Xole ARAMENDI DONOSTIA

Laboak Lekeitiorekin zuen lotura dantza bidez agertuko du «ItsasLaboa» ikuskizunak

Duela hiru urte Joseba Sarrionandiarekin egin bezala, Mikel Laboak Lekeitioko herriarekin zuen harremana erakutsi nahi izan du Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak bere 25. urteurrenean. Musika eta dantza uztartuko dituen «ItsasLaboa. Txoriak: Zoroen Itsasoa» ikuskizuna da jaialdiak Dantzaz konpainiari egindako enkarguaren emaitza. Isuntza hondartzan, itsasoa atzeko oihaltzat hartuta, estreinatuko da datorren uztailaren 11n eta 12an.

Mikel Laboak hiru urte eskas zituen Lekeitiora iritsi zenean. 1936. urtea zen, gerratik ihesi zihoan ama eta sei anai-arrebekin batera. Bertako baserri bat izan zuten gordeleku. Oroitzapen ederrak zein zorigaiztokoak zituen musikariak. Itsas portuan aditutako hitzak, bertako biztanleen oihuak, betirako iltzatu zitzaizkion oroimenean -«Lekeitio» diskoetan islatu zituen- baina zoritxarrez, bonbardaketa abioiak baserri gaineko zerua zeharkatzen ere entzun zituen. Halaxe kontatu zuen atzo Donostian egindako agerraldian Imanol Agirrek, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak.

Itsaso zabala atzeko oihaltzat hartuta, Isuntzako hondartzan ikusiko du argia lehen aldiz «ItsasLaboa. Txoriak: Zoroen Itsasoa» koreografiak. Guztira hamalau dantzari arituko dira hondar gainean Josu Mugikak prestatutako koreografia dantzatzen, Laboaren musika lagun dutela.

Mugikak berak aukeratu ditu hain ezagunak diren Laboaren kantuen zatiak eta Iñaki Salvador musikaria arduratu da ikuskizunaren «soinu banda» harilkatzeaz.

Atzo Donostian egindako agerraldian dantzariek ikuskizunaren zatitxo bat eskaini zuten Kontxako hondartzan. Imanol Agirre, Josu Mugika eta Iñaki Salvadorrekin batera Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea eta Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiaren zuzendaria izan ziren bertan. Denak pozik agertu ziren. «Lekeitio kultur kaia izan da azken 25 urteotan eta etorkizunean ere hala izaten jarrai dezala nahi dugu. Kultur kaia, kultura porturatzen delako eta baita kultura itsasoratzen dugulako ere. Batzuetan kultura erakusten dugu eta besteetan sortu eta kanporatu egiten dugu. Aurtengoa edizio berezia izanik ikuskizuna ere berezia da», adierazi zuen Maitane Larraurik.

Txoriak, zoroen itsasoa

Proiektua burutzerakoan kantuak aukeratu beharrak sortu dizkion zailtasunak onartu zituen Josu Mugikak. «Hainbeste abesti ditu eta hain aberatsak dira... beste hainbat ikuskizun egin daitezkeela Laboaren musika oinarri hartuta», esan zuen.

Txorien irudia hartu du Mugikak izenbururako. «Berak halaxe esaten zuen, abestu egiten zuela, txoriek bezala». Baita «zoroen itsasoa» ere. «Down sindromea duen anaiaren sendagile bezala ezagutu genuen gure etxean. Harreman estua izan zuten anaiak eta berak. Laboa psikiatra zen eta berak zioen zoroen buru barruan beste mundu bat zegoela. Abiapuntu irekia iruditu zitzaigun musika eta dantza uztartu eta desberdina den zerbait osatzeko», kontatu zuen.

Iñaki Salvadorrek oso modu zintzoan adierazi zuen Laboari, duela bost urte zendu zenetik, han-hemen eskaini zaizkion omenaldi ugariek sorrarazten dizkioten sentipenak. «Batetik, poztasun handia ematen dit. Bera laguna nuen eta horrez gain musikaren arloan bere kolaboratzailea izan nintzen 25 urtez. Bera hain maitatua izatea sekulakoa da, baina horrekin batera nekea sentitzen dut. Izan ere, dolu pertsonala albo batera utzita, dolu artistikoa eta soziala ixteko beharra ikusten dut. Eta `ItsasLaboa' hori egiteko oso modu ederra da», esan zuen.

Salvadorrek asko eskertzen du autokonplazentzia eta nostalgia uxatuta, munduko beste edozein musikariren parean jarri eta Laboaren sormen lanak ikuskizuna egiteko lehengai bezala hartzea. «Opari handia da etorkizunean Laboaren musika naturaltasun osoz erabiltzea», adierazi zuen.

Bere esanetan, ikuskizunak oso modu ederrean bildu du Laboaren izpiritua dantzaren bidez. «Dantzaren tradizioari errespetua adierazten dio oso era argi eta sotilean eta hori horrela izanik, Laboaren izpirituarekin bat dator. Oso begirada ausarta du, aurrera begiratzen du, arriskua hartuz. Laboa oso ausart berrinterpretatu du, batere konplexurik gabe, haren esentzia, haren DNA ulertuz», gaineratu zuen.

«Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak» abestiak ikuskizun osoan duen presentzia nabarmendu zuen. «`Ama, nik zu maitatzen jarraitzeko zilbor-hestea eten behar dut', zioen Laboak. Josuk [Mugika] maisutasun handiz jaso du olerkiaren izpiritua. Kantua ez da ageri, baina ikuskizun osoa zeharkatzen du. Josuk Laboa maite du baina zilbor hestea oso modu ederrean, zorrotzean moztu du. Asko gozatu dut ikuskizuna ikusten», aitortu zuen musikariak.