Aitor Etxebarria

Suomi

Finlandiarrez bete zaizkigu Bilbo, Barakaldo eta Euskal Herriko kaleak. Zein da horren urruti dauden bi herri hauen arteko harremana? Edo zergatik begiratzen diote elkarri guk uste baino maizago? Txillardegi handia aitzindaria izan zen horretan ere, miresmen handiz ikasi eta idatzi zuen Suomiri (Finlandia) eta suomierari (finlandiera) buruz. Euskara eta suomiera, oraindik bizirik jarraitzen duten hizkuntza aurreindoeuropar bakarrenetarikoak dira; horrenbeste urte bizirik eta elkarrekin harremanik ez. Eta gure Txillardegi Timo Riiho deitzen da Suomin, euskara eta euskal jatorria ikasi eta irakatsi dituen hizkuntzalaria. Oraindik ere badira Helsinkiko Unibertsitatean euskara ikasten duten ikasle gutxi batzuk, arraroa gertuago ditugun fakultate askotan aukera hori ez egotea.

Bost milioi biztanle «bakarrik» dauzkan herrialdeak hiru hizkuntza ofizial ditu, suomierarekin batera ofizialak baitira ere suediera eta samiera. Bitxia gero, adibidez, 60 milioi biztanle dauzkan estatu frantsesean hizkuntza ofizial bakarra dagoela ikustea. Frantsesa, gaztelania, hizkuntza gazteak dira suomierarekin konparatuz, baina hiru herrietako agintarien jarrerak eta politikak begiratuz eta konparatuz gero, frantsesa eta espainiarra estatu aurreindoeuroparrak direla esango nuke, duda izpirik gabe, eta Suomi aldiz errespetuan eta demokrazian oinarrituriko herri modernoa.

Aurreko ostiralean Bilboko alde zaharretik paseoan, Garik abesten zuen egun finlandiar luze bat ez ezik, gau suomitarrak zeinen luze bilaka daitezkeen ikasi nuen, ondo ikasi ere. Urte erdia ilunpetan eta beste erdia eguzkipean bizi diren “blondez” bete zaizkigu tabernak, hotelak eta saskibaloi aretoak. Ea bueltarako bidea hasi aurretik zer edo zer ikasten dugun haietaz. •