Iñaki Soto
Datorrena

Irredentismoa nazionalismo klase garrantzitsu gisa

Krimean gertatu denaren harira, egunotan, amaitu ez nuen tesiaren apunteak berreskuratu ditut. Ez dut, ordea, Krimeaz hitz egingo. Ez dut auzia menperatzen eta, oinarrizko irizpide demokratikoez harago (herritarrek erabaki dezatela beretzat zer nahi duten eta erabaki hori errespetatua izan dadila), nire filia eta fobia geopolitikoen defentsa besterik ez nuke egingo. Ez dut aurreiritzien bazka izan nahi, ez neure aurreiritziena, are gutxiago beste batzuen aurreiritziena.

Maila teorikoan, eta zehaztasun gehiagotara sartu gabe, Krimeakoa irredentismoaren adibide gisa uler daiteke. Irredentismoa nazionalismo klase bat da. Hain zuzen ere, iraganean egindako akordio politikoen ondorioz, borondatez edo bortxaz bere erreferentziazko etnia biltzen duen estatutik kanpo geratu den komunitatearen borroka litzateke irredentismoa. Adibidez, Irlandako iparraldean, errepublikarren borroka. 1922an, iparraldeko konderriak Errepublikaren sorreratik kanpo geratu ziren eta ordutik hona bertako abertzaleak irla politikoki batzeko borrokan ari dira.

Aditu askorentzat ordena aurkakoa da, ordea. Alegia, estatu batek «galdutako» lurralde bat berreskuratzeko duen politika litzateke irredentismoa. Nire ustez, ikuspuntu hau okerra da, Irlandako kasuak argi erakusten duenez. Adibidez, Gobernu irlandarrak ez du batasunaren aldeko politika aktiborik izan. Ez dut estatuen ikuspuntua irredentismoaren parte ez denik esan nahi, baina gehienez ere parte bat da, inondik inora ez fenomenoaren azalpen orokorra. Akatsa, nire ustez, botereari buruzko kontzepzioan dago. Nazionalismoa fenomeno politikoa da eta, ondorioz, boterearekin harreman zuzena du. Botere politikoa, ordea, ez da boteredunen jarduna soilik, alegia, estatuena eta agintariena. Niri komunitateen eta herritarren irredentismoa interesatzen zait. Estatuen irredentismoan, interes geopolitikoek indar handia dute (horrexegatik, besteak beste, Estatu irlandarrak ez du ia ezer egin irlaren batasuna lortzeko). Agian, zilegia da. Komunitateenean, ordea, herritarren eskubideen eta interesen defentsa zentrala da.

Gaur egungo estatu gehienak multietnikoak dira. Hau egitatea da eta, nire ustez, ez da ez ona, ezta txarra ere. Gaur egungo estatu gehienak etnikoki hegemonistak dira, alegia, beren «bihotz-etnia» gainontzeko etniei inposatu nahi diete. Hau ere egitatea da eta, nire ustez, okerra da. Autore askok esaten dutenaren kontra, nazioen alorrean arazoa ez da «etnia bat, estatu bat» defendatzen duten abertzaleen proiektua (lehenik eta behin, proiektu hau honezkero ezinezkoa baita), baizik eta «estatu bat, etnia bat» bultzatzen duten agintariena. Hemen, ordenak emaitza alda dezake. Irredentismoan, berdin.

Edonola ere, nazioarteko komunitatearen babesaz luzaroan egin diren akordio zentzugabeen ondorioz eta «mundu ordena berrien» ondorioz, aurrerantzean irredentismoa auzi zentrala izango dela aurreikus daiteke.

Iñaki, ze urrun dagoen Krimea

Bai. Ni, kristo guztia bezala, besteenaz ari naizenean, hein handi batean nireaz ari naiz. Alegia, Euskal Herriaz, hau baita benetan ezagutzen dudana eta, batez ere, interesatzen zaidana. Euskal Herria estaturik gabeko nazioa den heinean, independentiston helburua estatu propioa lortzea den heinean (beste etniek eta nazioek duten neurri berean, gutxienez), irredentismoaren auzia gure errepide-mapetan sartzera behartuta gaude.

Alor honetan, gezurra dirudien arren, abantaila dugu: ez dugu estatu bat. Ondorioz, guretzat errazagoa da eszenatoki horretan nola jokatu beharko genukeen asmatzea. Gure buruari egin behar diogun galdera sinplea da: boterea lortuz gero, «besteak» beraiek «gu» tratatu gaituzten bezala tratatuko ditugu? Erantzuna eman aurretik, pentsatu beraiei nola joan zaien. Eta kontuan hartu eztabaida hauek ondoren egitea alferrik dela. Amaitzeko, azken aipu bat: iraina nazionalismoaren erregaia bada, irredentismoarena ere izango da. •