Joxean Agirre

Isunak

Uste dut pertsona bakoitzak duela bere abiadura. Badaude repris-ik gabeak, goizetan gurinarekin ogi txigortuak lardaskatzen denbora galtzen dutenak. Nik zutik gosaltzen jarraitzen dut, mundua itxaroten banu bezala, nahiz eta badakidan ez dudala premiazko egiteko bakar bat. Badaude ralentian bizi direnak eta hizketan hasi orduko logalea eragiten digutenak ere.

Errepidean bizi gidatzea gustatu izan zait, alai, gazte batek bezala, eta autobide bat harrapatzen nuenean ezkerreko errailean jartzen nintzen gehienetan eta begi bat errepidean eta bestearekin parajea ikusmiratuz joaten nintzen, 80 jartzen zuen lekuetan 85ean eta 100 jartzean zuenean 110ean beti, mugaz behetik egundo ez. Horrekin ez dut esan nahi arriskugarria nintzenik. Hemezortzi urterekin gidabaimena atera nuenetik milaka kilometro asko egina naiz. Soldaduska kamioi batekin burutu nuen eta Madrilgo kale zaratatsuetan ibiltzen ginen kanoi handi bat arrastaka genuela eta ez dut sekula santan kolperik eman, atzetik pare bat aldiz jo banaute ere, Eibarko semaforo batean behin, gidabaimenik gabeko gazte batek. Errukitu eta etxera joateko esan nion.

Horrela nenbilen zigorrak iristen hasi zitzaizkidan arte. Oso egun gutxiren tartearekin hiru isun ordaindu behar izan ditut eta gidatzeko modua aldatu zait ezinbestean. Ez dakit zenbat iraungo didan, baina begirada errepidean iltzatuta eta bi eskuak bolanteari atxikita, eskuineko errailetik ibiltzen hasi naiz, kamioitzarren atzetik gidari gregarioen antzera eta badakit ibiltzeko modu horrek aldartea aldatuko didala eta hasi zaidala umorea ere mingosten eta luza gabe hurkoari klaxona joz bukatuko dudala edo leihatila jaitsi eta egundokoak esaten edo, okerragoa dena, istripuren bat izatera iritsi naitekeela, bizi nindoanean baino arrisku gehiago dudala sentitzen baitut abiadura motelean.

Bizikleta gainean bezalaxe, gutxieneko abiadura bat behar da bizitzan. Gure etxeko sukaldean presio-eltzea da errege eta moldatzen gara. Slow mugimendua ederra da kazetaritzan, baina eskarmentuz dakit azkar idazten dutenak direla onenak askotan. Eta politikariei buruz zer esan? Badaudela tai jia praktikatzen dutenak, zerbait egiten ari diren itxurak egiten dituzte, baina betiko lekutik mugitu gabe. •