GARA DONOSTIA

Maider Arregi oñatiarrak jantzi zuen txapela Eskolarteko Bertso Txapelketako finalean

Maider Arregik irabazi zuen larunbatean Orioko Karela kiroldegian jokatu zuten Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketako finala. Goizeko 11.00etan hasi zen emanaldia, Beñat Gaztelumendi aurkezle zela. Guztira, hamaika bertsolari aritu ziren, 15 eta 18 urte artekoak. Adin horretatik beherakoak, berriz, ez ziren lehiatu, bertsotan aritu baziren ere.

Parte hartzaileek bertsoaldi oso eta biziak eskaini zituzten eta, azkenean, Maider Arregi oñatiarrak jantzi zuen txapela (Maialen Lujanbiok jarri zion). Txapeldunordea Azkaineko Aitor Servier izan zen (Patxi Etxeberriak eman zion saria, eta ondoren bertsoa eskaini zion publikoari). Hala ere, hamaika bertsolariek izan zuten saria. Izan ere, aurten lehen aldiz ospatuko dituzte Bertso Negulekuak, Gabon garaian, eta bertan parte hartzeko aukera izango dute gazte guztiek.

Finalaren ostean, denek elkarrekin bazkaldu zuten Orioko aterpean, eta arratsaldean bertso eskoletako ikasleek kantatu zuten. Lujanbiok eta Etxeberriak eman zioten hasiera saioari, librean kantari. Ondoren Orioko, Larrabetzuko, Oñatiko, Barañaingo eta Zarauzko ikasleak jardun ziren. Festari amaiera emateko Obaneuke taldearekin erromeria izan zen.