GAUR8

Covid 19aren garaiko hirigintzari erantzuten dioten proiektuak, irailean Tafallan eta Artaxoan

«Hirigintza COVID garaian. Espazio publikoak bizi eta eraldatu» izena duen topaketa egingo du Nafarroako Gobernuak Tafallan eta Artaxoan irailaren 17an eta 18an. Aipaturiko erronkari erantzuten dioten proiektuak bildu nahi ditu ekimenak, publikoak zein pribatuak. Izena emateko epea zabaldu du abuztuaren 17ra arte.

Tafallako kaleak, etxealdiaren ondorengo fasean, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Tafallako kaleak, etxealdiaren ondorengo fasean, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, «Hirigintza COVID garaian. Espazio publikoak bizi eta eraldatu» izena duen topaketa antolatu du Tafalla eta Artaxoa herrietan irailaren 17 eta 18rako.

Ekimenaren helburua da «etxebizitzak espazio publikoarekin eta hiri eta herrietako hiri-espazioarekin dituen erronkei buruzko» hausnarketa bultzatzea, «osasun-krisia eta krisi klimatiko, ekonomiko eta soziala uztartzen» diren errealitate berri honetan.

«Hirigintzari eta espazio publikoen plangintzari buruz pentsatzeko aukera bat da, eremu sozial, administratibo eta profesionaletik», adierazi du Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak.

Zehaztu dutenez, programazioan parte hartu nahi eta «topaketaren hausnarketa-ildoekin bat datozen hiriak eta herriak eraikitzeko lanean ari diren proiektuak identifikatu» nahi dituzte.

Jarduerei eta izen-emateari buruzko informazio guztia datozen egunetan www.encuentrourbanismo2020.navarra.es atarian argitaratuko da. Bertan, abuztuaren 17ra arte zabalik izango den deialdiaren oinarriak kontsulta daitezke, iragarri dutenez.

Parte hartzeko baldintzak

Ekimena proiektu publiko zein pribatuetarako pentsatuta dago; norbanakoentzat edo taldeentzat, baita udalentzat eta bestelako erakunde publikoentzat ere. Parte hartu nahi duten guztiek izena emateko inprimaki bat bete beharko dute, proiektuak aurkeztuz.

Gehienez zortzi egitasmo aukeratuko dira. Epaimahai batek aukeratuko ditu eta ebaluatzeko parametro hauek neurtuko ditu: proposamenak topaketaren esparruarekin duen lotura, erreplikagarritasuna eta berrikuntza-maila, inpaktua garatzen den testuinguruaren arabera eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza.

Topaketa hilaren 17an hasiko da, hautatutako proiektuen azalpen labur batekin, gehienez 10 minutuz, proiektuaren aurkezpena egiteko. Hurrengo egunean, 18an, jardunaldiaren sarrerako hitzaldien ondoren, lan-eremu kolektibo bat izango da, topaketaren gaiari buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko.

Jarduera honen helburua proposatutako ekimenetako hautagaien, teknikarien, hiri-plangintzako eta diseinuko profesionalen eta tokiko gobernuetako kideen artean etorkizunerako estrategiak zehaztea da.