Gaur8

Gipuzkoako foru museoek 'Familiak sarean' proposamena landu dute, etxeko txikienentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dauden Zumalakarregi Museoak (Ormaiztegi), Igartubeiti Baserri Museoak (Ezkio) eta Euskal Itsas Museoak (Donostia) 'Familiak sarean' kultur programa birtuala jarri dute martxan, 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta.

Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko erakusketa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko erakusketa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Museo bakoitzak jorratzen duen gaia modu desberdinean ezagutzeko, jolasteko eta gozatzeko aukera izango dute txikienek egitasmoaren bitartez, konfinamendu egunotan. Tolosako Topic zentroak ere bat egin du sareko jarduera hauekin, eta lantegiak antolatu ditu txotxongiloak gustuko dituzten haur eta helduentzat.

Harkaitz Millan, Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak azaldu duenez, «nahi duguna da gazteenek eta familiek kulturarekin duten konexioa sendotzea, eta ahaleginak egiten ari gara plataforma digitaletan ditugun edukien eskaintza zabaltzeko».

Izan ere, foru erakundearen museo sarea bere plataforma digitaletako edukiak sendotzen ari da, erabiltzaileei aukera berriak eskaintzeko, bereziki gazteenei. Jarduera berriek alternatiba bat eskaini asmo dute, txikienek familian parte hartu ahal izan dezaten, eta museoak «modu atsegin eta dibertigarrian aurki ditzaten».

'Familiak sarean' programaren parte hartzaileek sorkuntza proiektu bat egin beharko dute familian. Edukiak Google Classroom gunean egongo dira eskura, eta astero material berria jarriko da plataforman, interesa duten guztiek nork bere erritmora erabiltzeko moduan. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko ez da teknologiarik behar, helburua etxeko txikienek pantailarik gabe gozatzea eta jolastea baita.

Museoetako lantaldeek dinamizatuko dituzte jarduerak, familiei laguntza emanez eta sor daitezkeen zalantzei erantzunez. Jardueran parte hartzeko, Googleren Gmail posta kontu bat eduki behar da, eta posta elektronikoz izena eman. Amaieran, txikiek egindako lan guztiak ikusgai jarriko dira erakusketa birtual batean, museoen web orrietan.