GAUR8

Urubien txitak hartu eta ekosistema elikatzen duen habia atondu dute Aiako Harrian


Aiako Harria parke naturalean urubien ugalketari laguntzeko jarri duten habia-kutxa atondu eta txiten jaiotzetarako prest utzi du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak. Habia erleen kolonia baten aterpea ere izan da, basoko landaredia eta ekosistema oso bat elikatuz.

Habia-kutxan pasa den urtean jaio zen urubien txita, irudian. (Joseba Gurutz de Vicente)
Habia-kutxan pasa den urtean jaio zen urubien txita, irudian. (Joseba Gurutz de Vicente)

Iaz bi arrautza errun zituzten urubiek Aiako Harria parke naturaleko habia-kutxan. Bietako batek aurrera egin zuen, besteak ez. Beranduago, «erle multzo edo erlekume bat iritsi, urubia kanporatu eta habia-kutxaren jabe egin zen», maiztasun jakin batean gertatzen den prozesu baten barruan, Parkea Bizirik Kukulunbera kolektiboko kideek azaldu dutenez.

Erleen kolonia hark kutxaren sabaitik oinarrirainoko abaraska bertikalak eraiki zituela gogoratu dute. Erlazuloetan eztia egin eta larbak utzi zituzten eta hilabete batzuk geroago kutxatik alde egin zuen koloniak, baina ordurako «milaka lore polinizatu» eta tokiko landarediaren biziraupenean eta ekosistema osoaren orekan lagundu zuten, nabarmendu dutenez.

Abarasken egiturak bertan utzi zituzten, baita kutxa ondo itxita utzi ere. Kolektiboko ordezkariek azaldutakoaren arabera, kosta zitzaien kutxa irekitzea, abarasken muturrak «ondo itsatsita eta helduta egoteaz arduratu» baitziren. «Hainbat saioren ondoren, abaraskek amore eman eta ezti hutsaren usain gozoa ingurura zabaldu dela kontatu dute, baita bi zentimetroko zimitz lainotsu batzuk aurkitu ere, erleek utzitako hondakinez elikatzen.

Orain, zikinkeria geruza kendu eta etzaleku ekologiko xurgatzailea jarri dute habian, eta urubiak kutxara sartu eta barrualdera salto egitean arrautzak hausteko arriskua gutxitu dute. Orain udaberriraino itxaron beharko da urubiek kutxa erabiltzen duten jakiteko eta karraskarien populazioen gutxitzea saihestu nahi duen sistemak zeintzu emaitza ematen dituen.