05/11/2019

Euskarari eta turismoari buruzko jardunaldia, batak bertzeari lagun diezaiokeelako

`Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak´jardunaldia antolatu dute UEMAk eta UEUk, Orioko Udalaren laguntzarekin. Datorren azaroaren 21ean izanen da, Orioko Arraunetxean. Euskara nola erakargarri bihurtu eta euskal kultura nola plazaratu hausnartuko dute.

Maider IANTZI
Euskaraetaturismoa
Ane Sarasua, Anuska Esnal eta Iraitz Lazkano, Donostian, jardunaldia aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Euskara eta turismoa nola uztartu eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertzeko jardunaldia eginen dute azaroaren 21ean Orioko Arraunetxean. UEMAk eta UEUk prestatu dute, Orioko Udalarekin batera, udalerri euskaldun eta turistikoetan sortutako kezkak aztertzeko eta lan ildo berriak zehazteko asmoz.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak astearte honetako aurkezpenean oroitu duenez, 2017an ekin zioten turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko gogoetari, horretarako lantaldea sortuta. Pertzepzioak datuetara ekarri nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuten iaz, inkesten bidez, eta jasotako erantzuna argia izan zen,ia guztiek eskertzen dute euskara entzutea edo ikustea, eta aunitzek propio hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea.

«Bi eratara egin daiteke lan: euskarari presentzia emanda, eta euskara nola erakargarri bihurtu eta euskal kultura nola plazaratu aztertuta. Eta bigarren honetaz hausnartu nahi dugu jardunaldietan», azaldu du Lazkanok.

Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak agertu dutenez, euskarak eragin baikorra izan dezake turismoan, eta turismoak ere eragin baikorra izan dezake euskaran. Hori lortzea litzateke jardunaldiaren helburua. Eta turismo jasangarriaren kontzeptua plazaratzea ere bai.

Orio herri euskaldun turistikoaren adibidea da eta Anuska Esnal alkateak erran duenez, gogotsu eta ilusioz hartu dute ekimena. Toki paregabea aukeratu dute gainera, Arraunetxea.

Egun osoko egitaraua

Egitarauan sartuta, Jon Elzo Gura proiektuko kideak ikuspegi berritzaile bat emanen du; Jean Yves Agard Bordeleko Kedge enpresaritza eskolako ordezkariak bertako esperientzia kontatuko du; Itsaso Olaizola hizkuntza ekologian adituak turismoa eta hizkuntza garapena jorratuko ditu; eta Inhar Agirrezabal arkitektoa turista jasangarriaz arituko da.

Hori guztia goizean izanen da. Elkarrekin bazkaldu, eta arratsaldean mahai-inguruan bilduko dira lau ikuspegitako pertsonak: enpresarena, erakunde publikoena, udal teknikariarena eta kultur eragilearena.

Izena emateko tea informazio gehiagorako, UEUren webgunean dago aukera, labur.eus/euskaraturismoa estekan.