GARA BILBO

Hezkuntza Plataformen Topagunea Bilbon bildu da «Gure gida» elkarbanatzeko

Azoka betean, abenduaren 6an, Durangon batzartu zen Hezkuntza Plataformen Topagunea, «Gure Gida»-ri zukua ateratzeko. Hango lanketaren ondorioak elkarbanatu zituzten atzo Bilbon egindako asanbladan.

«Gure gida»-ren lanketa praktikorako lan saioa egin zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak iragan abenduaren 6an, Durangon. «Oso positiboa» izan zen antolatzaileentzat, izan ere, 110 pertsona inguru batu ziren bertan, herrietako hezkuntza bilguneak, eragileetako ordezkariak eta baita herritarrak ere. Dituzten «mehatxuei aurre egiteko grina argi eta garbi erakutsi» zuten berriz ere.

Bertan, Lomceri aurre egiteko eta Euskal Herriko hezkuntza ereduaren gainean eztabaidatzeko aukera izan zuten. Eta solasaldi horiekin guztiekin, ondorioekin, atzo Bilboko Bolsa auzo etxean aurkeztu zuten txostena osatu zuten.

Txostena argia da: Lomceri aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen ditu, baita bestelako hezkuntza eredu herritarrago eta parte-hartzaileago baten bidean urratsak egiteko gakoak ere. Lau bloke nagusi bereizi dituzte, modu errealean aurtengo ikasturtean aplikatzen ari diren neurriei aurre egiteko: parte-hartzea, pedagogia eta curriculuma, ebaluazioak eta arlo administratiboa.

Hamar neurri zehatz

Bloke nagusi horien barruan Lomce ez aplikatzeko eta bestelako eredu baten aldeko hamar neurri zehaztu dituzte. Adibidez, helburua partaidetza kolektiboan oinarritutako parte hartze eredu berriak sortzea da. Bertan, eskola komunitatea osatzen duten sektore guztien arteko elkarlan orekatua bultzatuz eta erabakigune lotesleak sortuz. Proposatzen dutena Lomcek dakartzan aldaketak ez gauzatzea da. «Horrela, guk nahi dugun ereduaren arabera funtzionatu ahalko dugu».

Pedagogia eta curriculumari dagokionez, helburu gisa pertsonen garapen integrala bermatzen duen pedagogia du Hezkuntza Plataformen Topaguneak, baita herritik eta herriarentzat eraikia izango den curriculum propioa ere. Proposatzen dutena ikasgai konkretuei dagokienez orain arte bezala jarraitzea da, alegia, batetik Ingurune ikasgaia bitan ez banantzea, eta bestetik Balio Zibiko eta Sozialak edota Erlijioa ikasgaiari dagokionez, ez ebaluatzea. Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat ekoitzia ez dagoen materialari uko egitea ere aukera bat dela diote, hau da, bitarteko propioak erabiliko dituzte.

«Herriaren dokumentua»

Dokumentua bera Topagunea osatzen duten hezkuntza bilguneen artean zehaztu badute ere, beti bezala, gainontzeko ikastetxe, bilgune, plataforma, eragile eta herritarren artean zabaltzeko asmoa dute. Eurek proposatutakoa Lomceri aurre egiteko gako zehatzak dira. «Orain, norberak bere errealitateari egokitua hoberen datorkion gisara landu beharko dugu. Gure dokumentua herriaren dokumentua izatea nahi dugu eta hala aurkezten dugu».

Horretarako, Topagunearen sarea dute. «Edozein, edozein momentutan, gurekin jarri ahalko da harremanetan eta kezka, zalantza edota ekimenak partekatu. Herri baten egiten denak beste bati balioko dio eta horregatik elkartrukea etengabean sustatzen jarraituko dugu», azaldu dute.