GAUR8

Peru Sasia bilbotarra, Europako Banku Etikoen Federazioko presidente berria

Peru Sasia, Fiare Banca Eticako presidenteordea, beste hiru urtez aukeratu dute FEBEA Europako Banku Etiko eta Alternatiboen Federazioko presidente izateko.

Irudian, Federazioko ordezkariak
Irudian, Federazioko ordezkariak

FEBEAk, Europako Banku Etiko eta Alternatiboen Federazioak, batzar birtuala egin zuen joan den irailaren 2an. Bertan kontseilu berri bat aukeratu zuen, 11 erakundek ordezkatua, tartean Merkur Bank (Alemania), Crédit Cooperatif (Estatu frantsesa) eta Crédal (Belgika). Horrez gain, beste hiru urterako presidentea aukeratu zuen, Peru Sasia bilbotarra hain justu.

Federazioaren erronketan GECESekin –Gizarte Ekonomiako eta Gizarte Enpresetako Europako Batzordeko Adituen Taldea– parte hartzea eta Social Economy Europe-rekin lankidetza estua aurreikusten dira. Social Economy Europe gizarte-ekonomiako Europako eragile nagusiak biltzen dituen sarea da.

Europako Batzordea

Europako Parlamentuan Gizarte Ekonomiako taldeartea berritzeko kanpainak arrakasta izan du FEBEAn, bai eta finantzaketa jasangarriaren estrategia europarraren definizioari buruzko eztabaidan ere. FEBEA eta haren kideak Europako Batzordeko eta Inbertsioen Europako Funtseko bazkide indartsutzat jotzen dira orain, mikrofinantzei eta gizarte-ekonomiari eskainitako EaSI finantza-tresnak inplementatzeko –FEBEAren berariazko gomendioei jarraituz–. Gainera, tresna horiek erabili dira azkenaldian zenbait herrialdetan pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko.

Agintaldi berriaren atarian Peru Sasiak adierazi duenez, «gaur inoiz baino gehiago esan dezakegu giza jardueraren hainbat arlotan (ekonomikoa, politikoa, kulturala, teknologikoa) garatzen ditugun tresna guztiek benetako balio etikoa eta legitimitatea neurtzen dutela, guztion ongia eraikitzeko lan horretara bideratzen diren neurrian».

Gaur egun, 29 erakundek osatzen dute erakundea: 12 banku, 15 finantza erakunde eta bi fundazio, Europako 15 herrialdetakoak. Kide diren erakundeak oso desberdinak dira tamainari eta forma juridikoari dagokienez, baina guztiek partekatzen eta sinatzen dute gardentasunaren eta gizartearentzako eta ingurumenarentzako onuren arreta bera.

Sasiaren arabera, Federazioko kide diren bankuek eta finantza-erakundeek bat egiten dute «erantzukizun sozialaren kudeaketa baino askoz gehiago den kultura batekin, eta ez du zerikusirik une jakin batean label etiko baten erabilera interesatuak ekar dezakeenaren etekinarekin».

Fiare Banca Etica FEBEAko kide izan da hasieratik, Europa mailan ekonomia erreal baten zerbitzura eta pertsonen premien inguruan finantzak bultzatzeko konpromisoan. Europa mailako azken urteetako lanetako bat Europako finantza etikoei buruzko txostenak egitea izan da, Europako banku etikoen egitura, hazkundea eta errendimendua aztertzeko.