Jose Angel Oria
irakurrita

Malaysiako hegazkinaren desagertzeari buruzko era guztietako teoriak

 Malaysiako hegazkinaren desagertzeari buruzko era guztietako teoriak
Malaysiako hegazkinaren desagertzeari buruzko era guztietako teoriak

XXI. mendean guztiz ezinezkoa dirudi Boeing 777-200 bezalako aparatu erraldoi bat arrastorik utzi gabe desagertzea, baina esku artean dugun informazioaren arabera horixe gertatu da MH370 hegaldiarekin. Gaia aztertu duten begiraleek makina bat teoria aipatu dituzte gertatutakoa esplikatzeko, baina Malaysiatik atera eta desagertutako hegazkinaren arrastorik ez dago oraindik. Teoria horietako batzuen arabera, egon badaude aparatu horrekin zer gertatu zen badakitenak, baina isil-isilik jarraitzea komeni zaie. «Linea erregularreko hegazkin baten desagertzeari buruzko horrenbeste teoria ez da inoiz sortu», idatzi du Armando Reyesek Prensa Latina agentziak banatutako testuan.

Kuala Lumpurretik Pekinera 237 bidaiari eta 12 laguneko tripulazioarekin zihoan Boeing 777-200 hegazkinaren arrastoa bat-batean galdu zuten Malaysian aireratu eta ordubetera, martxoaren 8an. Thailandiako golkoan hamar herrialdetako 40 itsasontzi eta 34 hegazkin bilaketa lanetan aritu ziren lehen egunetan, baina azkenean Indiako ozeanora joan ziren bilatzaileak. 26 herrialdetako adituak aritu dira hegazkinaren arrastoaren bila, itsasontzi, hegazkin eta sateliteen laguntzarekin, baina ezer argitzerik ez dute lortu. Prensa Latinak erantsi du Malaysia, Txina eta Australiako agintariek abioiaren bila jarraituko dutela Perth Australiako hiritik 1.500 kilometrora, inguru haietan erori zelakoan. Txinak Zhu Kezhen itsasoaren ikerketarako itsasontzia bidali du, hondoaren mapa egin dezan.

Hedabideek azken asteotan gogorarazi dutenez, 1948az geroztik gutxienez 88 hegazkin desagertu dira munduan arrastorik utzi gabe. Kopuru hori aldatu egin daiteke, tarteka bere garaian galdutzat emandako aparaturen bat aurkitu egiten dute-eta. Esaterako, 1968ko otsailean Indian Air Force An-12 aparatu bat desagertu zen. 2003ko abuztuan aurkitu zuten Himalaiako Rohtang Passen hegazkin hartan zihoan pertsona baten gorpua, eta 2005ean hegazkina bera, elurraren azpian. rtve.es webgunean irakurri dugu estatistiken arabera gero eta hegazkin gutxiago desagertzen direla. Horrela, bi urteko epean, 1948tik 1949ra, zortzi abioi galdu baziren, 1950eko hamarkada osoan hamasei baino ez ziren desagertutzat eman, eta XXI. mendea hasi zenetik beste bederatzi, horietako hiru 2010az geroztik.

Russia Today telebista kateak Malaysiako hegazkinaren desagertzearen inguruko hamasei teoria bildu ditu, rt.com webgunean irakurri dugunez. Lehenengoaren arabera, hegazkina AEBek eta Thailandiak egindako maniobra militar batzuen eraginez erori zen itsasora, nahi gabe misilen batek jota. Nigel Cawthorne idazle britainiarraren “Flight MH370: The Mystery” liburuan oinarritzen da aipatu teoria. «Inork ez du nahi beste Lockerbie bat. Beraz, gertaeran nahastuta daudenek arrazoi ugari lituzkete gertatutakoa ezkutatzeko».

Bigarrenak dio Bitbull izeneko raperoak orain bi urte iragarri zuela istripua. Shakira kolonbiarrarekin batera abesten duen kanta bateko letra MH370 hegaldiari gertatutakoarekin lotzen dute.

Umore puntu batekin esplikatzen du gertatutakoa Reddit webguneko irakurle batek: Boeing 777 modeloaren 404. abioia zen galdutakoa, «eta 404 erroreak esan nahi du ez dela aurkitu». Khalid Abu Baker Malaysiako poliziaburuak beste aukera bat aipatu zuen: hegazkinean zihoan norbaitek sekulako asegurua kontratatu zuela, bere familia aberasteko asmoarekin. «Aukera guztiak aztertu behar ditugu», esan omen zuen.

Bosgarren teoriak dio aparatua ez zela erori, eta Boeing konpainiak eta AEBetako CIA zerbitzu sekretuek jakin dezaketela non dagoen, Mahathir Mohamad Malaysiako lehen ministro ohiak esan zuenez. Hegazkina bahitu izan balute, CIAk aparatuaren kontrola bereganatzeko baliabide teknologikoak baditu.

Poliziak desagertutako Boeingaren kapitainaren etxea miatu zuen eta bertan hegaldi simulagailu bat aurkitu zutenez, Indiako ozeanoan dauden bost aireportuko datuekin, Diego Garcia AEBen uharte-basea barne, Malaysiako hedabideek aipatu dute hegazkina uharte horretara eraman izana ezin dela baztertu. AEBetako Enbaxadak esan du horrelakorik ez dela gertatu.

Galdutako abioian Freescale Semiconductor AEBetako enpresako hogei langile zihoazen. Aipatu konpainiak hegazkinak ikusezin bihurtzen dituen teknologia militarra garatzen du. «International Business Times» aldizkariak idatzi du desagertzea esperimentu baten ondorio izan daitekeela.

Zortzigarren teoriaren arabera, erdieroale patente baten lau bazkide zihoazen hegaldian. Istripuaren eraginez, bestela ere oso aberatsa zen Jacob Rothschild patentearen jabe bakarra bihurtu da. Bederatzigarrenak dio estralurtarren esku hartzeak desagerrarazi zuela abioia.

Hamargarren teoriak dio MH370 hegaldiak Singapurretik Bartzelonara zihoan beste Boeing bat aurkitu zuela bidean eta haren itzalpean zegoela bere ibilbidea aldatu egin zuela mendebalderantz. Keith Ledgerwood AEBetako blogariak garatutako ideia da.

Talibanak ageri dira hamaikagarren hipotesian. «MK» Errusiako egunkariak aipatutako iturri militarretan oinarritzen da eta dio hegazkina talibanek harrapatu eta Afganistanera eraman zutela. Hamabigarrenak, berriz, pilotuak edo kopilotuak bere buruaz beste egin zutela esaten du. Azken teoria hori ez dute adituek erabat baztertu, tankerako zortzi kasu izan baitira azken berrogei urteotan.

Hamahirugarren teoriak gogorarazten du CNN telebista kateak esan zuela meteoro bat izan zela hegazkina desagertutako eremuan. Meteoroak erabat suntsitu omen zuen aparatua eta horregatik ez dago hondakinik. Agintariek zergatik ezkutatu dute gertatutakoa? Turismoa ez kaltetzeko, meteoroak hegazkinik ez hartzeko beste arrazoi bat emango lukeelako.

Bermudako Hirukia ageri da hamalaugarren teorian, Atlantikoko eremu horretan hegazkin eta itsasontzi ugari desagertu izan direlako. Hurrengo teoriak aditzera ematen du sute ikaragarri batek hegazkinaren barruan zihoazen pertsona guztiak hil zituela eta aparatuak denbora askoan hegan jarraitu zuela. Azkenak gure planetan leudeken indar misteriotsuak aipatzen ditu. Nature News webgunean idatzi dutenez, arma berri bat izango balitz, horren jabeak munduko herri guztiak bere mende jartzeko aukera izango luke. •