GARA DONOSTIA
UDATE BETE

Intxaurrondotar guztiak biltzen dituen umorezko antzezlana

Intxaurrondon ez dago intxaurrik. Sagasti Eder plazan ez dago sagarrik. Nondik datoz izen horiek? Galdera horri erantzuna emanez antzezlan bat prestatu dute Donostiako Intxaurrondo auzoan gaur arratsalderako.

Emanaldia Intxaurrondo Egunaren III. edizioaren barruan eskainiko dute. Izan ere, 2011. urtea amaitzear zegoela kultur etxe berria zabaldu zuten auzoan, eta irekiera hura ospatzeko herritarren lankidetza eskatu zuten. Bilerak egin zituzten eta auzoen arteko kohesioa lantzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten. Horrela, urtebete geroago, Larrotxene kultur etxearen 25. urtemugarekin bat eginez, I. Intxaurrondo Eguna ospatu zuten.

Auzoaren kohesioa lantzeko helburuarekin, egun haren antolakuntzarako bi oinarri zehaztu zituzten. Alde batetik, ibiltaria izango zela, eta bestetik, auzoko eragile guztiak elkarlanean jarriko zituztela festa egun horren balioa indartzeko asmoz.

Aurtengo hirugarren edizioa gaur ospatuko dute egun osoan zehar Sagasti Eder plazan eta Kaldero Jaun festekin egiten du bat. Ohikoak diren marmitako lehiaketaz eta herri bazkariaz gain, bi berrikuntza gehitu dizkiote ospakizunari. Bata, auzoaren bisita gidatua, auzoko leku garrantzitsuak ezagutzeko eta horien historiaren berri emateko; eta bestea, Koldo Izagirrek idatzitako eta Eneko Olasagastik zuzendutako antzezlanaren emanaldia.

Granadatik asto gainean

«Sagasti Eder printzesa eta Granadako Boabdil» da espresuki ospakizunerako prestatu duten antzezlana. 18.30etik aurrera eskainiko dute umorez betetako istorioa. Jaiak direla-eta, Metro Donostialdeari esker, bisitari ugari gerturatuko dira auzora. Geltokian sukaldari bat izango da osagarri garrantzitsuena falta zaien plater zaporetsuak prestatzen; intxaurrik gabeko intxaur saltsa, sagarrik gabeko sagar tarta... izan ere, Intxaurrondon ez dago intxaurrik eta Sagasti Ederren ez dago sagarrik! Giroa plazan zehar zabaltzen den bitartean Granadako Boabdil erregea azalduko da Intxaurrondoko «arazoak» konpontzeko intentzioarekin.

Erregearen jokaera ez da emakumeen gustuko izango eta Sagasti Eder printzesaren amazona nafarrek kontra egingo diote. Komedia guztietan bezala, istorioa ondo amaituko da, festa handi batekin. Nahiz eta istorio arina izan, gaurkotasunezko gaien inguruko gogoeta nahiz barre algarak egiteko balioko du.