Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Ilusioa

Mugimendu eraldatzaileek halako prozesuak artikulatzeko duten gaitasunean egongo da arrakastarako gakoa, ematen duenez

Ustelkeria, prekarietatea, pobrezia eta ukazioa etengabe hazten ari dira Estatuan. Ez da errealitatearen oso argazki lasaigarria. Nahi eta ezinaren sentsazioak eta frustrazioa gailendu izan dira sarri gure bihotz-buruetan.

Ezkerraren erreferentziak lausoak izan dira azken hamarkadotan. Baina nazioarteko panoramari zein etxeko egoerari begiratuta, lanbro giroa altxatzen ari dela dirudi. Latinoamerikako ezkerraren erreferentzia praktiko zein teorikoak batetik, Europan azken urteetan izan diren herri mugimenduek (suminduak, Siryza...) zein Ocuppy mugimenduak, besteak beste, erakutsi dute kapitalismoa gainditzeko bidea herritarrak ahaldunduz kultura politiko berria eratzea dela. Eta horretarako bidea demokrazia erradikalizatzea dela.

Horrek guztiak jendarte eredu berri baterako oinarri potenteak ematen ditu. Ahalduntzearen kontzeptua indarra hartzen ari da eta eskola askoren bilgune bilakatzen ari da, aukera berrietarako posibilitateak biderkatuz: feminismotik, besteak beste.

Testuinguru etsigarrian, prozesu ahalduntzaileek aurrera egiteko ezinbesteko gasolina ematen dute, gainera: ilusioa. Nire herrian ikusi dut Udalak abian jarritako Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuak eragin duen aldaketa. Soraluze herri grisa, moteldua, ezer gertatzen ez zena zela sentitzetik, etxe anitzetako herritarrak lankidetzan herria eraikitzera pasa dira. Parte-hartzea, erabakitzeko boterea, ahalduntzea eta ilusioa. Demokrazian sakonduz.

Bada, ordea, ahalduntzearekin eta demokratizazioarekin lotura estua duen beste kontzeptu inportante bat ere emantzipazio prozesuotan: autoeraketa. Azken boladan ilusiorik sumatu badut (mugimendu feministaz gain), Ekonomia Sozial Eraldatzailearen praktika eta teorietan ikusi dut. Hain justu parte-hartzea, autoeraketa, demokrazia erradikala eta ahalduntzea bezalako kontzeptuetan oinarritutako eredu ekonomiko, politiko eta sozialean.

Mugimendu eraldatzaileek halako prozesuak artikulatzeko duten gaitasunean egongo da arrakastarako gakoa, ematen duenez.

EH Bilduk Nafarroarako egin berri duen proposamenak biltzen dituen elementuak dira guztiak. Herri estrategia oso baten oinarriak dira, lanerako mapa berri bat eskaintzen dutenak. Ezker abertzaleak, mugimendu eta herritarrekin lankidetzan, eraldaketa prozesuok unibertsalizatzen asmatu beharko du estatu egiturek ematen dituzten aukerak baliatuz. Ilusioa pizteko osagaiak ditugu mahai gainean. Ea gauzak ondo egin eta asmatzen dugun.