GAUR8
Gaur X urte

Gaur 39 urte ‘Kurro’, ‘Pelitxo’, ‘Txapas’ eta ‘Pelu’ hil zituen Pasaian Polizia espainiarrak

39 urte bete dira Pasaiako segada gertatu zenetik. 113 bala-zulo zenbatu zituzten Dioni Aizpuru, Jose Mari izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart Komando Autonomo Kapitetalistetako kideek gorpuetan.

Pasaiako sarraskiaren urteurreneko 2021eko ekitaldia, Poliziak segada egin zuen tokian.
Pasaiako sarraskiaren urteurreneko 2021eko ekitaldia, Poliziak segada egin zuen tokian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Polizia espainiarrak dena lotuta zuen 1984ko martxoaren 22rako. Egun batzuk lehenago Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu egin zuen, bere kideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartuz. Itsasontziz iritsi ziren Santa Isabel gazteluaren parera Dionisio Aizpuru ‘Kurro’, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’, Rafael Delas ‘Txapas’, Jose Maria Isidro Izura ‘Pelu’ eta Joseba Merino. Soilik azken honek lortu zuen Poliziaren segadatik bizirik ateratzea.

Espetxeratu egin zituzten Jimeno eta Merino eta 113 bala-zulo zenbatu zituzten egun hartan hil zituzten lau kideen gorpuetan. Segadaren 30. urteurrenean, gertatutakoaren kontakizun zabala eskaini zion Merinok GARAri. Poliziek egindako «ehunka» tiroek «sorpresaz» harrapatu zituztela onartu zuen.

Ordutik, 39 urtez, hildakoen senide eta gertukoak justizia, erreparazioa eta memoriaren alde aritu dira borrokan. Ez da, baina, lan erraza izan, kasua hainbatetan artxibatu baitute epaileek 1987tik.

Alabaina, kasua argitzeko bide berri bat ireki da berriki. Joseba Merinok Pasaiako sarraskian parte hartu zuen polizietako bat identifikatu zuen RTVEren webgunean eta auzibidea irekita dago orain. Martxoaren 28an errekonozimendu proba egingo du Donostiako Auzitegi Nagusian: zazpi agente izango ditu aurrez aurre, eta horietako norbaitek identifikatzeko aukera. Bere abokatuak «zaila» dela onartu zuen NAIZ Irratian, baina, norbait identifikatzea lortuko balu kasuan «aurrerapauso itzela» emango litzatekeela.