GARA
DONOSTIA

Berriztu Goiener-eko bazkide egin da, energia eredua aldatzeko

Berriztu Goienerreko bazkide egin dela jakinarazi du. Izan ere, bere ibilbidea hasi zuenetik oso argi izan du gas putzuen aurka lan egitea ezin dela erronka bakarra izan eta beharrezkoa dela energia eredua eraldatzea. Eta, horrekin batera, eredu soziala ere bai. «Egungo eredu sozialaren baitan pentsarazi baitigute gure bizimodu kontsumitzaileak ez duela mugarik».

Eredu energetiko eta sozial berri horretaranzko ibilbidean, azken urteetan Berriztuk bidelagun izan dituenen artean Goiener energia berriztagarrien kooperatiba dago. «Hasieran energia hornidurarekin hasi ziren, baina duela gutxi energia berriztagarrien ekoizpenari ekin diote Nafarkoop kooperatiba sortuz».

Nafarkoop

«Proiektu berri horretan lagundu nahi diegunez, 4.000 euroko laguntza emango diegu eta jende guztia animatu nahi dugu Nafarkoopen ekimen honetan parte hartzera», adierazi du Berriztuk.

Horrez gain, Nazio Batuetako adituen abisua azpimarratu du. Horiek ohartarazi dute aurrekaririk gabeko neurriak hartu behar ditugula klima aldaketak kalte konponezinak izatea nahi ez badugu. «Honek nahikoa izan beharko luke Eusko Jaurlaritzak bere energia politika aldatzeko».