Marianela Jarroud - Tierramerica
HONDAMENDI NATURALAK

Txile, lurrikaren eta tsunamien ondorioak saihesten graduatutako herrialdea

Badirudi Txilek zerbait ikasi zuela 2010eko lurrikara eta tsunamitik (500 hildako) eta ikasitako hori ezin hobeto eta arrakasta osoz erabili zuen apirilaren 1eko gauean, beste lurrikara batek herrialdearen iparraldeko muturra astindu zuenean. Aldaketa ikusgarri horren atzean inbertsio ekonomiko handia dago. Baita gizaki askoren ahalegina ere.

Herritarrak Iquique hiriko errepide batean argazkiak egiten, bezperako lurrikarak eragindako kalteen lekukotasuna betiko gordetzeko. Aldo SOLIMANO | AFP
Herritarrak Iquique hiriko errepide batean argazkiak egiten, bezperako lurrikarak eragindako kalteen lekukotasuna betiko gordetzeko. Aldo SOLIMANO | AFP

Azken urteotako astinaldi bortitzenak beldurtuta, kaltetuak inguruko mendixketara joan ziren apirilaren 1eko gauean, Ozeano Baretik bi kilometro eskasera dauden muinoetara, Armadaren Zerbitzu Hidrografiko eta Ozeanografikoak tsunami-alerta plazaratu ondoren. Beldurra nagusi izan zen arren, ia milioi bat pertsonek arrakasta osoz eta modu eraginkorrean egin zuten ebakuazioa. Hedabideek aipatutako hildako sei pertsonak bihotzekoak jota edo zapalduta zendu ziren.

Richter eskalan 8,2 gradu izan zituen lurrikara 23:46an gertatu zen, Greenwicheko ordua. Urtarrilaren 1az geroztik herrialdearen iparraldean izan duten astinaldirik bortitzena izan zen. «Gure apartamentuan geunden, eraikin bateko hirugarren solairuan. Alaba eta senarra besarkatu nituen. Bat-batean, leihoek eztanda egin zuten eta beira zatiak erori zitzaizkigun bizkarrera. Ikaragarria izan zen», esan dio Tierramericari Iquique iparraldeko hiriko biztanle batek. Gaur egun itsasertzetik urruti bizi da, tsunamiek harrapatu ezin duten puntu batean.

«Asko ikasi dugu. 2010ean gaizki funtzionatu zuten makina bat elementuk akatsik gabe funtzionatu dute azken lurrikararen ondoren», adierazi dio Tierramericari Sergio Barrientos Txileko Zentro Sismologiko Nazionaleko zuzendariak.

Orain lau urte oso bestelako kontuak izan ziren. «Lurrikaren monitorizazio sistemak kolapsatu egin zitzaizkigun eta lurrikararen inguruko informazioa eman ahal izateko bi ordu behar izan genituen», esplikatu du. «Oraingoan, lurrikara bera txikiagoa izan arren, herritarrek beharrezkoa duten informazioa emateko minutu gutxi batzuk nahikoa izan ziren», esan du.

Michelle Bachelet Txileko presidenteak Iquique (Santiagotik 1.800 kilometrora, iparraldean) eta Aricako (hiriburutik 2.200 kilometrora) eremuen gainetik hegan egin zuen eta egoeraren berri izan zuen. «Ebakuazio prozesua eredugarria izan da oraingo honetan, elkartasun handikoa, eta horri esker hain zaila izan zitekeen maniobra gorabehera handirik gabeko prozesua izan da. Horri esker herritarrak tsunamiaren mehatxutik eta lurrikarak eragindako beste arazo larrietatik babestuta egon dira», adierazi du Barrientosek.

Protokoloek, porrot 2010ean

Presidente kargua bigarren aldiz joan den martxoaren 11n hartu zuen Bachelentzat, apirilaren 1eko lurrikara saio erabakigarria izan zen. Izan ere, bere lehen agintaldia Richter eskalan 8,2 gradu izan zituen 2010eko otsaileko lurrikara gertatu eta berehala bukatu zuen, hondamenditik hamabi egunetara. Orduan naturak Txileko erdialdeko eta hegoaldeko eremu handiak suntsitu zituen, ezer errespetatu gabe.

Kasu hartan tankerako egoeratarako prestatutako protokoloek porrot egin zuten eta tsunami-alerta beranduegi iritsi zen. Ondorioz, 500 pertsona inguru hil eta 200.000 etxebizitza inguru suntsitu ziren. Bacheleten aurkako kereila bat ere aurkeztu zen epaitegian eta garai hartan bere laguntzaile izan ziren pertsona batzuk ikertzen ari dira oraindik epaileak.

Lau urte eta gero, oraingoan gauzak aldatu egin dira. Presidenteak berehala hondamendi eremu izendatu zituen kaltetutako eskualdeak eta Indar Armatuei agindu zien ordena publikoa zaintzeko. Lehenago, turutek herritarrei nahikoa denborarekin jakinarazi zieten tsunami arriskua zegoela eta milaka lagunek leku arriskutsuenak utzi zituzten, lasaitasunez.

Aldaketa ikusgarri horien atzean inbertsio ekonomiko handia dago. Baita gizaki askoren ahalegina ere. 2012an, Zentro Sismologikoak hitzarmen bat sinatu zuen Barne Ministerioarekin sentsore sarea indartzeko eta estazio berriak sortzeko. Gainera, komunikazio sistemak ere sendotu egin zituzten.

Zazpi milioi dolarreko inbertsioa egin zen, oraindik lan guztiak erabat bukatu gabe badaude ere. Hamar monitorizazio estazio berri sortu ziren, ekipamendu berria eta satelite bidezko teknologia erosi zen, eta Larrialdietarako Bulego Nazionaleko eta Zentro Sismologikoko langileak gaitu egin zituzten.

Hondamendiei aurre egiteko eta ondorioak murrizteko estrategiak, Txilen gertatu moduan, leku askotan eman ditu fruituak. Latinoamerika osoan gauza bera gertatzen ari da, Unesco hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundearen bulegoak jakinarazi duenez. Latinoamerikako eremu askotan ohikoak dira lurrikarak eta tsunamiak, sumendien erupzioak eta urakanak, eta gertaera horiek beti urrakortasun baldintzei lotuta ageri dira, pobreziarekin eta segurtasun faltarekin esaterako.

Hala ere, bertako populazioa gaur hobeto prestatuta dago, herrialdeen arteko lankidetza eraginkorra da eta alerta eta erantzun mekanismoak efizienteak dira, Unescok nabarmendu duenez. «Txile kaltetu zuen 2010eko otsailaren 27ko tsunamiaz geroztik egoera asko hobetu da», dio gaur egun Unescok.

Lekuko agintariekin batera, Txile, Peru eta Ekuadorreko biztanleak gaitzeko hezkuntza egitasmoak aurrera ateratzen ditu Nazio Batuen Erakundeak. Txilen, zehazki, urak hartzeko arriskuan dauden eremuetako 144 eskolatan egin zen formazio lan hori, hau da, itsas mailarekiko dagoen distantzia bertikala 30 metrora iristen ez diren lekuetan.

«Tankerako egoerei aurre egiten ikas dezaten herritarrak prestatzea da garrantzitsuena, batez ere Txile bezalako herrialde batean, tsunamia lurrikara gertatu eta handik 15 edo 20 minutura irits baitaiteke, eta informazioaren analisia egiteak berak hamar minutu hartzen ditu», esan dio Tierramericari Rodrigo Cienfuegos ingeniari hidrauliko eta Hondamendi Naturalen Kudeaketa Integraturako Ikerketa Zentro Nazionaleko adituak. «Herritarrek modu autonomoan erreakzionatu behar dute, jakin behar dute norantz alde egin, apirilaren 1ean izan genuen lurrikararen ezaugarriak dituen astinaldi bat gertatu eta berehala», erantsi du Cienfuegos tsunami ikerlariak.

Lehen erasoaldia gaindituta ere kaltetuen lana ez da bukatu. Ondoren «prestatutako biktimak» izaten ikasi behar dute: hortik aurrera iritsiko zaien egoera jasaten, esaterako, etxea utzi eta desplazatu bihurtzea edo nahiko janari, ur eta argindar ez izatea jasaten. «Gure asmoa larrialdia pasa ondoren, aro berri eta zail horretan bizitzeko herritarrak hobeto prestatuta egotea da», dio Cienfuegosek.

Itsasertzetik aldendu

Unibertsitate Katolikoko irakasle horren iritziz, Txilek oraindik ez dauka lasai egoterik, 4.000 kilometroko itsasertza duelako herrialdeak eta lurrikarak bertan beste inon baino maizago gertatzen direlako. Etorkizunean gizakien kokalekuak zeintzuk izango diren berriz aztertu behar du herrialdeak, esaterako. «Herritarrek jakin behar dute itsasertzetik hain hurbil bizitzeak zein arrisku dituen. Zaila da urte asko itsasoaren ondoan bizi izan direnak itsasertzetik aldentzea, baina neurriak hartu behar dira kokaleku berriak non jarri aztertzeko garaian».

Sismologoek diote Txileko iparraldeko herritarrek erne jarraitu beharko dutela. 137 urte pasa dira azken lurrikara erraldoia gertatu zenetik, eta geroztik pilatutako energia apirilaren 1ean askatu zena baino askoz ere handiagoa da. Beraz, astinaldi bortitzak berriz izango dituzte.

MARIO PARDO sismologoa

«Lurrikara bortitzago bat izatea espero dugu, 8,5 graduko astinaldia»

Adituek jakitera eman dutenez, apirilaren 1ean Txileko iparraldea astindu zuen 8,2 graduko lurrikarak azken mende eta erdian planetaren eremu horretan pilatutako energiaren zati bat askatu zuen, baina ez guztia. Txilek sismikotasun altua du, munduko altuenetakoa, Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren gainean baitago, Nazcako plakak eta Hego Amerikakoak bat egiten duten eremuan.
Tarteka, txiletarrek entrenamenduak egiten dituzte lurrikarei eta tsunamiei nola aurre egin jakiteko. Gainera, herrialdean eraikuntzak indartzeko lurrikaren aurkako arau zorrotzak ezarri dira.
Mario Pardo Txileko Unibertsitateko Zentro Sismologikoko zuzendariordea da. France Presse agentziari azaldu dio apirilaren 1eko lurrikara gertatu zen eremu bera astinaldi bortitzago batek kaltetu dezakeela.


Zer gertatu zen Txileko iparraldean?
Lurrikara handi bat gertatzea espero genuen lekuan bertan, astinaldi bat izan zen. Izan ere, 1877an 8,8 graduko lurrikara bat gertatu zenetik lurrak ez zuen bertan dar-dar egin, ez nabarmentzeko moduan bederen. Apirilaren 1ean eremu horretan pilatutako energia askatu egin zen azkenean, Hego Amerikako eta Nazcako plaken sei metro inguruko desplazamenduaren eraginez; hori dela eta, 8,2 graduko lurrikara bortitza izan zen.


Lurrikara larriago bat gerta daiteke?
Lurrikara handi bat prestatzen ari da. Orain, egia esan, ez da aktibatu 600 kilometroko luzera duen aintzira sismikoaren eremu guztia, 180 kilometroko luzera eta 120 kilometroko zabalera duen zatia baizik. Oraindik bi eremu geratzen dira, bat Peruko hegoaldean eta bestea Txileko iparraldean, batere mugitu ez direnak. Beraz, inguruan lurrikara bortitzago bat gertatzea espero dugu, 8,5 graduko astinaldia, gutxi gorabehera.


Nola prestatzen zarete lurrikara handi baten aurrean?
Eskualdean dauden estazio sismologikoak ditugu, horietako asko Alemaniarekin eta Frantziarekin elkarlanean jarritakoak. Horiez gain, estazio eramangarriak jartzen ari gara. Hamabost dauzkagu eta beste berrogei instalatuko ditugu. Baita GPS ekipoak ere. Ez dakigu hurrengo lurrikara noiz gertatuko den. Edonola ere, gehienez zenbat gradukoa izango den jakitea komeni zaigu, baita zer-nolako ezaugarriak izango dituen ere. Hurrengo lurrikarekin lurra nola mugituko den jakiterik izaten badugu, gure ingeniariek astinaldi horiei aurre egiteko moduko egiturak diseinatzeko aukera izango dute.