Oihana Llorente
ESKUBIDE SOZIALEN GUTUNA

Eskubide Sozialen Gutuna, eredu ekonomiko eta sozial berri bat lortzeko bidean ezinbesteko mugarria

Euskal herritarren eskubide sozialak zerrendatu, eta justu eta solidarioagoa izan nahi duen jendarte berri baten ardatzak jasoko ditu gaur zortzi argia ikusiko duen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Auzolanean, herri prozesu zabal baten bidez eraiki da gutuna. Inorena, eta, aldi berean, herritar guztiena izan nahi duen karta.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren hirugarren asanblada, Donostian.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren hirugarren asanblada, Donostian.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna astebete barru ezagutuko dugu. Gehiengoaren interesak eta gurean bizi diren askoren sentipenak jasoko dituen proposamenaren azken lerroak idazten ari dira uneotan. Euskal herritarren eskubide sozialen garantia ahalbideratu nahi du dokumentuak, eta, bide batez, eskubide horiek bermatuko dituen eredu sozioekonomiko berri baten ardatzak jaso nahi ditu.

Urtebete iraun du haurdunaldiak, baina gutuna ez da umezurtz munduratuko, makina bat herritarrek parte hartu dute-eta bere ernaldian. Mugimendu sozio-sindikalak pasa den urteko maiatzean Eibarren egin zuen batzar nazionalean ipini zuten lehen harria. Eta ordutik, mimoz adostutako bide orri baten baitan eman ditu urratsak.

Egoera ekonomiko ezin ilunagoan jaioko da gutuna. Krisi gori-gorian, baina testuinguru makurra aldaketarako aukera ere izan daitekeela sinetsita, tresna honen balioa defendatu du Edurne Larrañagak. Kartaren erredakzioan buru-belarri harrapatu dugu oiartzuarra. Haren ustez, krisiak ziklikoak dira eta bidegurutze bat ezartzen dute: «Ereduan sakondu edo norabidea aldatzeko aukeraren aurrean ipintzen gaituzte krisiek. Espainiar zein frantses estatuetan eta, beraz, Euskal Herrian, onartutako erreforma desberdinekin, tamalez, lehengoaren alde egiten ari dira». Larrañagaren iritziz, erabaki «oker» horiek herritarrengan sekulako eragina izan dute, pobreak pobretuz eta aberatsak aberastuz.

Urteak dira prestazio sozialen gabezia, etxe-gabetzeak, langabezia edota sektore publikoak jasaten dituen murrizketak salaketarako osagai direla. Eskubide urraketa lazgarri horrek sindikatu eta eragile sozialak biltzera ere eraman zituen, eta 2009. urtetik aurrera elkarlanean ari dira Gune deritzoten espazioan. Ordutik, makina bat aldiz atera dira kalera, eta nahi baina gehiagotan egin dute greba. Murru bat eraiki eta «kapitalismoan sakontzeko asmoa» duten neurriak geldiarazi nahi zituzten martxan jarritako herri protestarekin. Eskuak gurutzatuta erasoaldien zain egoteaz aspertuta, alabaina, euren ekinbide propioa erabaki eta eredu propio bateranzko tresna bat eraikitzea erabaki zuten orain dela urtebete.

Marra gorriak eta iparra

Geroztik, beste 11 kiderekin batera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna erredaktatzeko mandatua duen talde sustatzailean dago Larrañaga. 27 ataletan barnebilduko dituzte euskal herritarren betebehar eta eskubide sozialak, eta, era berean, ardatz horiek justu eta solidarioagoa izan nahi duen jendarte berri baterako oinarri izan nahi dute. «Zerrendatzen diren eskubideak maila batean badira gure marra gorriak, hortik pasatzea onartuko ez ditugun urraketak izango dira-eta. Tamalez, baina, minimoak diren moduan gure iparra ere badira, egungo eredua oinarrizko eskubide horiek bermatzeko gai ere ez delako», azaldu du Larrañagak.

Edukiaren nondik norakoak ezagutzeko astebete itxaron beharko dugu, baina, aurretik, atzera begira ipini eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak abian jarritako herri prozesuan jarri nahi izan dugu arreta. Izan ere, gurean gutxitan ikusi ohi den prozesu zabal, anitz eta horizontala izan da, edo, bederen, izateko hamaika saiakera egin ditu.

Erraztatzaileak lagun

Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 113 herri eta auzotan aurrera eraman den prozesuak, atentzioa mamian ipintzeaz gainera, modu eta moldetan ere jarri du. Talde sustatzaileak berak oreka du marka, bai gizon eta emakume kopuruari, bai adinari, bai herrialdeen ordezkaritzari dagokionez. Hala, eskubide sozialen defentsan trebatutako dozena bat lagunek osatzen dute talde eragile hau.

Joxemi Zumalabe fundazioaren atea jotzea izan zen euren lehen egitekoa, eta bertoko kideen ilusioa eta gogoa aurkitu zituzten atearen bestaldean. Ordutik, fundazioko beste hainbat kiderekin batera, prozesuan erraztatzaile papera jokatu du Olatz Dañobeitiak. Talde sustatzailearen dinamika ahalbidetzeaz gain, prozesuari lotutako beste eremuetako behar metodologikoetan laguntzen aritu da bizkaitarra.

Denena, eta, aldi berean, inorena

Iazko udararen bueltan egin zituen talde sustatzaileak lehen bilerak, eta, Dañobeitiak gogora ekarri moduan, taldea trinkotzean jarri zuten arreta: «Espazio informalak partekatzen saiatu ginen elkar ezagutza eta konfiantza sustatzeko, izan ere, harreman pertsonalek dimentsio politikoa dutela sinetsita gaude», kontatu digu.

Oharkabean pasa ohi diren baina garrantzitsuak diren milaka xehetasun horietan arreta jarriz aritu ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunari harrera egin eta oinarri ideologiko nagusiak zehazteko printzipioak osatzen. Talde lanean, norbera berean tematu gabe, kolektiboan eraiki zituzten printzipio horiek. Denena, eta, aldi berean, inorena ez zen ekarpen kolektiboa erdituz.

Prozesu herritarra, anitza, irekia eta zabala osatu nahi zuten. Baina horiek etiketak baino gehiago izan zitezen, materian adituak diren Urtxintxa eskolako, Joxemi Zumalabe fundazioko edota Hegoa institutuko kideez osatutako metodologia lantalde bat osatu eta planteamendu metodologiko berritzaile bat jarri zuten mahai gainean. «Zailtasun gehien dituzten kolektiboei ateak ireki nahi genizkien, aniztasunari leku egin. Eta aniztasun hori, zailtasun gisa baino, aukera moduan baliatu nahi genuen», azaldu digu Larrañagak.

Norabide horretan, sektoreen gainetik, eztabaida eta hausnarketen gunea herri eta auzoek izan behar zutela ebatzi eta lehenetsi zuten. Hori izan zen lehen erabakia, eta ikasleak, langileak, erretirodunak, gazteak, etorkinak, emakumeak edota gizonak batu dituen hamaika espazio eraiki dituzte Euskal Herri luze zabalean. Tuteran hasi, Zangozan jarraitu, Okondotik igaro eta Bilboko hamalau auzoetaraino iritsi baita eztabaida prozesu hau. «Herri eredu sozial bat eraikitzera bagoaz, denen artean, elkarri helduta, egin behar dugu aurrera», nabarmendu du Larrañagak.

Herriak sektoreen gainetik

Hala eta guztiz ere, kolektibo batzuen premia bereziak direla medio, edo hala ebatzi dutelako, maila nazionaleko hainbat lan talde sektorial ere osatu dira. Horietan, emakume edota etorkinen eskubideez, ezgaitasunen bat duten pertsonen egoeraz, aniztasun sexualaz, bazterketa sozialaz edota euskararen inguruan aritu dira, besteak beste.

Eztabaida prozesua herri eta auzoetan martxan jartzeko beharrezkoak ziren talde dinamizatzaileak prest edukita, 180 lagun inguru elkartu zituzten metodologia mintegiak egin zituzten. Eztabaidaren mamiari heldu aurretik, diseinatutako prozesuak zituen bost urratsen nondik norakoak aurkezteaz gain, 66 orrialdez osatutako gida metodologikoa banatu eta makina bat dinamika berritzaileren berri eman zen bilerotan. Herri eta auzoen desberdintasunak aintzat hartzeko pistak eta dinamika anitzen zehaztapenak jaso zituzten parte hartzaileek.

Asanblada, world cafe edo tailerrez gain, antzerki, collage edota ideien dastatze azokak egitea gomendatzen zuten mintegietan, betiere parte hartzea eta aniztasuna sustatzeko helburuarekin. «Sekulako arrakasta izan zuten mintegiek –hasi zaigu kontatzen Larrañaga–, buruak ireki eta parte hartzea bultzatzeko hamaika modu egon badirela ikasteko aukera izan genuen. Denok ez baitugu zertan jende aurrean aritzeko gai izan behar! Dinamizatzaileak hezteko aukera aparta izan ziren bilera haiek» .

Abenduaren bueltan ekin zioten azkenean benetako eztabaidari. Mamian sartu eta eskubideak, aldarrikapenak eta tresnak zerrendatzen igaro zituzten orduak. Hamaika gai potolori egin diote kosk, lan, enplegu, osasun edota hezkuntza eskubideak tarteko. Erabakitzeko eskubideaz ere luze aritu dira, herri moduan geroa erabakitzeko ahalmenaz edota norberak bere bizitzaren edo heriotzaren gainean erabakitzeko izan beharko lukeen eskubideaz. Eztabaida filosofikoak batzuk, askoz praktikoagoak besteak; denak, ordea, herritarren interesekoak.

Hala aitortzen dute datuek, izan ere, 1.200 herritar inguruk hartu du parte urtebete iraun duen prozesuan, eta milaka izan dira eskubideen gainean egindako ekarpenak.

Datorren larunbatean ereindako haziaren lehenengo uzta jasoko dute. Bilbon izango dute zita, bertan izango baita azken asanblada nazionala. Bidea, baina, ez da hemen amaituko, gutuna onartzearekin batera aurrera begirako estrategia adostuko dute-eta. Xehetasun guztiak ezagutzeko itxaron beharko dugun arren, lau zutabe nagusitan sostengatuko da mugimendu sozio-sindikal berrituaren lana. Hala aurreratu digu bederen Larrañagak. Haren aburuz, gainera, mobilizazioaren alorra, atxikimenduak biltzeko lana, interpelazio instituzional eta politikoa, eta alternatiben eraikuntza izango dira etorkizuneko estrategiaren gakoak.

Erasoaldien aurkako murrutik eztabaida eta hausnarketara igaro bezala, teoriatik praktikara jauzi egitekotan da orain Euskal Herriko mugimendu sozio-sindikala. Jauzi horretan, baina, irmo eutsiko diote Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunari.

 

Carlos Askunze: «Bertan bizi eta lan egiten dugunon eskubideak zehaztea ezinbestekoa da»

 

REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareko koordinatzailea da Carlos Askunze eta urte honetan guztian buru-belarri aritu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna errealitate egiteko lanean.

Gustura aritu da Askunze gutunaren osaketan. Partekatzen den lurraldearen oinarrien eraikuntzarako ezinbestekoa deritzo-eta denen artean, modu kolektibo eta demokratikoan, bertan bizi eta lan egiten duten herritarren eskubideak zeintzuk diren zehaztea. Hala uste du Askunzek, eta ariketa horrek une honetan garrantzi berezia duela uste du, izan ere, «pentsamendu neoliberalak eta ekonomiak politikari lekua kendu» diotelakoan dago. Espazio horiek berreskuratu eta bizitza duin bat aurrera eramateko beharrezkoak diren eskubideak zabaldu behar direla uste du REASeko kideak; «jendarte justuago, solidarioago eta orekatuago baten mesedetan dauden eskubideak», gaineratu du.

REAS sarea zabala eta anitza da, eta sareak bere osotasunean gutunaren osaketan parte hartu ez duen arren, sareko kide eta talde ugari aritu dira zuzenean lanean. Horretaz gainera, joan den martxoaren 15ean bazterketa sozialaren ondorioak eta hari aurre egiteko alternatiben gaineko batzar berezia antolatu zuten Bilbon, eta 70 lagunek hartu zuten parte. Talde sustatzailearen esku daude bilera horretan ateratako ekarpenak.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren inguruan  erakunde sindikal eta sozialak batu eta denen artean dinamika parte hartzaile zabal bat martxan jartzeko ahalegin handia egin dela uste du Askunzek. Haren ustez, baina, bestelako sare eta erakunde sozialek ere lekua izan behar dute prozesu honetan, eta komunikazioak eta mobilizazioak zeresan handiagoa izan beharko lukete. Hala eta guztiz ere, datorren astetik aurrera irekitzen den fase berrian garrantzi berezia izango dutelakoan dago, eta, beraz, ilusioz eta gogoz begiratzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak irekiko duen testuinguru berria.

Guztira 60 enpresa eta entitate batzen dira REAS sarean, arlo ekonomikoan baina irizpide alternatiboekin aritzen direnak guztiak; kooperatibak, gizarteratze enpresak, birziklapena oinarri duten enpresak edota elikadura burujabetza bultzatzen duten merkataritza enpresak, besteak beste. Kapitalismotik aldentzen diren alternatibak bultzatu eta aldaketa sozialerako tresna izan nahi du REAS sareak.

  

 

Norma Maffare: «Gutuna berea dena aldarrikatu eta nahikoa dela dioen herri baten oihartzuna da»

 

Hegazkin batean sartu eta Ekuador jaioterria atzean utzi zuen 2002an Norma Maffarek. Etorkin gehienen antzera, aurrera eta atzera ibili beharrean izan da urte hauetan guztietan. Ozeanoa zeharkatu eta berehala ezagutu zuen Euskal Herria. 11 urte daramatza jada gurean, gehienak Bilbo inguruan; izan ere, Bilbo zainetan daramala dio.
Gutuna idaztea «txalogarria» dela irizten dio Maffarek, eta gainontzeko herrialdeek ere prozesu hau eredu gisa hartu beharko luketela uste du. «Hala egin beharko lukete, bai behintzat gizon eta emakumeak berdintasunean bizitzeko aukera galtzen ari diren herrialde horietan guztietan», gehitu du.

Etorkin den heinean, gutuna etorkin ororentzat garrantzitsua dela uste du. «Hemen gaude, hemen bizi gara eta jendarte honen parte gara», dio irmo. Gainerako herritarren antzera euren eskubideak ere maila ezberdinetan urratuak izaten ari direla sentitzen dute etorkinek, eta, Normaren arabera, etorkinek eta etorkin ez direnek, herritar guztiek dute bizitza duin bat izateko eskubidea eta betebeharra.

Gutuna erdituko duen prozesuak «oniritzia eta aitortza» behar lukeela uste du Normak. Haren oinarrian, gainera, azken urteetan jendartean gertatzen ari denaren gaineko «ikerketa eta hausnarketa prozesu luze eta sakona» egon dela sinetsita dago. «Herritarren mesfidantza, ikara, itoaldia, etsipena eta amorrua egunetik egunera handiagoak dira, bai eta ezezagutzari diogun beldurra ere». Hala deritzo Normak, eta sentimendu horiek guztiak izan dira, bere aburuz, gutunaren motorra.

Haren ustez eredugarria izan da prozesuaren aniztasuna eta ziur da nahi izan duen herritar eta eragile orok parte hartzeko  aukera izan duela. Bilera, tailer zein ekarpen bidez jasotako  iritziak, herri baten desadostasunaren ispilu direla uste du. «Nekatua dagoen eta nahikoa dela dioen herri batek hitz egin du –dio Normak–. Bestelako jendarte eta estatu bat nahi dituen herria». Haren ustez, gutuna berea dena aldarrikatzen duen herri baten oihartzuna da.

Munduko emakumeak biltzen dituen Babel elkarteko kidea da Norma. Astelehenero 20 eta 30 emakume artean elkartzen dira Bilbon duten egoitzan. Babel barruan Brujas y Diversas izena duen taldea dago, eta hark hartu du emakume etorkinen nahiak eta beharrak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren talde sustatzailera eramateko ardura. 

 

Saioa Iraola: «Elkarlana eta elkar ezagutza izan ditu ezaugarri nagusi prozesuak»

 

Euskal Herriko Bilgune Feministako kide eta bozeramailea da Saioa Iraola, eta, aldaketaren bidean, kolektibo eta sektoreen arteko elkarlana eta elkar ezagutza ezinbestekoa dela iritzita, buru-belarri aritu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren osaketan.

Egungo egoera sozioekonomikoa «larria» dela esan, eta, berehala, jendarte ereduaren inguruko hausnarketa kolektiboa egitea beharrezkoa dela gaineratu du Iraolak; «jendarte eredu justu eta humanoago bat sortzeko, egungo sistema kapitalista patriarkalari ezezkoa eman eta guk geure eredu propioa osatzeko ariketa guztiz beharrezkoa da», gaineratu du.

Emakumeen presentzia nabarmena izan da prozesu osoan zehar. Parte hartzaileen ia erdia emakumeak izan dira, eta, talde sustatzailean ere, oreka mantendu da. Ikuspegi feminista hasieratik bukaerara arte txertatuta egon zedin, gainera, mugimendu feministako kide bat ere egon da talde eragile horretan. Herriz herri parte hartu arren, asanblada feminista bat ere antolatu zuten Bilbon, eta, bertan, 120 emakumek hartu zuten parte. «Bestelako herri eredu bat lortzeko bidean feministon parte hartzea ezinbestekoa delako elkartu ginen –aitortu digu–. Ikuspegi feminista batetik beharrezkoak ikusten ditugun aldarrikapen eta tresnak proposatzeko, eztabaida mahaira zer gai eraman erabakitzeko edota prozesua bera feminista izan dadin eman beharreko pausuak zehazteko bildu ginen».

Behin asanblada feminista eginda, bertan jasotako ideiak eta proposamenak bildu eta herri zein auzoetara itzuli ziren. Helburua argia: emakumeek asanbladetan  hausnarketa horiek tresna gisa erabiltzea.

Prozesuaren ezaugarritzea «anitza» izan dela iritzi dio Iraolak, eta bereziki interesgarriak iruditu zaizkio sektore batzuetan eman diren eztabaidak; emakume etorkinenak edota dibertsitate funtzionala duten pertsonenak jarri ditu adibide moduan. «Inbertitu den denbora eta energia dezentea izan da, lan neketsua izan da, baina, aldi berean, aberasgarria izan da», dio pozarren.

Bestelako herri eredu bat eraikitzeko bidean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna pausu oso interesgarria dela uste du Iraolak, «zer herri eta zer jendarte eredu nahi dugun identifikatzeko lanean indarrak eta energiak biltzera behartu gaitu prozesuak, era horretan zer ez dugun nahi errazago ikusi dugu». «Eta ikuspegi feminista batetik oso ariketa interesgarria izan da», gehitu du.

Bilgune Feministako kide honen aburuz, elkarlana eta elkar ezagutza izan ditu ezaugarri nagusi prozesuak, eta, edozein aldaketaren aurrean, lehen pausua hori dela sinetsita dago.

 

Paul Bilbao Sarria: «Krisia aitzakia bihurtu da euskararen berreskurapena galgatzeko»

 

«Ba al dago Eskubide Sozialen  Gutunaz hitz egiterik hizkuntza eskubideak ez badira jasotzen?». Galdera hori paratu digu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusia den Paul Bilbao Sarriak. Berak ezetz uste du.

Bilbaoren ustez, eraldaketa soziala helburu duten horrelako prozesu edo dokumentuak jorratzen direnean, lehenik eta behin errealitateari erreparatu behar zaio. Euskal Herriari dagokionez, ondorioz, berezko hizkuntza egoera gutxiagotuan dagoela aintzat hartu beharra dago; Bilbaorentzat nahitaezkoa da gutunak komunitateari egoki ikusten duen hizkuntza politika abian jartzeko eskubidea aitortzea.

Euskalgintzako erakunde garrantzitsuenen bilgunea den heinean, horrelako foroetan ekarpenak egin eta euskararen beharrak ere txertatzen direla bermatzeko joera du Kontseiluak. Erakunde gisa gutunaren oinarriei eta printzipioei egin zien lehen ekarpena. Horrela, «euskal jendartean komunitate anitz, inklusibo eta solidario bat eraikitzeko garaia» zela jasotzen zuen testuan, euskalduna ere erantsi zuten. «Geuk ere ikusi ahal izan dugu krisia bera aitzakia bihurtzen dela euskararen berreskurapena galgatzeko», salatu du.

Erakunde gisa egindako ekarpenaz harago, euskalgintzako eragileek lan bilera berezitua antolatu zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren bultzatzaileekin, eta bilera horretan hizkuntza eskubideak, kultura eskubideak, lurraldearen berrantolaketa soziala, jatorri aniztasuna eta hezkuntza eskubideak landu zituzten. Bertan egindako proposamen guztietan parte hartzaileen erabateko adostasuna izan zela ekarri du gogora Bilbaok; «eskubide sozialen eta hizkuntzaren inguruan euskalgintzako eragileok antzeko pertzepzioa dugula frogatu zen bertan», dio berez buruaz seguru.

Prozesu hauek luzeak eta mantsoak izaten direla argi du Bilbaok, baina pozarren dago azken emaitzarekin: «Askotan entzun izan dugu gizarte mugimendua ahalduntzerantz jo behar dela, eta horrelako prozesu baten amaieran hori irudikatu beharko litzateke. Kultura, helburu eta zio arras desberdinak dituzten hamarnaka eragile gai izan dira eraldaketaren oinarriak adosteko, eta, nola ez, eraldaketa hori euskaratik eta euskaraz egingo dela erakusteko».

Eskubide Sozialen Gutuna eraldaketarako funtsezko tresna dela erabat sinetsita dago Bilbao. Haren ustez, gainera, unibertsaltasunaren printzipiotik abiatzen dira eskubide sozialak; hori bai, «hizkuntza arrazoiengatiko bereizkeriari ere» irtenbidea eman behar zaiola sostengatu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

 

Manu Agirre Eskisabel: «Ezberdinak gara, baina berdinak izan behar dugu eskubide eta gizarte ondasunetan»

 

Manu Agirre Eskisabel itsua da eta gertutik ezagutzen du ezgaitasunen bat duten pertsonen eguneroko bizitza. Herritar orok eskubide berdinak eduki beharko lituzkeela aldarrikatzen ez du atsedenik hartzen, eta horretan tematu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko prozesuan bertan ere. Aniztasun funtzionalaren gainean eskarmentua duten herritarren artean mintegi berezitua egin zuten eta bertan hartu zuen parte Agirrek. Hego Euskal Herriko 31 lagun elkartu ziren Bilbon, ezgaitasunen bat duten lagunak edo horren gainean aritzen diren elkarteetako kideak denak. Euren sektorea erabat antolatua ez dagoen arren, «anitza» dela dio, eta antolakunde desberdinak badaudela ekarri du gogora; aldarrikatzaileak batzuk, eta, bestak, zerbitzu emaileak.

Gutunak euskal herritarren gizarte eskubideen «konstituzioa» izan behar badu, Agirrek argi du  denek hartu beharko luketela parte, «bakoitzak bizi duen egoeratik eta duen eskarmentutik, bestela besteek egiten dutenaren hartzaile izango gara», dio argi.
 Gutunean jasotzen diren eskubideek ezgaitasunen bat duten pertsonei nola eragiten dieten aztertu zuten Bilboko bilkuran, bai eta zein arazo gehigarri dituzten zerrendatu ere.

Agirrek argi du ezberdintasunak egon badirela, baina «berezko ezberdintasun horiek ezin ditu  ezberdintasun material edo politikoak zuritu». Hala defendatu du bilbotarrak; «ezberdinak gara, baina berdinak izan behar dugu eskubide eta gizarte ondasunetan».
Gizartean, baina, desberdintasun «bidegabe handiak» ematen direla salatu du: «Plusbalioa elitearentzako da, gainerakoa besteontzat, eta, guztiaren hondarra, minusbalioa, minusbaliatuentzat», salatu du. Gizartearen dinamika arruntean, ezgaitasunen bat sufritzen dutenak bazterkeriaren mapan daudela esan eta hainbat adibide ipini ditu. Lan mundutik kanpo geratzen den gizarte sektore handiena direla gogora ekarri du, eta, laneratzea ematen bada,   zentro berezietan ematen dela nabarmendu du; «bazterkeriatik merkatura bitarteko bidea egiteko zentroak izan beharko lirateke, baina ez dira», salatu du ozen.

Eskubideak unibertsalak izan beharko liratekeela nabarmendu ostean, hala ez badira batzuen «pribilegio» bihurtzen direla kritikatu du Agirrek. Horren guztiaren ardura, gainera, herri administrazioena dela nabarmendu du ONCEko langile ohiak.