Mikel Soto
koadernoa

Hegemonia

Moratoria bat eskatzera nator. Mesedez, utz diezaiogun, bolada batez bederen, “hegemonia” hitza erabiltzeari. Ez daukat argi noiz hasi zen, ez dakit nik horretan lagundu nuen ere; dakidan bakarra da ezin dudala egun bat pasa hitza pare bat aldiz entzun edo irakurri gabe. Egunkari honetako orrialdeetan edozein artikulu irakurri, eta ditxosozko hitza dator; bilera batera joan eta han dago; Sarean ezkerrekoa den edozer irakurri eta berriz azaltzen da, erabili ohi duen edozein mozorroren pean: “hegemoniko”, “kontrahegemoniko”... Edo are borrokalariago, aditz bihurtu nahian: “hegemonia sortu”, “hegemonia eraiki”...

Zenbat alditan erabiltzen ditugun hitzak ezer ez esateko edo esan nahi dugun hori beste kategoria batera igotzen saiatzeko. Horretan euskaldunok trebe gara: zenbatetan ez da euskaldun peto-peto bat irrigarri agertzen gaztelera jaso bat erabili nahian. «Desearía solicitarle se sirviera a introducirme el dinero en la cuenta de ahorro dispuesta a tal efecto...» esanez, «ingréseme el dinero en mi cuenta» esan beharrean. Eta, ezkerreko euskaldunok, osmosiagatik edo, antzeko zerbait garatu dugu diskurtso politikoetan. Hitz bat edo kontzeptu bat hartzen dugu eta erabiltzearen erabiltzeaz esanahia ahitzen diogu. Jakingo dute zertaz ari naizen 1990eko bigarren erdian ezker abertzalean militatzen ari zirenek “txinaurri lana” aipatzen badut. Hainbat urtez, ezker abertzaleak egin zuen orok izan behar zuen txinaurri lana, hori zen garaipenera eramango gintuen ukendu magikoa. Orain botere hegemonikoa borrokatzen badugu eta, aldi berean, botere kontrahegemonikoa eraiki, gurea da garaipena. Antza, ezkerreko abertzaleak harri berean bitan, hirutan edo behar den guztietan behaztopatzen garen animaliak gara (ez bakarrak, zorionez).

Iruditzen zait “The Princess Bride” filmeko Vizzini pertsonaiari gertatzen zaiona gertatzen zaiola hainbati. “Inconcebible” hitza haserre oihukatzen du etengabe, Iñigo Montoyak (bai, “Soy Iñigo Montoya, tú mataste a mi padre, prepárate a morir”) zuzentzen dion arte: «Siempre usas esa palabra y no creo que signifique lo que tú crees». Azterketatxo maltzurra egin eta “hegemonia” hitza definitzeko eskatuko bagenu, telefono apurtuaren jolasaren moduko erantzunak jasoko genituzke. Diskurtso politikoa jasotzeko hainbat amarru egiten ditugu, segur asko gure diskurtso politikoa inoiz baino pobreagoa denean (lehen excursoa: badakit faktore ugarirengatik gertatzen dela eta besterik gabe botatzea reductio ad absurdum bat dirudiela, baina gogoan dut mitinetan edo manifa nazionaletan zentzu liturgikorik gabe diskurtso bat entzutera geratzen ginenean, “esateko geneukana” entzun nahi genuelako). Hitz jasoak erabiltzen ditugu, sinpleak erabili beharrean; kontzeptuak, gertakari historikoak, esaldiak inguruabar historikotik ateratzen ditugu lotsa gabe; esateko duguna beste norbaiten ahotan jarri badezakegu, bikoitza balio duela uste dugu... (bigarren excursoa: aipuen erabilera gehiegizkoak barregarriak direla pentsatzen hasia nago. Eta ez naiz ni aipu gutxi egitekoa, argi gera bedi, baina martxa honetan egunen batean «Leninek esan bezala, ‘ateraidazu garagardo bat’» irakurriko dugu eta lasai jarraituko dugu aurrera).

Honek guztiak guk soilik ulertzen dugun jerga sektario batean idaztera, hitz egitera, pentsatzera eta, okerrago dena, jardutera garamatzala uste dut. Chomskyri, behin, egile bati buruz hitz egiten entzun nion eta –oso gutxi gorabehera– horrelako zerbait zioen (bai, esanak esan, aipu bat eta buruz; «¡qué huevos tienes, compañero!»): «Ez dut uste gizarte zientziak azken 200 urteetan hainbeste garatu direnik, non adimen ertaineko pertsona batek ezin duen zerbait ulertu. Beraz, politikan ulertezina den zerbait irakurtzen dudanean, ergelkeriak direla pentsatzeko joera dut». Iritzi berekoa naiz. Bada, arren, jar dezagun martxan moratoria hori, argitu dezagun zer esan nahi dugun eta esan dezagun adimen ertaineko pertsona batek ulertzeko moduan. Bestela, Gramscik aspaldi esan zuena esaten amaituko dugu: «Ez zaitezte komunean sartu rato batean, tripak nahastuak neuzkan». •