EDITORIALA
EDITORIALA

«Erria txikota» itsasotik oihuka

Gipuzkoako itsasertzak, Oriok, hain zuzen, hartu zuen atzo Kilometroak ikastolen jaia. Urtero bezala, milaka lagunek parte hartu zuten, euskara eta euskal hezkuntza itsasoan barrena abiatzekotan ontziaren txikota erriatu edo askatu beharra nabarmenduta. Kilometroak eta ikastolek urtero herrialde guztietan antolatzen dituzten gainerako ekitaldiak edo Euskal Eskola Publikoarenak jai giroan egiten dira, baina laguntza eskatzeko era ere badira, diru laguntza eta laguntza politikoa, alegia. Zentzuzkoa ez ezik, beharrezkoa ere bai baita Euskal Herrian euskaraz ikastea eta hezkuntza sistema propioa izatea.

Euskararen aldeko ekitaldiek jendetza batu ohi dute, baina ez jaiak erakarrita bakarrik. Herritarrek ondo asko dakite aldi berean zerbait aldarrikatzen dutela horietan parte hartuz. Euskarak bide luzea egin du bere egoera kaskarrenetik oraingora, bide emankorra egin ere, gehienbat herritar horiei esker; hala ere, oraindik bide luzea du aurretik hizkuntza normalizatua izan arte. Bestela esanda, desagertzeko arriskutik libratu arte. Eta herritarren jarreraren aldean, nabarmena da instituzioak oso atzetik doazela gai horri dagokionez. Lekuan lekuko jarrerak erasotik uzkurkeriara doaz. Ziburuko ikastolako haurrek eta Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikasleek jasan dituzte eraso ugarien azken laginak. Lakuako Gobernua, berriz, uzkur edo, onenean, arrastaka dabil. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo, Orion, hain zuzen, Lomce delakoaren gaineko akordioa goraipatu zuen berriro, ikasle guztiak euskalduntzen ez dituen hezkuntza sistemari eustea sekulako lorpena balitz bezala.

Herri honetan euskarak, presoen eskubideak eta oro har gatazkaren konponbideak, erabakitzeko eskubideak... hau da, eskubideek, mobilizatzen dute jende gehien eta biltzen dute adostasun zabalena. Baina gai horiei dagokienez, instituzioen jokaera ez doa gizarteak seinalatutako bidetik. Gizartea dagoeneko itsas zabalera bidean da eta ez du lehorrera esku hutsik itzuli nahi. Instituzioek, herriaren ordezkari izango badira, ez liokete «erria txikota!» oihuari entzungor egin beharko.