GAUR8

Kultura Plazara jaialdiak egitarau zabala eskainiko du Tolosan abuztuan eta irailan

Bigarren urtez kultura eskaintza zabala prestatu du Tolosako Udalak, kulturaz modu seguruan gozatzeko aukera eskainiz

Ekainean eta uztailean ere izan dira emanaldiak.
Ekainean eta uztailean ere izan dira emanaldiak.

Tolosako Udalak Kultura Plazara jaialdia antolatu du aurten bigarrengoz «herritarrei kulturaz modu seguruan gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzeko» helburuarekin. Ekainean eta uztailean Zetak, Ets eta Gozategi aritu dira, besteren artean, jaialdiaren baitan. Guztira 2.237 pertsona hurbildu dira zezen plazan egin diren kontzertuetara. Tolosako auzoetan ere eskaini dira kultur ekimenak, eta horiek ere oso harrera ona izan dutela nabarmendu dute udaletik.

Kultura kalera ateratzea

Kultura kalera ateratzea, kulturari eta Euskal taldeei ikusgarritasuna ematea, eta herritarrei kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera ematea dira jaialdiaren helburu nagusiak, eta abuztuan eta irailean jarraipena izango du jaialdiak. Abuztuaren 1ean hasi eta urriaren 3ra bitartean, adin guztietako herritarrentzat erakargarriak diren eskaintza artistikoak prestatu dituzte. Hartara, arte eszeniko ezberdinetako eta herritar guztien gozamenerako egitaraua antolatu da. Abuztuaren 1ean, esaterako, haurrentzako erromeria izango da San Esteban auzoan.

Ikuskizun gehienak zezen plazan izango dira, eta landa auzoetan eta herriko beste hainbat plaza eta auzoetan ere gozatu ahal izango da kulturaz. Belako, La Furia, Dupla, Izaro, Kalakan, Willis Drummond, Ene Kantak, Maite Larburu eta beste artista gehiago arituko dira egitarau oparoaren baitan.

Zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke kulturaplazara.eus webgunean. Bertan kontsultatu daiteke, baita ere, artisten inguruko informazioa, bideoak, kartela, etab. San Esteban, Aldaba eta Berazubiko ikuskizunetarako sarrerak, berriz, Bibe plataforman daude eskuragarri.