Pello Otxandiano

Udalgintza herrigile bat

Abiada bizian jarraitzen dugu hauteskunde deialdi ezberdinek baldintzatutako udaberrian. Gauza asko esaten dira halakoetan, zarata handia sortzen da, baina, esaten den guztiari logika elektoralista filtratzen duen galbahea pasatuz gero, ezer gutxi gelditzen zaigu gaur zortzi intereseko gerta dakigukeenik. Alderdien estrategia elektoralak prebisibleak dira, badakigu bakoitzak zer esango duen eta esaten duenak zeri erantzuten dion. Alta, gaur egun, mezu horiek jendartean duten inpaktu demoskopikoa neurtzea inoiz baino zailagoa da, gaurko inkestak inoiz baino fidagaitzagoak baitira.

Hauteskundeen zurrunbilotik ateratzeko aukera eman dute aste honetan “Bizitzak eta Lurraldeak” jardunaldiek. Transform Europako ezkerreko fundazioen sarearen aterkipean euskal esperientzia komunitarioak aztertzeko balio izan duten jardunaldiak ospatu dira Bilbon hiru egunez. Udal hauteskundeak datoz eta udalgintza ziklo berri bat abiatuko da ekainean udalbatza berriak osatzeaz batera. Beraz, hauteskunde kanpaina prestatzeko bakarrik ez, sasoi hau aproposa da udalgintzaz-herrigintzaz gogoeta egin eta hurrengo ziklo munizipala prestatzeko.

Bi ideia nagusi azpimarratuko nituzke jardunaldi hauen inguruan. Lehena: erreferentzia-sistema berriak behar ditugu gure herrigintza aztertu eta ebaluatzeko. Herri honek autoeraketa gaitasun handia izan du azken hamarraldietan, gatazka politikoaren parametro zehatz batzuetan garatu dena. Iñaki Sotok proposatu zuen haritik tiraka, aurreko ziklo politikoan gatazka eta kontsentsu batzuk definitu ziren, eta ziklo politiko berriak gatazka eta kontsentsu berriak eskatzen ditu. Adibidez, hezkuntzaren esparruan dabilen publikotasun ereduaren eztabaida ezin da duela 20 urteko eztabaida berdina izan. Eztabaida garai historiko honetara testuinguratu ezean, eta gatazka politikoaren aro zehatz batean gailendu ziren eskemak erreproduzituz gero, aukera paregabe bat gal dezakegu. Izan ere, begirada gaurkotuz gero, Euskal Eskola Publikoaren aldeko kontsentsu berri bat eraikitzeko gai izan gaitezke hemen eta orain, eta hezkuntza mugimendu berri bati hauspoa emateko. Kontrara, inertzietan itota jarraituko dugu beste hamarraldi batez.

Bigarrena: nahikoa jakintza metatu dugu komunitate lokalak oinarri hartuta burujabetza materialaren eraikuntzan jauzi bat emateko. Krisi politikoa bizi dugu, sistema politikoak eraldatzen ari dira autoritarismoaren bidetik. Parez pare, euskalerrigintza, Euskal Herria ardatz duen egitasmo emantzipatzailea, erresistentzia fronte bilakatu dezakegu. Pertsonen eta komunitateen ahalduntzea helburu duen burujabetza materialaren eraikuntza, herriz herri, tokiz toki. Horixe proposamena. Eta jauzia: udalgintza eredu herrigile baten despliegea. Udalgintza Euskal Herriaren demokratizazio prozesuan subjektu protagonista bilakatzea; udalak, eragile komunitario aktibo izanik, euskal estatugintzaren motor bihurtzea.

Esan bezala, azken urteetako esperientzia oinarri harturik badaude baldintzak jauzi bat emateko, hiru planotan gutxienez: 1.- Bisio emantzipatzaile baten sorkuntzan. Mugimendu sozial emergenteak daude gure artean, aldaketa erradikalak proposatzen, eta, aldi berean, ziurtasunak eskatzen egin beharreko trantsizioetarako. Errelato konpartitu baten beharra dugu. 2.- Interbentzio ereduan: zein da aldaketa sistemikoak bultzatu ditzakeen interbentzio eredua, zeinak gizarte zibil antolatua eta udala elkarrekintza emankorrean jarriko dituen? Zer baliabide behar ditugu horretarako? 3.- Zeintzuk dira, gaur eta hemen, euskalerrigintzaren aldeko mugimendu sozial bat gorpuztu eta trakzionatu dezaketen proiektu konkretuak?

Galdera asko dira baina erantzun batzuk esku artean dauzkagu. •