Jon GARMENDIA
Idazlea
Udate

Kontra

Tximeleta bat kazkabar artean, udaberriko azken ekaitzaldiak erauntsiaren erdian harrapatu duenean, sigi-sagan hegaka, fisikako legeen kontra eta naturak marraztutakoen alde, halatsu sentitzen zara batzuetan. Zu ez baitzaude ados, eta adierazi egin behar duzu, edo alde zaude, batez ere beste guztiak aurka daudenean. Halakoetan kulunkatzen zara zorionaren besoetan, eta nortasunaren zortea lagun duzula sentitzen duzu, ausardia dela zure adiskide maitea, edozein bide ibiltzera animatzen zaituena. Plazera ukaiten baituzu berezko izaera hori erakusteko gai zarela ulertzen duzunean, zure berezko marka edo identitate zeinu bailitzan. Baina arraro samarra bilakatzen zara besteentzat, aspergarri moduko, nehoiz kontenta ezin den pertsona bat. Guztiari kontra egin beharrak eramaten zaitu horretara, hori aitortuko diozu zure zu bakar horri, erdi egiak eta gezur erdiak uxatu ondotik, benetan hitz egiteko gaitasuna ageri diozun bakar horri. Iturria ireki eta ura nola joaten den, bere kasa, zu ere errazago ibiliko zinatekeela gehiengoarekin bat egingo bazenu. Maiz pentsatzen duzu hori. Arrazoiak ez direla arratsalde sargori bati ortzadar batzuk eskatzea bezala.

Ideiak ez direla bat-batean kontrako hormatik ehunka pitzadura agertu eta haietatik zerura iristeko eskailera bana lortzea bezala. Zerbait gehiago dela, hori, ongi ikasia duzu, bai; lortutakoan, zerbait gehiago bilakatuko den zerbait gehiago bezala. Eta izango da dantza, liburu, filma edo pertsona, iraganeko edo etorkizuneko, zuk, zure iritzia ematen segituko duzula, orain; kontrako bakar bat zure alde jarriko den arte.