GAUR8

Euskal buztingintza berreskuratu, Zuia, Elosu, Eskoriatza eta Aretxabaletako buztinak erabilita

Bertoko buztinak erabilita, euskal buztingintza berreskuratu eta zabaldu nahi du Jone Larzabalen «Lurlau» proiektuak. EHUko Arte Ederren Fakultateko Gradu Amaierako Lana izan da lanbidearen tradizioa eta diseinu garaikideak uztartzen dituen egitasmoa.

Irudian, Jone Larzabalek sortutako ontziak.
Irudian, Jone Larzabalek sortutako ontziak. (EHU)

“Lurlau” izena du Jone Larzabalek sortutako proiektuak. EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko Gradu Amaierako Lana da, eta nota gorena jaso du. Finean, sukalderako ontziak diseinatzeko proiektu bat da, baina bereizgarri batzuk ditu: buztingintza tradizionalaren eredua berreskuratu eta zabaldu nahi du, eta ontzi horiek egiteko lau euskal udalerritan jasotako buztinak erabili ditu: Zuia, Elosu, Eskoriatza eta Aretxabaletakoak. Beste ardatz bat dauka egitasmoak, diseinu tradizio berriak uztartzea.

Larzabalen hitzetan, «euskal buztingintzaren tradizioa ikertuz, lanbidearen jatorria eta artisau prozesua arakatu nahi ditu proiektuak, eta, era berean, diseinuaren tradizio berriarekin uztartu nahi du buztingintza, artisauaren eta garaikidetasunaren artean harreman bat sortzeko».

Eskoriatzan, bere jaioterrian, dagoen antzinako zeramika labeak piztu zuen Larzabalen interesa, eta «herriko buztinarekin zerbait egitea» pentsatu zuen sortzaileak. Hortik abiatuta, hainbat buztin ikertu eta Elosun dagoen Ollerietako Euskal Buztingintzaren Museora jo zuen, Blanca Gomez de Segura adituaren eskutik buztin mota ezberdinen inguruko irakaspenak biltzeko. Adituaren laguntzarekin, euskal zeramika tradizionala «inspiraziotzat» hartuta, ukitu moderno bat eman nahi ziola azaldu du lanaren egileak.

Proiektua garatzeko, eremu zehatzak aukeratuta buztinak jaso ditu, azterlan eta erreferentzia bibliografikoetan oinarrituz. Lehengai horretan adituak direnen erreferentziak ere jarraitu ditu, horien artean Saioa Altzua Eskoriatzako Zubiateko Labe Museoko arduradunarenak.

Arabako tradizio sakona

Erabilitako buztinak Eskoriatzan, Aretxabaletan, Elosu parean dagoen Legutio urtegikoak eta Zuian, Ametzagan, Baia ibaikoak dira. Ikerlariak azaldu duenez, Araban bereziki tradizio luzea du zeramikak, eta horren erakusle dira bertako tailerren kopurua, produktuen kalitatea eta buztingintza tailerrek izan duten garrantzia. Hala ere, modernizazioaren etorrerarekin lanbidearen gainbehera etorri zen, buztinlari gehienek lanbidea utzi zuten eta «gaur egun ia ez dago buztinlaririk Euskal Herrian».

Euskal buztinekin sortu dituen piezen artean haien artean desberdintasun txiki batzuk dituzten plater sakonen joko bat dago, kolore ezberdinetan diseinatuta erabilitako buztinaren arabera. Horrekin lotuta, «eremuak eta lurrak asko baldintzatzen» dutela argitu du, tenperatura ezberdinetan laberatzean eta maila desberdinetan lehortzean, kolore ezberdinak eta ezaugarri fisiko ezberdinak sortzen baitira.

Proiektuaren barruan, marka eta identitate grafikoa eta ‘packaging’-aren diseinua landu ditu, eta lanean jarraitzen du Ollerietako Euskal Buztingintza Museoan, zeramikariaren lanbidea ikasten eta arloan espezializatzen.