Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Glisseguna 2014: Euskarak eta surfak jende andana bildu du beste behin ere Angelun

Lapurdiko kostaldean euskara sustatzeko urtero antolatzen den Glisseguna oso arrakastatsua izan da aurten ere. Parte hartzea oso zabala izan da, eguraldi ezin hobea egin du eta olatuak onak izan dira. Euskarak arnasa pixka bat hartu du uhin artean eta jai giroan.

Eguzkia, metro bateko olatu ederrak, parte hartze zabala eta batez ere giro bikaina. Aurtengoan ere sekulako arrakasta izan du Glissegunak.

Hamabigarrenez egin dute euskara eta surfa sustatzeko Seaskak (Iparraldeko Ikastolen Elkarteak) eta Lapurdi Surf taldeak antolatzen duten txapelketa berezia. Hiru kategoria izan dira eta parte hartzea ere zinez zabala izan da.

Gero eta hobeto

Lehen urteetan surfa bakarrik ikus zitekeen. Gerora, alokatutako skate arrapalak ere jartzen hasi ziren. Egun, egitaraua oso zabala da eta ez da egun bakar batean egiten. Ekimena egiteko lekua ere aldatu egin da; Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da egun jaialdia, La Barre inguruan eta, bertan, surflariak, skaterrak, rollerrak, hawaiiar piraguan arraun egiten duten kideak, sorosle taulekin dabiltzanak, itsas jardueren berri ematen duten informazio guneak eta abar ikus daitezke.

Surf txapelketa Zaldunen hondartzan egiten da bertako surf elkarteak duen egoitzaren parean. Urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da txapelketan.

Ekimenaren helburua Lapurdiko kostaldean euskara bultzatzea da, ez da ohiko surf txapelketa bat, baina hala eta guztiz ere, nolabaiteko ospea ere lortu du txapelketak surf komunitatean, maila handiko parte hartzaileak ere izaten baitira lehiakideen artean.

Parte hartzaile eta antolatzaileen artean ere aldaketak izan dira hizkuntzari dagokionez. Lehen urteetan euskaraz fitsik ez zekiten zenbait kidek euskaraz ikasi baitu. Hala ere, oraindik frantsesa da nagusi iparraldeko surflarien artean, baina apurka-apurka hitz solteak eta euskarazko esaldiak gero eta gehiago erabiltzen dira ohiko elkarrizketetan.

Sub 16 eta Neskak

Hamasei urte arteko lehiaketan 32 surflarik hartu zuten parte. Olatu labur baina azkarrak egin zituzten lehiakideek eta etorkizunean zeresana emango dutela erakutsi zuten.

Finalean izan ziren lau lehiakideek ariketa indartsuak egin zituzten, eta azkenean honakoa izan zen emaitza. Lehen postuan Lens Arancibia, bigarren Julen Marticorena, hirugarren Hugo Graciet eta laugarren Felix Morau geratu ziren, laurak bertako surflariak.

Nesken kategorian hamaika izan ziren parte hartzaileak eta finala sei lehiakiderekin egin zuten. Gauzak honela, lehen postua Ana Morau hendaiarrak eskuratu zuen.

Bigarren postua Emma Dubes biarriztarrarentzat izan zen. Hirugarrena Neis Lartigues angeluarra izan zen. Laugarren eta bosgarren postuak Mery Otegi eta Marina Ezenarro zarauztarrentzat izan ziren. Eta azkenik, seigarren postua Ophelie Couchot bertako surflariarentzat izan zen.

Tag Team

16 urte bitarteko txapelketa eta neskena ohiko formatuan egiten dira. Lau kideko txandak egiten dira, lehiakideen bi olatu onenak puntuatuz, eta txanda bakoitzeko bi surflari onenak hurrengo txandara igarotzen dira, horrela, finalera iritsi arte. Puntuazio irizpideak ere ohikoak dira, alegia ASPren irizpideak oinarri hartuta puntuatzen dute. Kategoria irekian, ordea, txapelketa eredua ez da ohikoa, izan ere, «Tag Team» formatuan egiten da, alegia, taldekako lehia izaten da.

Itsasoan biltzen dituzten puntuez gain, lehorrean ere zenbait baldintza bete behar izaten dituzte taldeek, hala nola izena euskaraz jartzea, olaturik onena egiten duenak aurrez epaileei esandako esaldi bat euskaraz errepikatzea edo mozorrotuta lehiatzea, kasu.

Baina horrez gain, hondartzan lehiak jarraitzen du, izan ere, taldekideek itsasoan hartutako olatuekin puntuak biltzen dituzte ordezkatzen duten taldearentzat, baina kanpoan ere, taldeka, bestelako kirolak egin behar izaten dituzte.

Uretatik atera ostean sokatira eta txapel jaurtiketa egin behar izaten dituzte taldeek. Beraz, itsasoan olatu artean, eta kanpoan sokatiran eta txapela jaurtitzen puntu gehien biltzen dituen taldea izaten da irabazlea.

Aurten hamasei talde izan ziren, beraz, guztira 64 lagunek hartu zuen parte kategoria bitxi honetan. Urtetik urtera lehiakideen mozorroak gero eta koloretsuagoak dira eta hastapenetan mozorrotzen zirenak gutxi batzuk baziren ere, egun parte hartzaile guztiak mozorrotzen dira, eta horrek sekulako kolorea ematen dio ekimenari.

Taldekako lehian, lehen postua bertako surflariz osatutako talde batek irabazi zuen, Kaxu taldeak hain zuzen ere. Bigarren postuan Brother Anaiak taldea geratu zen. Talde honetako kideak bikain aritu ziren uretan, baina ez ziren oso iaioak izan sokatiran, izan ere, Aturriz gorako surflariak ziren. Sari banaketan esatariak esan zuen moduan, aurten Euskal Herritik kanpoko lehiakideak ere izan ziren eta lehen aldiz Landetako surflariz osatutako talde batek hartu zuen parte.

Hirugarren postua Gentlement taldeak eskuratu zuen. Laugarrenak Pirateak taldeko piratak izan ziren eta bosgarrenak Axoa taldeko kideak. Guztientzat izan ziren sariak, eta sari banaketan, gainera, surfeko material andana zozketatu zuten.

Hasieratik amaierara giro ezin hobea izan zen txapelketan eta itzelezko amaiera izan zuen Angeluko Barran egin zen sari banaketan. Izan ere, Seaskak antolatuta, ekimen pila bat izan zen eremu hartan egun osoan, eta sari banaketa amaitu bezain laster, kontzertua hasi zen irabazleak igo ziren oholtza berean.