J.L.
Aizkora

Arria eta Larretxea datorren abenduan neurtuko dira

Ikusmin handia piztuko duen apustua sinatu zuten herenegun Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Donato Larretxeak.

Aizkolari bakoitzak hogeina kana-erdiko ebaki beharko ditu erdia aukeran, eta alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu. Norgehigoka abenduaren 20an jokatuko da Tolosako zezen-plazan.

Arria plazetatik kanpo egon ostean oso indartsu itzuli da. Urtebetean hiru apustu jokatu ditu, eta jadanik laugarrena ere sinatuta dauka. Donatok, aldiz, txapelketak ia utzita ditu. Nafarroakoan hartzen du parte, eta Urrezko Aizkoran. Bere azkenengo apustua jokatu zuenetik urte batzuk pasatu dira, eta orduko hartan Miel Mindegia hartu zuen mendean.

Honekin 2015eko hirugarren apustua sinatu da. Arriak eta Otaegik jadanik jokatu dute, errezildarrak irabazi zuena. Ekainean nesken artekoa izango da, eta orduan segan eta aizkoran aritu beharko dute Astondoak eta Etxaburuak, eta hirugarrena Arria eta Larretxearena izango da.

Seguru asko gehiago ere izango dira, indarrean baitaude apustuak. Olasagasti eta Atutxa ere batu ziren, baina ez zuten lotu, eta Azurmendik ere desafio irekia bota zuen, baina inork ez zion erantzun. Datozen hilabeteetan gehiago egiteko aukerak ere izango dira.

Etxauri Harria

Etxaurin zen jokatzekoa atzo Etxauri Harria txapelketa, bertako harri baldarrarekin, baina datorren igandera atzeratu dute. Ezusterik ez baldin bada, atzoko iragarrita zeuden lau harri-jasotzaileak izango dira lanean. Eizmendi, Ugartemendia, Urpe eta Jimenez izango dira lanean arituko diren lau kirolariak.

136,5 kiloko harri baldarra izango dute lanerako, eta beste aldaketarik ez baldin badago, datorren igandean 12.30ean hasiko da. Faboritoa ere atzoko faborito bera izango da, izan ere Jokin Eizmendin sasoi betean ageri da azkenaldian.