GAUR8

Obesitatea eta bizi estiloak lotuta daude unibertsitateko ikasleen artean

UPV/EHUren ikerketa batek osasunerako txarrak diren bizi estiloen eta obesitatea izateko arriskuaren arteko erlazioa ikertu du.

Gehiegizko pisua eta bizi estiloa parean ikertu dituzte.
Gehiegizko pisua eta bizi estiloa parean ikertu dituzte.

“British Journal of Nutrition aldizkariak” Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizio eta Bromatologia arloko Nerea Telleria Aramburu eta Marta Arroyo Izaga ikertzaileek sinatutako artikulu bat argitaratu berri du. Lan horrek UPV/EHUko ikasleen lagin adierazgarri batean gehiegizko pisuarekin zerikusia duten bizi estiloen prebalentzia eta elkarreragina aztertzen du. Ikerketa egiteko, 603 ikaslez osatutako talde batean, elikadurari, jarduera fisikoari, sedentarismoari, loari eta ohitura toxikoei buruzko informazioa bildu zen, baita neurri antropometrikoak ere.

Hartara, EHUko ikasleen artean egindako ikerketaren emaitzek iradokitzen dute osasunerako txarrak diren zenbait ohitura aldi berean izaten direla, horiek elkarri eragiten diotela eta pertsona horiek gehiegizko pisua izateko arriskua areagotzen dutela. Gainera, sexuaren araberako desberdintasun espezifikoak daude bizi estiloen eta obesitatearen artean atzemandako erlazioetan, eta horiek kontuan hartu beharko lirateke ingurune horretan prebentziozko esku hartzeak planteatzeko orduan. 

Dieta ohiturak eta bizi estiloak

Lortutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da %14,4ko obesitatearen prebalentzia dagoela, gorputz gantzaren ehunekoan oinarrituta. Gainera, otorduen patroia (mokadu kopurua barne), horien artean igarotako denbora eta iraupena, beste aldagai batzuen artean, dietaren kalitatearekin korrelazioan jarri ziren. Dieta ohitura osasungarriak beste bizi estilo osasungarri batzuekin erlazionatu ziren, batez ere, jarduera fisikoari, sendetarismoari, ohitura toxikoei eta loari loturikoekin.

Izan ere, argitalpen honen berritasuna da unibertsitate ikasleen gehiegizko pisua eta bizi estiloak parean ikertu direla, haien arteko loturak zehazteko asmoz. Bide horretan, ikerketak mahai gainean jarri duenez jarduera fisiko baxua, ez gosaltzea edo gosari arina egitea edota otordu kopuru egokia ez egitea zuzenean lotuta daudela gorputz gantz gehiegi izateko arriskuarekin. Alkoholaren kontsumoa eta loaren iraupen desegokia ere aldagai garrantzitsuak dira.