Iñaki Altuna
asteari zeharka begira

Zer abestuko ote dute biharko ikastoletan?

Eustakio Mendizabal “Txikia”ren omenez eta ETAko buruzagi Candido Saseta 36ko gudarien buruarekin parekatuz, Telesforo Monzonek idatzitako kantak dioen moduan, «gure haurrek biharko ikastoletan heien izenak abestu»ko ote dituzten ez dakigu. Kasik segurutzat jo daiteke, ordea, gaur egun hainbatek inposatu nahi duen beste «relato» bat eta bakar hori ez dela izango hamarkada batzuen buruko Historiako liburuek jasoko dutena. Euskal Herrian izandako arazoa ETAra mugatzen dela eta erakunde horren motibazioen atzean gutxi batzuen berezko gaiztakeria baizik ez dagoela dioen mezuak ez du ez hanka ez buru. Ezingo dute, saiatuta ere, oinarri-oinarrian arazo politiko bat dagoela ezkutatu, ez frankismoaren errepresioak berriro ere arazo hori eztandarazi zuela, ezta frankismoaren eraldaketarako erreforma okerrak gatazka betikotu eta gaiztotu zuela ere. Nola justifikatuko ote dute Xabier Arzalluzek ETAri buruz «ez dira Tempranilloaren banda» esan izana edo EAJren buruak Argala eta Txomini eginiko errekonozimendua? Nola ezkutatuko dituzte De Gaullek Frantzia naziez askatzen laguntzeagatik kondekoratu zuen Ordoki komandanteak ETAko militanteen kontra Parisen izandako epaiketetan botatako hitzak? Ez, gezurraren tamaina handiegia da. Faltsukeria petralegia da. Azken bost hamarkadatan Euskal Herrian gertatutakoaren azterketak beste sakontasun eta seriotasun bat behar du, biharko ikastoletan faltseria ikas ez dezaten.

Baina, aitortu dutenez, Espainiako agintariek ditxosozko «relato»aren bataila irabazi nahi dute. Eta horretarako frankismoaren ondotik haustura demokratikoaren alde egindako hautua ere kriminalizatu nahi izan dute. Horregatik eraman dute Hasier Arraiz epaitegira. Bere burua ere ukatu behar du ezker abertzaleak; Adolfo Suarez, Juan Carlos I.a, Martin Villa eta enparauak eredugarri izan zirela ontzat eman behar izateraino, antza.

Zoritxarrez, EAJk ere bat egin izan ohi du nolabait exijentzia horrekin, modu eta era ezberdinetan, gaiaren arabera. Loiolako negoziazioen aldian, orduko EBBko presidenteak, Josu Jon Imazek, argiki esan zuen alderdiak ez zuela trantsizioan egindako hautua zalantzan jar zezakeen ezer onartuko. Orain, mutil koskorretan «Carrero voló, voló, iup... lará» jertsea gora botaz ibiliko zen Jonan Fernandez egituratzen ari den mezua aprobetxatuz, badirudi EAJk eta Urkulluk une hartan izandako jokabideen gaineko eztabaida irabazi nahi duela, ezker abertzaleak «bidegabe» jardun izana onartu behar duela eskatuz.

Dudarik ez da, prozesu demokratikoaren aurrerabiderako, goiaz ala berant, ETAk egindako kaltearen eta sufrimenduaren aitorpen solemne, sakon eta euskal herritarrentzat sinesgarria egin beharko duela. Beste kontu bat da, ordea, halakorik erabiltzea egungo estatus juridiko-politikoa babestuz zenbaitzuek gatazkan izandako ardurari iskin egiteko edota aurrera begira nagusitasun politikoa aldarrikatzeko. Oso bestelako kontua indarkeria eta inposizioa oinarri izan duten prozesu politikoak (erreforma frankistarena, kasu honetan) zuritzeko edota zilegitasun osoa duen –eta, beharbada, inoiz baino indar handiagoa izan dezakeen– proiektu independentista kaltetzeko erabiltzea.

Azken horretan arituko dira Espainiako Gobernua eta Estatua, inposizioa justifikatzen eta erabakitzeko eskubidearen gauzatzea galarazten. Orain datorren bataila –bataila politikoa, alegia– galdu nahi ez dutela nabarmendu du berriki Barneko ministroak, eta horretarako eskubideak mugatu, indarkeria erabili eta legeak bihurrituko dituzte. Eta krudel eta anker aritzeko prest daudela erakutsi dute, hilzorian dagoen Josu Uribetxebarria estutuz. Ez dute bestelako muniziorik bataila horretarako. Ez dute ez herri babesik ez eskaintza politikorik. Ez dago ez Suarezik ez aitaren semerik Espainiako proiektu ustela Euskal Herrian salduko duenik. Epaileak, poliziak, kartzelak, debekuak... horiek dituzte arrazoibide. Ez arrazoi ez bide ez izan arren. •