Jose Angel Oria
LAN ESKUBIDEAK MUNDUAN

Langileen eskubideen errespetuaren araberako nazioarteko sailkapena eman du ezagutzera ITUCek

Langileen eskubideen errespetuaren araberako nazioarteko sailkapena eman du ezagutzera ITUCek
Langileen eskubideen errespetuaren araberako nazioarteko sailkapena eman du ezagutzera ITUCek

Langileen eskubideen errespetuaren araberako nazioarteko sailkapena eman du ezagutzera ITUC Nazioarteko Sindikatu Konfederazioak. ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizeak 139 herrialde sailkatu ditu, nazioartean onartzen diren 97 adierazleren arabera. Egileen asmoa da langileen eskubideak behar bezala non babesten diren eta non ez argitzea, legerian zein praktikan.

«Danimarka eta Uruguai bezalako herrialdeak ageri dira sailkapeneko lehen postuetan lan-arloko legeria sendoa dutelako. Agian arreta gehiago erakarriko du beste herrialde batzuk, Grezia, AEBak eta Hong Kong esaterako, atzean geratu izana», adierazi die kazetariei Sharan Burrow ITUCeko idazkari nagusiak.

«Esperientziak erakutsi digu herrialde jakin baten garapen maila ez dela adierazle egokia negoziazio kolektiborako, baldintza duinak eskatzeko greba egiteko edo sindikatu bateko kide bihurtzeko oinarrizko eskubideak errespetatzen diren ala ez erabakitzeko», erantsi du Sharan Burrowek.

Azken 30 urteotan mundu osoan egin diren eskubide sindikalen abusuen inguruko informazioa bildu dute ITUC konfederaziokoek. Aurten lehen aldiz, ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizeak azken hamabi hilabeteotan arreta handiz egiaztatutako informazioa aurkeztu du, edonork erraz erabiltzeko moduko formatuan gainera, gobernu eta konpainia guztiek ikus dezaten beren legeriak nola egokitzen diren beren hornidura-kateetan duten egoeretara.

139 herrialde

ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizeak sei multzotan ipini ditu aztertutako 139 herrialdeak. Langileen eskubideak ondoen errespetatzen dituzten herrialdeak 1. multzoan ipini ditu, horietan eskubideak bortxatzea ezohikoa izaten baita. Guztira 18 herrialde daude bertan, Danimarka eta Uruguai barne.

Langileen eskubideen bortxaketak errepikatzen diren tokiak 2. multzoan ageri dira. 26 herrialde daude bertan, Japonia eta Suitza barne.

Bortxaketak ohikoak diren lekuak 3. multzoan ipini dituzte sailkapenaren egileek. Bertan 33 herrialde ageri dira, Txile eta Ghana esaterako.

Langileen eskubideen bortxaketak sistematikoak izaten diren tokiak 4. multzoan jarri dituzte. 30 herrialde daude bertan, horien artean AEBak eta Kenya dira nabarmentzeko modukoak.

Langileen eskubideak bermatu gabe dauden lekuak sartu dituzte 5. multzoan. Kasu honetan 24 herrialde ageri dira, Europako Bielorrusia eta Asiako Bangladesh eta Qatar esaterako.

Zuzenbide Estatua desegiteko prozesu betean den herrialdeak dira langileontzat okerrenak, ITUCekoek 5+ multzoan ipini dituztenak. Zortzi herrialde daude gaur egun egoera horretan: Libia, Palestina, Afrika Erdiko Errepublika, Siria, Somalia, Sudan, Hego Sudan eta Ukraina.

Gizarte zuzenagoa

ITUC Nazioarteko Sindikatu Konfederazioa 2006ko azaroaren 1ean sortu zuten, CIOSL eta CMT erakundeetan esku hartzen zuten sindikatuek bat egin zutenean. Gaur egun 161 herrialdetako 325 erakunde daude ITUCen sartuta. 176 milioi langile dira sindikatu horietako kide, %40 inguru emakumeak.

«Gizarte zuzenago eta arrakastatsuago baten bermea da langileek beren eskubideak era askean erabiltzeko aukera izatea», diote txostenaren egileek. «Langileek ahots kolektibo bat izatearen askatasunaz goza dezaketenean, lan baldintzak eta soldatak justuak direnean eta beren lanpostuak seguruagoak izan daitezen negoziatzeko aukera izaten dutenean, eta bazterketarik gabe lan egiteko aukera izaten dutenean, produktibitateak eta hazkunde ekonomikoak gora egin dezakete», erantsi dute.

Baina ez dituzte gauzak beti horrela ulertzen herrialdeetako agintariek zein konpainietako zuzendaritzek. «Bazter guztietan, ordezkaritza kolektibo bat izateko eskubidearen aldeko borroka egin behar izaten dute langileek; eta itxurazko lanpostuak gero eta gutxiago izaten dira herrialde gehienetan. Eskubideen bortxaketek gora egiten dute behera egin beharrean eta herrialde askotako agintariek ez dute ezer egiten langileen eskubideak babesteko», esplikatu dute ITUC konfederaziokoek.

Langileak kaleratu

Erakundean esku hartzen duten sindikatuek bidalitako txostenek diotenez, gutxienez 53 herrialdetan lan baldintzak hobetzeko asmoarekin negoziatzen saiatu diren langileak kaleratu egin dituzte. «Kasu gehienetan bertako legeriak ez die langileei inolako babesik eskaintzen; eta gehiegikeriak egiten dituzten enplegatzaileak zigortzeko ezer ez dute aurreikusten. Esplotazio egoeren aurkako protesta egiten duten langileen ahotsa isilarazteko elkarrekin aritzen dira enplegatzaileak eta gobernuak, elkarren konplize izaten dira», salatu dute azterketaren egileek.

Lan harremanen prekarizazioak ez die inolako mesederik egin langileei, jakina. «Herrialde gehienetako gobernuak konbentzitu dituzte beren lan legeria alda dezaten, era horretan lan prekarioa, erabat ezegonkorra, bultzatzeko. Ia herrialde guztietan, aldi baterako lanak, agentzia bidezko lana, azpikontratazioak eta arautu gabeko beste lan moduak sekulako abiadurarekin hedatu dira. Beren egoeraren ezegonkortasunarengatik eta kaleratzeko arriskuarengatik, lan prekarioa duten langileei kosta egiten zaie sindikatu bateko kide bihurtzea eta, ondorioz, beren egoera hobetu ahal izateko laguntzarik gabe geratzen dira», esplikatu dute txostenaren egileek.

Greba ezin egin

Greba egiteko eskubidea teorian onartuta dago herrialde gehienetan, baina eskubide hori garatzen duten arauek eta ohiturek eragiten dute gutxienez 87 herrialdetan langile batzuek greba egiteko aukerarik ere ez izatea. Mundu osoko 37 herrialdetan greba zilegi eta baketsuak egiteagatik isunak ezartzen dira, grebalaria kartzelara sartzen ez dutenean.

Langilea atzerritarra izanez gero, egoerak okerrera egiten du txostenaren arabera herrialderik gehienetan. Horrela, Qatarren eta Saudi Arabian adibidez, ez zaizkie ezagutzen lan eskubideak etorkinei. Horrek esan nahi du herrialde horietako langileen %90ak ez duela inolako lan eskubiderik. Horregatik eta lege zaharkituak dituztelako, bi herrialde arabiar horietan «lan bortxatua» ohiko bihurtu da, txostenaren arabera.

Eskubide demokratikoak, soldata duinak, lan baldintza seguruagoak eta egonkortasuna eskatzea oso garesti ordaintzen dute langileek makina bat lekutan. ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizeak dio gutxienez 35 herrialdetan atxilotu egin dituztela, eta kasu batzuetan espetxeratu, beren eskubideak defenditzen saiatu diren langileak. Langileak beldurtzeko, gutxienez bederatzi herrialdetan erail edo desagerrarazi egin dituzte isilik egon nahi ez zuten beharginak.

Nazioarteko elkartasuna

ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizearen egileek nabarmendu dutenez, sailkapen horrek gehiegikeriak egiten dituzten gobernu eta konpainiei jakinarazten die nazioarteko mugimendu sindikalak bat egiten duela beren oinarrizko eskubideak ukatzen dieten langileekin. «Lanerako lekurik txarrenak agerian uzten ditu eta ITUC konfederazioak aldaketak exijituko ditu, itxurazko lanak exijituko ditu. Ez eskubiderik, ez lege egokirik eta ez lan merka- tuaren erakunde eraginkorrik ez duten herrialdeekiko mundu mailako elkartasunari erantsiko zaio mundu osoko sindikatuen laguntza, egoera bere onera ekar dezaten. Langileak zapaltzen dituzten gobernu eta enpresek ez dute non ezkutatu izango», irakur daiteke txostenaren hitzaurrean.

Greba batean esku hartzeko eskubidea da gehien bortxatzen dena, indizearen arabera. Ondoren ageri dira sindikatu bateko kide izateko eskubidea, greba deitzekoa eta negoziazio kolektiboarekin lotutakoa.

Sailkapenaren egileek ez dute kontuan hartu herrialdeen garapen ekonomikoa, bere neurria eta non dagoen, «oinarrizko eskubideak gizaki guztienak baitira eta mundu osoko langileei onartu behar baitzaizkie».

Zenbat eta puntu gehiago bildu herrialde batek, orduan eta okerragoa da bertako langileen egoera, neurri handi batean, Gobernua beren eskubideak bermatzeko gauza ez delako.

Gerra eta sarraskiak

Afrika Erdiko Errepublikaren kasua esplikatu dute egileek 5+ multzoko herrialdeen ezaugarriak azaltzeko. 2013ko martxoan, Seleka izeneko aliantzak hiriburua bereganatu eta Francois Bozize presidentea kargutik kendu egin zuen. Geroztik etnia eta erlijioaren araberako indarkeria ikaragarria izan da herrialdean. Milaka pertsona hil dituzte, eta azken bolada honetan musulmanen aurkako erasoak ugaldu egin dira: miliziek mendeku hartu nahi izan dute eta herritar musulmanak dira beraien biktimak. Genozidio arriskua ere ikusi izan du NBE Nazio Batuen Erakundeak.

Ez da harritzekoa Afrika Erdiko Errepublika langileontzat oso herrialde txar moduan agertzea, tankerako barne gatazka bat indarrean denean giza eskubide guztiak desagertu egiten baitira, lan eskubideak barne.

Horrelako gatazkarik ez dute Kanbodian. Hala ere, bertako langileen eskubideak etengabe bortxatzen dituzte eta norbaitek protesta eginez gero, agintarien mendekuaren biktima bihurtuko da. Horregatik ipini dute 5. multzoan.

Kanbodiako soldatak oso baxuak dira, penagarriak. Batzorde berezi bat eratu zuten bere garaian langileei eman beharreko soldatak zenbatekoa izan behar duen zehazteko.

157 eta 177 dolar bitarteko soldata egokia izango litzatekeela esan zuten adituek, eta sindikatuek adostu zuten 160 dolarreko soldata eskatzea. Baina Gobernuak erabaki zuen 95 dolarreko gutxieneko soldata onartzea, hau da, langileen ordezkariek eskatutakoaren erdia baino gehixeago. Sailkapenaren egileek diote 95 dolarrekin ez dagoela era duin batean bizitzerik gaur egungo Kanbodian.

Konortea galdu

Sindikatuek greba deitu zuten iazko abenduaren 24rako Kanbodian, baina agintariek Polizia bidali zuten grebalariak egurtu eta atxilotzera. Vorn Pao sindikatu bateko presidentea bera ere larri zaurituta eraman zuten uniformedunek. Urtarrilaren 3an Poliziak lau langile erail zituen, beste asko zauritzeaz gain. NBEk eskatutako ikerketarik egiteko asmorik ez du Gobernuak.

Txostenaren egileek nabarmendu dute Kanbodian oso baldintza txarretan egiten dutela lan. Langile gehienak aparteko orduak sartzera behartzen dituzte. Ehungintzan aritzen diren lantegien erdiak ez dituzte baldintza sanitarioak betetzen. 2012an, baldintza horiek eragin zuten 1.686 langilek lanpostuan konortea galtzea.

Behin betiko kontratua sinatu duten Kanbodiako langileak ez dira %10era iristen. Gainerakoak ez dira ausartu ere egiten lan baldintza hobeak eskatzera.

Kuwait ipini dute sailkapenaren egileek 4. multzoko herrialdeen adibide moduan. Lan eskubideak sistematikoki bortxatzen dituzte bertan, legediaren eraginez. Herrialdeko langile gehienak etorkinak dira, baina Kuwaiteko legeek ukatu egiten dizkiete eskubideak. Lan bortxatua egitera behartzen dituzte, eta egoera bere onera ekartzeko inolako tresnarik ez dute.

Legeriak dio atzerritarrek bertako enplegatzaileren baten oniritzia lortu behar dutela lan baimena lortu ahal izateko. Enplegatzailearen menpe bizi dira. Askotan baldintza onartezinetan lan egitera behartzen dituzte.

Bertako langileak ez daude askoz ere hobeto: greba egitera ausartuz gero, mehatxuak, isunak eta kartzela. Gainera, mobilizazioetan nabarmendutako langileak Gobernuaren jomuga bihurtzen dira.

Legeria bai, baina...

Ghanan legeek (Konstituzioak eta 2003ko Lan Kodeak) diote langileek lan eskubide kolektiboak badituztela, baina hori ez da nahikoa izaten eskubide horiek errealitatean gauza daitezen. Gobernuak eta konpainiek aukera asko dituzte langileen eskubideei jaramonik ez egiteko. Gainera, enplegatzaileek lan eskubideak bortxatuz gero, ez zaie ezer gertatzen. Langileen eskubideen bortxaketak ohikoak direnez, Ghana 3. multzoan ipini dute egileek.

Ghanako langileen kasuan, aduana-zergarik gabeko eremuetan aritzen direnen egoera da nabarmentzeko modukoa. Zona Frankoetako Kontseilua 1995ean eratu zen eta gaur egun eremu horietan 240 konpainia ari dira lanean. Horietako bitan baino ez dituzte sindikatuak: 15.000 langile inguru daude inolako ordezkaritzarik gabe. Egoera horretan, agindutako soldata baino txikiagoa ordaintzen zaie, edo Gizarte Segurantzarik gabe geratzen dira. Leku askotan langileek komunik ere ez dute.

Suitza Europa aberatsenean dagoen herrialdea da eta bertako legeriak langileen eskubideak jasotzen ditu, baina enplegatzaile askok ez dituzte ezagutu nahi. Egoera horretan askotan bortxatzen dira langileen eskubideak. Hori dela eta, sailkapenaren egileek 2. multzoan ipini dute erreferendumen herrialdea.

Lan prekarioa Suitzan

Suitzan grebak legezkoak dira lan harremanen inguruan antolatzen badira, baina ez bestelako arrazoiengatik eginez gero. Greba jakin bat legez kontrakoa bada, bertan esku hartzen duten langileak besterik gabe kalera ditzakete, eta indemnizazioa ordainarazi.

Lan prekarioak gora egin du Suitzan eta adituek diote baldintza horietan inoiz baino beharrezkoagoa dela sindikatuak enpresetan egotea. Ordu ezberdinetan egon beharko dute gainera, gero eta langile gehiagok lanaldi partzialeko kontratuak baitituzte. Aldi berean, konpainia askok oztopoak jartzen dizkiete sindikatuei lantegietara sar ez daitezen. Horrelako gatazkak epaitegietara behin baino gehiagotan iritsi izan dira.

Philippe Chevrier sukaldeburu ezagunak Unia sindikatua salatu zuen 2009ko urrian, Santigny herrian zuen jatetxera ordezkari sindikalak legez kontra sartu zirelakoan.

Chevrierrek Poliziari ere deitu zion, «sindikalistak ehizatzera», eta jatetxeko langileei soldaten inguruko informazioa eman nahi zieten ordezkari sindikalei mehatxu egin zien.

Unia sindikatuaren eta sukaldeburuaren arteko gatazka beste bi establezimenduetan ere eman zen. Suitzako Auzitegi Federalak Chevrierri eman zion arrazoia, legearen arabera sindikatuak langileak zeuden lekura joateko eskubiderik ez zuelakoan. Europar Batasuneko epaileek ere salatzaileari eman zioten arrazoia.

ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizeak Uruguai erabili du lan eskubideak ondoen errespetatzen dituzten herrialdeen egoera esplikatzeko.

Uruguai eredu

Hego Amerikako herrialde horretan sindikatu bateko kide izateko arazorik ez da izaten. Ezta negoziazio kolektiborako edo baldintza duinak eskatzeko greba egiteko oinarrizko eskubideak erabiltzeko ere.

Egileek azaldu dutenez, Uruguaiko lan legeria asko hobetu zen 2009an, Gobernuak negoziazio kolektiborako legea onartu zuenean. Arau berriak kontuan hartzen ditu nekazaritzako langileak. Baita etxeko langileak ere. Sektore horiek arautu gabe zeuden eta langile horien lan baldintzak negoziazio kolektiboen bitartez hobetzeko aukera dago gaur egun.

Gainera, lege berria onartu aurretik, Gobernuak beste inork ez zuen negoziazio prozesuari hasiera emateko aukera. 1943ko lege batek ematen zien agintariei ahalmen hori, eta horren eraginez, Pacheco presidentearen garaian, 1968an, negoziazioak bertan behera utzi zituzten. Gauza bera gertatu zen 1991n, Lacalle presidentearen agintaldian. Tabare Vazquez presidenteak berrezarri zuen negoziazio kolektiboa 2005ean.

Langileen %89 babestuta

Gaur egun gauzak aldatu egin dira. Langileen eta enpresaren ordezkariak ados jartzen ez badira, Gobernuari eska diezaiokete Soldaten Kontseilua deitzeko. Une horretatik aurrera, Exekutiboak hamabost eguneko epea du negoziazioak bere onera ekartzeko.

Estatistika ofizialen arabera, gaur egun Uruguain soldatapeko langileen %89 hitzarmen kolektiboren batek babesten ditu. Hori bai, enplegatzaileen elkarteei ez zitzaien batere gustatu negoziazio kolektiboa babesteko Uruguaiko agintarien erabakia eta salaketa bat aurkeztu zuten nazioarteko erakundeen aurrean.

Egoera beste herrialdeetakoa baino hobea izateak ez du esan nahi Uruguain lan gatazkarik ez dagoenik. Esaterako, orain urtebete inguru PIT-CNT zentral sindikalak mobilizazioak egin zituen Gobernuaren egoitzen aurrean hezkuntzarako aurrekontuak igotzeko exijitzeko. Gutxieneko soldata igotzeko ere eskatu zuten manifestariek. Bigarren hezkuntzako irakasleen elkarteak iazko ekainean makina bat greba deitu zituen soldaten igoera exijitzeko. Herrialde osoan eskolak okupatu zituzten. Baita institutuak eta unibertsitateak ere.

Langa zabalik

Autopistetara ere iritsi dira langileen mobilizazioak. Pasan den otsailean, autobideko ordainlekuetako langileek langak zabalik utzi zituzten soldaten inguruko negoziazioetan aurrera egiten ez zutela salatzeko. Ordainlekura iristen ziren bidaiariei protestaldiari buruzko informazioa ematen zieten.

Edonola ere, sailkapenaren egileek nabarmendu dute Danimarkak Uruguaik baino datu hobeak eman dituela, kontuan hartu dituzten eta nazioartean onartzen diren 97 adierazleak errespetatzen dituen herrialde bakarra baita.

Gainera, David Wearing ikerlariak nabarmendu duenez, ITUCen Eskubideen Mundu Mailako Indizea oso tresna erabilgarria izan daiteke aurrera begira, esplotazio kasuak saiheste aldera. Berak nabarmendu du lan eskubideak ondoen errespetatzen diren herrialdeetan (Danimarka, Suedia eta Norvegia esaterako) berdintasun eza txikiagoa izaten dela, eta, hori gertatzen ez denean (AEBak eta Britainia Handia kasu), desberdintasun sozialek eta indarkeriak gora egiten dutela.