GAUR8

Gida bat, Nafarroako Errege Bardearen paisaia geologiaren betaurrekoekin ikusteko

Euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratuta,  “Bisitaren Gida, Geologia” lanak geologiaren betaurrekoekin azaltzen du Nafarroako Bardeako paisaia, iragan horrek baldintzatu baitu ingurunea.

Iragan geologikoak egungo paisaia baldintzatu duela nabarmendu du Xabier Murelaga ikertzaileak.
Iragan geologikoak egungo paisaia baldintzatu duela nabarmendu du Xabier Murelaga ikertzaileak. (EHU)

“Bisitarien Gida, Geologia” liburuak Nafarroako Bardeako paisaiara begira jartzen du irakurlea, iragan geologikoari erreparatuz. Euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratuta, gida duela 30 urte hasitako lanaren emaitza da, eta EHUren, Zaragoza Unibertsitatearen eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren parte hartzea izan du.

EHUk gogoratu du ohar batean duela 30 urte baino gehiago hasi zela dena, Eliseo Martinez Tuterako irakasleak fosil ornodun batzuk aurkitu zituenean. Errege Bardean eginiko aurkikuntza horren berri izan zuen Humberto Astibia EHUko Paleontologia katedradunak, eta Xabier Murelaga orduko doktoregaiak eta egun EHUko Zientzia eta Teknologia Frakultateko irakasle, geologo eta paleontologoak tesia abiatu zuen.

Gidak biltzen duen ezagutza EHU, Zaragozako Unibertsitatea eta Espainiako Geologia eta Meatzaritzaren elkarlanaren emaitza da, zehaztu dutenez. Izan ere, hiru ikertaldek paisaia geologikoaren gaineko informazioa bildu dute urteetan zehar.

«Argi utzi nahi genuen iragan geologikoak baldintzatu egin duela gaur egun dugun paisaia», adierazi du Murelagak.

EHUtik nabarmendu dutenez, Errege Bardeak bezalako oso lurralde gutxi daude Europan, «denbora-tarte jakin baten historia geologiko osoa» hasieratik amaierara ikusteko aukera ematen baitute: «Bardearen kasuan, duela 21 milioi urte ingurutik hasi eta 15 milioi urte ingurura arte».

«Badakigu zein urtekoa den geruza bakoitza»

Aipatutako denbora tarte hori hartuta, klima aldaketak izan duen eragina ere aztertu dute ikertzaileek, askoz ere ugariagoak baitira ozeanoetan zentratutako azterketak baina urriagoak ingurune kontinentaletakoak.

«Bardean, garai horretako ingurune kontinental batean kontserbatu diren aldaketen erregistro oso bat lortu dugu, badakigu zein urtetakoa den geruza bakoitza eta aurkikuntza paleontologiko oso garrantzitsuak egin ditugu, hala nola munduko habia flotatzaile zaharrenetako batena», azaldu du Murelagak.

«Ikerketa 1994an hasi bazen, lehenengo gida duela hiru urte argitaratu zen eta, ondoren, beste hizkuntza batzuetan egindako bertsioak argitaratu dira, azkena euskaraz izan delarik. Baina, gida argitaratuta ere, ezin esan daiteke Bardeako Biosfera Erreserbako lan zientifikoa amaitu denik. Une hauetan, ikerketa lana, duela 15 milioi urteko ugaztunen aztarnen hondakin fosilak aztertzean datza», zehaztu du EHUk.