoekin aplikatzea, ekimen sozialeko euskalgintza babestea, immigrazio politikan eragitea, Kontseiluaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arteko elkarlana egotea...

Estrategia berrian, arloz arlo orain arte egindakoa berrikusi eta ekimen berriak jarri beharko genituzke, hala nola irakaskuntzan (euskaradun eredu eleanitza), familiaren transmisioan, euskaltegietan (euskaltegi txekea), administrazioan (zerbitzua euskaraz bermatzeko ziurtagiria eta soldata politika...), sozio-ekonomian (Hizkuntza Eskubideen Dekretuaren isunak berreskuratzea eta establezimendu berriei ezinbestean exijitzea, ingurune euskaldunetan aplikatzea...), gazteak (tailerrak, Iparralde-hegoalde trukeak...), kultura (gutxienez BEZ osoa kulturari itzultzea, musika, antzerkia, literatura... gehiago laguntzea, euskarazko testuetarako gutxieneko sormen indizea lortzea...), norberaren esparrua (denok eguneroko praxi linguistikoa hobetzea...).

Txillardegik zioen moduan, dugun ezagutza apalarekin erabilera proportzioz handia da, atxikimendu handia dagoelako. Unescok dioenaren arabera, gure biziraupena iluna bada ere, denon artean bat eginik aurrera aterako dugu. Euskalgintza, Administrazio, enpresa, erakunde eta euskaltzaleen arteko biltzar handi bat egin beharko genuke, Euskararen Biltzarra, denon iritzi eta beharrizanak kontuan hartuta, diagnostikoa eta datozen 10 urteetarako estrategia adosteko. Emaitzekin gustura ez bagaude, gauza ezberdinak egiten hasiko al gara?