Jose Angel Oria
analisia

Geroaz maitemindu

«Aldaketa, benetan behar duenak baino ez du egiten: emakumeen eskutik etorriko da edo ez da inoiz egingo», idatzi zuen Nekane Juradok Europar Batasunaren inguruko jardunaldien antolatzaileei bidalitako dokumentu batean.

Geroaz Maitemindu
Geroaz Maitemindu

Zer ekarri dio Europar Batasunak Euskal Herriari? Zer euskal herritarroi? Zertarako balioko dute bihar emango ditugun botoek? Ba al dago egungo egoera aldatzerik? Tankerako galdera ugari egin ditzakegu herritar gehienek oso urruti sentitzen duten Europar Batasunaren inguruan. Agintariek eta hedabide nagusiek ezarri nahi diguten eta denok jasaten dugun eredua bakarra ez dela azaltzeko, GITE-IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak hainbat aditu elkartu zituen Europak Euskal Herrian duen rola bestelako begirada batekin aztertzeko asmoarekin. Orrialdeotan aditu horien hausnarketa batzuk laburbildu ditugu.

Ondorio nagusia da egungo eredua bakarra ez dela. Baina bestelako Europa bat eraiki ahal izateko herri mugimenduen arteko elkarlana ezinbestekoa da, eta bide horretan bere garaian Bruselan sortu zen Herri Enbaxada bezalako tresnak oso interesgarriak dira, Karmelo Landa eurodiputatu ohiak, anekdotak eta guzti, esplikatu zuenez.

Herri Enbaxada

Karmelo Landak eskaini zituen hausnarketarik baikorrenak, berak izan zuen esperientzian oinarrituta. Esti Redondo EHNE baserritarren sindikatuko kideak nabarmendu zuen herri mugimenduetan jarri behar dela indarra, gauzak aldatu nahi badira. Eta Xabier Lasa ikasleak gogora ekarri zuen Euskal Herriaren borondatea ez dela errespetatu izan, esaterako, herritarrek 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean NATOn sartzearen kontrako botoa eman zutenean. «Europako Parlamentua erabil daiteke euskal herritarron interesak defendatzeko, baina estrategia bat jarraituz», zioen Lasak.

Aginteak oso garbi dauka ez zaiola komeni herri mugimenduekin bat egingo duten parlamentariak Europako Parlamentuan egotea. Landak gogorarazi zuen 1989an Estrasburgoko eserlekua lortu zuenean Euskal Herrian genuen testuingurua. Josu Muguruza hil berri zuten, HBko ordezkarien aurkako eraso batean. Tankerako zerbait gertatuko zen handik bost urtera: hauteskunde kanpaina hasi berria zela, bi bonba leherrarazi zituzten Bizkaian eta Atutxa politikari jeltzaleak HBri leporatu zion erantzukizuna. Aginteak ez zuen horrelako hautagaitza bat nahi.

Zergatik? Seguru asko, herri mugimenduen ahotsa eta nahiak europar erakundeetara eramateko abian jarritako ekimenengatik. Horietako bat Bruselako Herri Enbaxada izan zen. Bruselan etxe bat erosi eta behar bezala egokitu ondoren, bertatik pasa ziren makina bat giza mugimendu, alderdi, herrialde ezberdinetako ordezkari… Euskal presoen egoera azaldu, Kubaren aurkako blokeo politikoa salatu, saharar herriari elkartasuna adierazi… agintarientzat oso deseroso diren gaiak jarri ziren mahaiaren gainean. «Azkenean Garzon epaileak itxi egin zuen. Berriz ireki beharko da», uste du Landak.

Europar Batasunari buruzko jardunaldietan askotan aipatu zuten krisia, gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusietako bat horixe baita. Esti Redondok planeta osoko egoera izan zuen kontuan bere diagnosia egitean, ez bakarrik Europako mendebaldekoa. EHNEkoak dio «krisia multinazionalek diseinatutako politika bat» besterik ez dela. «Krisia esaten diogun horrek, emergentzia egoerak hobe esanda, zalantzan jartzen du gure bizimailari eusterik dagoenik. 2005 arte edo, pribilegiatuak izan gara, guk genuen bizi maila ez baitzen eskubide bat, pribilegio bat baizik. Eskubide bat izateko, gizaki guztiek izan beharko lukete, eta urte haietako hemengo bizimodua beste herrien zapalkuntzan oinarrituta zegoen».

Urik gabeko herria

Redondok mahai-inguruan nabarmendu zuenez, herritarren oinarrizko beharrak asetzea da lortu beharreko helburuetako bat, baina hori ezin da egin edozein modutan, «herritarrak subjektu politiko bihurtzea behar baitugu». Adibide bat eskaini zuen: «Herri batean ura falta da eta alkateari eskatu diote. Bi aukera ditugu. Lehenengoa litzateke alkateak astero zisterna bat bidaltzea, herri horrek ura izan dezan. Gauzak horrela eginda, alkatearekiko menpekotasuna indartzen dugu. Bigarren aukera litzateke putzu bat eraikitzea. Horrela lortzen dugu herri horren autonomia; horrela garatzeko aukera izango du».

EHNEko kideak uste du Euskal Herrian ez dugula inoiz lurraldea behar bezala zaindu, eta hori oso kaltegarria da «elikadura eta energia burujabetza lortzeko bidean». Durangaldeko kasua deskribatu zuen, bertan baserritarrek lurra izan dezaten aukera gehienak suntsituta daudela nabarmentzeko. Elikadura burujabetza lortzeko bidean azken bolada honetan egindako urrats batzuk ere aipatu zituen, esaterako, salmenta zuzena, kontsumo taldeak, aliantzak... Edonola ere, oraindik elikaduraren alorrean burujabe izatetik oso urruti gaudela adierazi zuen Esti Redondok.

Nekane Juradok aztertu zuen Europar Batasuneko politikak Euskal Herriko pobrezian duen eragina. Datu pilo bat, koadroak, alderaketak eta hausnarketak eskaini zituen, krisia oraindik gehiago larriagotuko dela esateko. «Analisia gogorra da eta ez dugu oraindik barneratzen, baina hondoa jotzetik urruti gaude».

Jurado ekonomialariak bere hitzaldia eskaini zuen egun berean, makina bat gazte atxilotu zituzten Euskal Herrian. «Alternatibarik ez dagoela esan nahi digute atxiloketa horiekin», adierazi zuen.

GITEk antolatutako jardunaldietan alternatibak egon badaudela nabarmendu zuten esku hartzaile guztiek, baina, horretarako, «erresistentzia ez da nahikoa», Landak esan zuenez. Alternatibak eraiki ahal izateko ezinbestekoa da egungo egoera nondik eta zergatik datorren ondo ulertzea, eta horretarako Juradoren hitzaldia ezin aberasgarriagoa izan zen.

Ongizate estatua

Egungo egoera ulertzeko euskaldunok ere neurri batean ezagutu dugun ongizate estatua nola sortu zen jakitea behar-beharrezkoa da. Bigarren Munduko Gerran daude arrazoiak, Juradok esplikatu zuenez. Sobietarrek askatu zuten Berlin, eta Europako mendebaldeko erresistentzian zeuden herritar gehienek talde sozialista, komunista eta anarkistekin egiten zuten bat, langileen interesak defendatzen zituztenekin alegia, 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioak eta zauriak itxi gabe zeudela. «Sobietar Batasunak aurrera egin ez zezan, aurrekaririk gabeko klase eta gizarte ituna adostu zuten». Langileek sobietarrekin bat egin ez zezaten, beren bizi baldintzak hobetzeko mekanismoak eta tresnak sortu ziren Europako mendebaldean. Horien galera da orain jasaten ari garena.

«Europa Brusela eta Estrasburgo dira, baina gainerako erakundeak ere bai», gogorarazi zuen ekonomialari marxistak, azken urteotan ezarri zaigun zorpetze maila ere (%3koa baino txikiagoa izan behar du defizit publikoak) «Europatik datorrela» esan aurretik.

Juradok egiten duen irakurketaren arabera, ongizate estatua desegiteko urratsak ematen ari dira etengabe; esaterako, lanpostuak babesteko legedia hankaz gora botatzen ari dira. Gainera, benetako «estatu kolpeak» izan dira azken urteotan Europar Batasuneko estatu batzuetan, Grezian 2011ko azaroan eta Italian handik hilabetera gertatu moduan. «Herritarrek aukeratu ez dituzten agintariak ezarri zituzten. Gaur egun horretarako indarra finantza sistemak du». Gainera, Gobernu askotan Lehman Brothers eta Goldman Sachs finantza-zerbitzuetako konpainietako goi kargu izandako politikariak sartu zituzten, Estatu espainolean esaterako. «Prozesuak ez du inolako zilegitasun demokratikorik», esan zuen.

Ondasunak eta boterea kentzen dizkigute, sektore aberatsenen mesedetan. Europar Batasuneko agintariak prozesu horren konplize baino gehiago ere badira, politika ekonomikoak eskaintzen dituen tresnak egoera bere onera ekartzeko erabili beharrean pertsona gutxi batzuek botere gehiago pila dezaten erabiltzen dituztelako. «Ekonomia mozorrotutako ideologia» besterik ez dela gogorarazteaz gain, azken urteotan euskal herritarrok jasan behar izan dugun bilakaera deskribatu zuen Juradok.

Banaketa injustua

Barne produktu gordina era justuan banatuz gero, guztiok ondasun kopuru bera izango bagenu, bakoitzari urtean 29.112 euro tokatuko litzaiguke (sei pertsona bizi diren etxe bati, ia 180.000 euro). Baina langileon soldatak muga horretatik oso urruti daude, eta beherako joera garbia dute gainera. Eta pentsiodunak, alargunak eta abar okerrago daude, jakina!

Egoera injustu horri aurre egiteko tresnak baditu Estatuak, zergak eta aurrekontuak esaterako. Hori egin beharrean, herritarren egoera kaltetzen dute, aberatsenei zergak jaitsi edo kenduta, besteonak igo ondoren. «Sektore publikoak Euskal Herrian ez du ezer egiten desberdintasun horiek zuzentze aldera», nabarmendu zuen, egoera horretan gehien sufritzen ari dena emakumea dela esan aurretik. «Hau da Europatik datorkiguna, denbora askoan geratzeko iritsi zaiguna».

Ekonomialariak hankaz gora bota zituen Euskal Herrian askotan entzuten ditugun «mito» batzuk, esaterako, gurean «ia Eskandinaviako herrietan bezala» bizi garela, edo kontzertu ekonomikoari esker hemen arazo gutxiago izaten ditugula: «Baina Madrilen erabaki zuten BEZa %21era igotzea, eta euskaldunok ere %21 ordaindu behar dugu». Horregatik gaur egungo egoeraren aurrean intsumitu izateko eskatu zuen. «Lehiakortasuna deitzen diote, baina guztionak ziren gauzen pribatizazioa baino ez da».

«Aldaketa, benetan behar duenak baino ez du egiten: emakumeen eskutik etorriko da, edo ez da inoiz egingo», idatzi zuen Juradok GITEkoei bidalitako dokumentu batean. Beraiek dira egungo egoerak gehien kaltetzen dituenak, eta «guztiona, borroka feminista», Karmelo Landak esan moduan.

«Geroaz maitemintzeak bizitako denbora bizkortu egiten du. Gaztetu egiten gaitu, eta ausardia itzultzen digu». Horrela bukatu zuen Jurado ekonomialariak bere ekarpena, aurrera ilusioz begiratzen. Bihar bertan dugu gaztetzen hasteko aukera eder bat.