GAUR8

Tokiko produktuak protagonista dituen Udazken Gastronomikoa ospatzen ari dira Urduñan

Udazken Gastronomiko oparoa dute Urduñan. Tokiko produktuak eta gastronomia dira protagonista nagusiak, eta horietara hurbiltzeko formatu ezberdinetako ekimenak antolatu dituzte: bisitaldiak, perretxikoen ibilbidea, tailerrak, azokak… Egitaraua elkartasun ukitu batekin abiatu da, gainera.

Urduñako ekoizleen produktuak, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Urduñako ekoizleen produktuak, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA/FOKU).

AEFAT elkarteak antolatutako ataxia telangiektasia gaixotasunaren ikerkuntzan laguntzeko dastatze solidario bat izan da udazken gastronomikoaren lehen proposamenetako bat, baina beste jarduera ugari utziko du herri bizkaitarrean hemendik abendura bitarte prestatu duten egitarauak.

Bisitaldiak, ibilbideak, dastatzeak…, agenda gastronomiko berriak formatu ezberdineko jarduerak eskaintzen ditu. Eta bestelako proposamenak ere martxan daude Urduñan; esaterako, datorren igandean Salbada mendilerroko pagadietan Birding egiteko aukera izango da, hegaztien behaketa gidatua.

Bestetik, abian daude dagoeneko Gure Ahalegina txakolindegira antolatutako bisitaldiak hurrengo 24 eta 31ean, urriaren 30etik azaroaren 1era perretxikoen ibilbidea egingo dute herriko tabernetatik, eta azaroaren 6an eta abenduaren 4an, “Urduñako eta bailarako zaporeen eta sentsazioen ezustekoa” izeneko tailerra eskainiko dute Foru Plazan.

Bertako ekoizleen azoka

Azaroko igandeetan, bestalde, tokiko produktu berriak dastatzeko aukera eskainiko du Turismo Bulegoak. Saio horietan, beraz, txakolin berria, Tologorri Mermelatokiko kakao eta sagar krema, intsusazko xanpaina edo Klaratarren gozogintza tradizionala eta Arantzazu Gozogintzako artisau pastel berriak ezagutzeko parada izango da.

Horren ondoan, zero kilometroko produktuen filosofiarekin bat eginez, tokiko ekoizleek azoka berezia dute hileko lehenengo larunbatetan. Bertan abeltzainek ekoiztutako haragia ere zuzenean erosteko aukera dago.

Udazken gastronomikoarekin bat egiten duten beste proposamen batzuk ditu Bizkaiko udalerriak. Izan ere, «Pintxo espezializateen karta» jaitsi ahal izango dute herritarrek eta bisitariek.

Herriko Turismo Bulegoko webgunean eskura daiteke egitarau osoa, jarduera batzuen prezioen gaineko informazioa zein aurretik izen ematea behar duten ekitaldiak. www.ordunaturismo.com