GAUR8

«The Future Game. Bihar zer?»; gazteek etorkizuna nola irudikatzen duten jasotzeko inkesta kolektiboa

«The Future Game» ekimenaren barruan, gazteei zuzendutako inkesta bat jarri dute martxan etorkizuna nola irudikatzen duten ezagutzeko. Inkesta irekia da, eta proaktibitatea lantzea, etorkizuneko ikuspegi positiboa eraikitzea eta gazte erreferente berriak izatea helburu dituen proiektu baten barruko lehen fasea da.

Gazteei zuzenduta, urriaren 13tik abian dago “The Future Game. Bihar zer?” inkesta kolektiboa. 2050. urtea zerumugan, gazteek etorkizuna nola irudikatzen duten ezagutu eta «erronka berriei modu kolektiboan erantzutea da helburua», azaldu dute bultzatzaileek.

Testuinguru horretan, honelako galderak planteatzen dira: «Nola irudikatzen dugu 2050 urtea?», «Ikusiko dugu eraldaketarik gure planetan?», «Nolakoa izango da politika eredua?», «Gerra edo pandemia berririk biziko ote dugu?», «Zer debekatuko litzateke lehen, haragiaren kontsumoa, prostituzioa edo armak?», «Poliziaren presentzia handitzeak hobetuko luke 2050 urteko errealitatea?».

Galdetegia xede orokorrago bat daukan “The Future Game” ekimenaren barruan dago, ikaskuntza ludikoaren bidez, «gazteen boterea pizteko, etorkizun positiboak irudikatzeko eta ekimen kolektiboak aktibatzeko».

Irekia, plataforma baten bidez

Inkesta irekia da, euskaraz sustatu dute baina gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez erantzuteko aukera ere badago. Galdetegia https://2050.thefuturegame.org/ plataforman dago, eta zehaztutakoaren arabera, «joko moduan» planteatu dute, era dinamiko eta arinean betetzeko. Horrez gain, paraleloki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko mila gazterekin inkesta itxi bat egingo dutela zehaztu dute, «emaitzen errepresentazio zuzena bermatzeko».

Inkesta The Future Game ekimenaren barruan dago, DOT Kooperatibak, Osoigo Next-ek eta Braulio Gómez Deustuko Unibertsitateko irakasleak bultzatuta.

Prozesu gisa diseinatuta, inkesta proiektuaren lehen fasea baino ez dela adierazi dute. Abenduaren 19ra arte bete ahal izango da, eta ondoren, bigarren fasean, Twitch sare sozialaren bidez 40 eguneko ikasketa prozesua irekiko dutela azaldu dute. Aurreratu dutenez, «ehun gaztek parte hartzeko aukera izango dute, errealitatea interpretatzeko, ikasteko eta etorkizunerako proposamenak lantzeko».

Europa eta Estatu mailan hainbat sari jaso duen “The Future Game” proiektu orokorrak hiru helburu nagusi ditu: proaktibitatea lantzea, etorkizuneko ikuspegi positiboa eraikitzea eta gazte erreferente berriak izatea. Gogoratu dutenez, ekimenak hainbat sari jaso du eta munduko hainbat herrialdetako gazteekin landu dute.