Jon LEUNDA
harri-jasotzea | Marka saiakera

Nesketan inoizko markarik onena egin du Etxeberriak

Oriotarrak 112,5 kiloko kubikoa hiru aldiz jaso zuen hiru minutuko txandan.

Idoia Etxeberriak hiru jasoaldi lortu zituen atzo Orion egin zuen marka ahaleginean. Oriotarrak 112,5 kiloko harri kubikoa zuen aurrean, eta lanerako, berriz, hiru minutu izan zituen. Amaieran, bere helburua bete egin zuen Etxeberriak.

Egin beharreko beroketak egin ostean heldu zion Etxeberriak 112,5 kiloko kubikoari, eta minutuko jasoaldi bat eman zion harri kubikoari, bere helburua betez. Ez zen girorik onena izan, baina oriotarrak bere herritarren babesa izan zuen, eta bi hilabeteren barruan egin duen bigarren marka izan da, eta gaur egin beharko du hirugarrena. Aurrekoa urriaren 12an egin zuen Donostiako Martutene auzoan.

Oriotarrak berriro ere itxura ona eman zuen, eta zaleek hori ere eskertzen jakin izan zuten. Minutuko jasoaldi bat ez dago gaizki, eta bere laguntzaileek ederki gidatu zuten, eta emakume batek orain arte inoiz egin ez zuena egin zuen.

Mendaron

Idoia Etxeberriak ez du atseden hartzeko beta handiegirik izango, gaur bertan beste marka saiakera bat egin beharko baitu. Mendaroko Goiñati pilotalekuan arituko da oriotarra, 18.30ean hasita. Bertan, 100 kiloko zilindro kopa erabiliko du bost minutuko bi txandatan. Beraz, atzo baino lan handiagoa izango du, bost minutuko bi txanda ez baita txantxetakoa.

Tarte horretan ahalik eta jasoaldirik gehien egiten saiatuko da, eta emakumezkoen mailan marka bat ezarri nahi du. Sasoi bikainean dago gipuzkoarra, eta atzokoaren eraginik ez baldin badu, berriro ere marka ederra egin dezake. Ekinaldi honek ere ikusmin handia piztu du eta pilotalekuko harmailek itxura bikaina izango dute. Marken kontua hasi besterik ez da egin, abenduaren 21ean Aimar Irigoienek beste handi bat egiteko asmoa baitauka Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.