Amagoia Mujika Telleria

Ezezagutzaren kristalaren atzetik ikusten den lagundutako ernalketa metodoa

Haurdunaldi subrogatua lagundutako ernalketa metodo bat da. «Alokairuzko amak» bezala ezagunagoa da jendartean, eta izendatzeko modutik bertatik igartzen da tabuen eta aurreiritzien gainean eraikia izan dela. Metodo ezezaguna da, baina Euskal Herrian bertan gero eta jende gehiagok jotzen duen atea.

Haurdunaldi subrogatua. Terminoa mahai gainean jarri orduko Leirek barre egin du, «gustatu zait», dio. Izan ere, normalean erabiltzen den «alokairuzko amak» esapidea ez zaie batere gustatzen Leireri eta Igorri. Hizketan lasaiago egiteko, Oihan eta Maren amonarekin utzi dituzte. Beren bikiak Boisen (Idaho) jaio ziren uztailaren 21ean. Leire bere seme-alaben erditzean egon zen, baina ez zen bera erditu, Sam baizik, Boisen bizi den irakasle bat. Sam izan da Leire eta Igorren txikien haurduna.

Muskizko bikoteak ezin du seme-alabarik ekarri modu biologikoan eta ernalketa subrogatuaren bidea ibiltzea erabaki du. Ez da ernalketa modu berria, baina bai oso ezezaguna. Eta ezezaguna den neurrian, tabuz eta aurreiritziz josia.

«2012an osasun arazo bat izan nuen eta linfangioleiomiomatosis (LAM) izeneko gaixotasuna diagnostikatu zidaten. Oso gaixotasun arraroa da eta emakumeei eragiten die. Euskadin hamar emakumek daukagu. Haurdun geratzeko aukera badaukat, baina oso arriskutsua da, eta ez dut nire bizitza arriskuan jarri nahi», hasi du kontaketa Leirek. «Pentsatu genuen lehen gauza adopzioa izan zen. Informazioa biltzen hasi ginen eta konturatu ginen oso prozesu luzea dela, lauzpabost urte. Eta, gainera, Leirek daukan gaixotasun kronikoa ere arazoa izan daiteke adoptatzeko garaian, zorrotz begiratzen baitute gurasoen osasun egoera. Gainera, ez ginen hain gazteak, une horretan 39 urte genituen eta lehenbailehen nahi genuen seme-alabak izan», segitu du Igorrek. Eta, Google-era jo zuten. «Ezagutzen genuen ‘alokairuzko ama’ terminoa. Bagenekien zenbait famatuk bide hori erabili zutela guraso izateko. Eta horrela hasi ginen informazio bila».

Igor kazetaria da eta urte askoan bidaiatu izan du Boisera, Idahon, bertako euskal komunitatearen inguruko erreportajeak egiteko. «Lagunak dauzkat bertan eta horregatik aztertu genuen Boisen egiteko aukera. Ikusi genuen posible zela bertan egitea ernalketa subrogatua eta horretan aritzen diren agentziak begiratzen hasi ginen».

«Agentzia batekin harremanetan jarri ginen eta primeran joan da guztia hasieratik. Egia da hasieran bagenuela kezka, dirua aurretik bidali behar baita eta horrek ezinegon pixka bat sortzen zigun. Baina martxan jarri eta dena ondo zihoala ikusi genuenean, lasaitu egin ginen», gaineratu du Leirek.

AEB-etan, arautua eta normaldua

Haurdunaldi subrogatuak lege egoera oso desberdinak bizi ditu munduan barna. Estatu espainoleko 2006ko Lagundutako Ugalketaren Legeak ez du jasotzen ernalketa mota horri buruzko aipamenik. Estatu espainolean ez da legezkoa, ezta Estatu frantsesean ere.

Horregatik, haurdunaldi subrogatuaren bidea abiatu nahi duten euskal herritarrek kanpora joan behar dute. Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Errusia, Ukraina, Tailandia... bada nora jo, baina desberdintasun handiak daude batetik bestera, bai prezioan, baita ziurtasun legalari dagokionez ere.

Leirek eta Igorrek Ameriketako Estatu Batuetara jo zuten, Idahora zehazki. «Hasiera batean, eta nola Indiako kasu bat ezagutzen genuen, Indiara jotzeko aukera aztertu genuen. Baina bagenekien han arazoak izan zitezkeela, ez zela hain ziurra. Eta nahiz eta India merkeagoa izan, Boisera joatea erabaki genuen, seguruagoa zelako eta lagunak genituelako bertan», kontatu du Leirek.

Ameriketako Estatu Batuetan haurdunaldi subrogatuaren inguruko araudia aldatu egiten da estatu batetik bestera. Batzuetan ez da legezkoa, baina beste batzuetan erabat arautua dago, jendarteak begi onez ikusten du eta ohiko praktika bat da.

Boiseko erietxe bat aukeratu eta Igor joan zen duela hamabost bat hilabete. Izapideak martxan jarri, hazia erietxean utzi eta haurduna aukeratzeko prozesua abiatu zuen. Izan ere, AEBetan bikoteak aukera dezake haurdunaldian parte hartuko duen emakumea. Baina, era berean, emakume horrek ere aukeratu egin behar du lagunduko duen bikotea.

«2013an joan nintzenean, hiru emakumerekin egon nintzen. Gure istorioa kontatu nien eta elkar ezagutu genuen. Etxera bueltan, Leirek eta biok erabaki genuen zein emakume izatea nahi genuen. Hartara, gure proposamena helarazi genion Sami eta berak baiezkoa eman zuen. Horrela behar du, berak ere onartu behar gaitu gu», kontatu du Igorrek.

Leirek eta Igorrek Sam aukeratu zuten, beraz. «Sam irakaslea da, ezkonduta dago eta bi seme-alaba dauzka, hiru eta sei urtekoak. Hori da, gainera, haurdunak bete behar duen baldintzetako bat. Aurretik ama izan behar du, ezagutu behar du haurdun egotearen sentipena, haurdunaldi onak izan behar ditu eta bere amatasun behar hori aseta izan behar du. Oso zorrotz aukeratzen dituzte ernalketa subrogatuan parte hartu dezaketen emakumeak», zehaztu du Leirek.

Behin aukeraketa fasea eginda eta Muskizko bikoteak eta Samek elkar ezagutu ondoren, ohiko lagundutako ernalketa moduen bidez bideratzen da haurdunaldia. «Gure kasuan hazia Igorrena da, baina obulua ez da nirea. Nik baditut obuluak, baina horiek lortzeko prozesua nire kasuan arriskutsua da eta obulu emaile batengana jotzea erabaki genuen». Puntu horretan, aukerak anitzak dira. Batzuetan hazia eta obuluak gurasoenak dira; beste batzuetan bata edo bestea bakarrik; edo gerta daiteke seme-alabek gurasoekin inolako lotura biologikorik ez izatea. Hori bai, normalean haurdunak ez dauka inongo lotura biologikorik barruan daraman haurrarekin.

«Guk zorte handia izan dugu. Lehen saioan lortu genuen haurdunaldia. Askotan ez da horrela izaten eta horrek prozesua garestitzen du. Baina oso gogorra da zure seme-alaben haurdunaldia milaka kilometrora bizitzea. Etengabe ari ginen pentsatzen Sam nola egongo zen, umeak nola egongo ziren... Egia esan ia egunero egiten genuen berba Samekin, eta whatsapp-etik ere etengabe aritzen ginen. Eta zortea izan dugu, Sam oso zentzuduna da eta oso haurdunaldi lasaia izan du», kontatu du Igorrek.

Leirek aitortu duenez, beretzat gogorxeagoa izan da haurdunaldirik gabeko amatasuna, «haurdun zaudenean inguruko jendeak ikusten du tripatxoa handitzen. Baina gure kasuan azalpen asko eman behar izan ditugu. Jendeak ez du metodo hau ezagutzen, tabu eta beldur handiak daude... lankideei ia zazpigarren hilabetean kontatu nien ama izango nintzela. Eta ez zuten ezer ulertzen».

Etxekoek, berriz, ondo hartu zuten hasieratik. «Bi aitona-amonentzat lehen bilobak dira eta oso pozik jaso zuten albistea, baina, aldi berean, zalantzaz eta beldurrez beteta. Oso ondo agertu diegu prozesua eta etengabe erantzun ditugu beren galderak», esan du Igorrek. «Beldurrik handiena zen; ‘eta gero amak ez badizkizue eman nahi?’ Eta nik esaten nien, ‘baina ama ni naiz’», gaineratu du Leirek.

«Sam erditu baino aste pare bat lehenago joan ginen Leire eta biok Boisera. Egun batean, azoka batean genbiltzan elkarrekin paseoan eta emakume bat gerturatu zen Samengana haurdunaldiagatik zoriontzera. Eta Samek esan zion gureak zirela haurrak, ez bereak. Hunkitu egin zen eta Sami sekulako besarkada eman zion, ‘zer gauza polita egiten ari zaren’, esanez. Gero gugana gerturatu eta besarkatu eta zoriondu egin gintuen. Oso momentu berezia izan zen denontzat», kontatu du Igorrek.

AEBetan ernalketa subrogatuak bere bidea egina du eta jendartean begi onez ikusten da. Haurdunak ordain ekonomikoa jasotzen du eskaintzen duen laguntzaren truke, baina horretara daraman arrazoi nagusiak ezin du ekonomikoa izan. Eta hori zorrotz neurtzen dute txosten psikologiko osatuen bidez.

«Gure gizartean amatasuna oso desberdin ikusten da. Hemen, ama erditzen dena da eta legeak ere ideia horren bueltan daude eginak», iritzi dio Leirek.

Leire ez da Oihanez eta Marenez erditu, baina beren ama da. «Samen ondoan egon nintzen erditzeko unean. Igorrek ezin izan zuen sartu. Bikiak zirenez, mediku asko zegoen eta bakarra sartzeko baimena eman ziguten. Samek bultzatzen zuenean neronek bultzatu egiten nuen. Horrela sortzen zitzaidan. Lehendabizi Maren irten zen, eta gero Oihan. Oso hunkigarria izan zen. Sekulako gogoa nuen handik atera eta Igorri haurrak erakusteko. Lauak elkarrekin egon ginen denbora luzean. Oso berezia izan zen. Samen senarra ere han egon zen...». Igorrek eta Leirek harremanetan segitzen dute Samekin eta bere familiarekin, eta aurrerantzean hala izatea nahi dute. «Haurren argazkiak bidaltzen dizkiegu eta harremanetan gaude. Gure seme-alabei ez diegu gezurrik esango, garbi azalduko diegu nola jaio ziren eta etorkizunean Boisera joango gara Sam eta bere familia ezagutu ditzaten», agertu dute.

Dena primeran atera zen eta horretan zorte handia izan dutela uste dute Leirek eta Igorrek. Izan ere, AEBetan osasungintza pribatua eta oso garestia da. «Pentsa, bikiak izanda gerta daiteke arazoren bat izatea, goizegi jaiotzea eta inkubagailuan egon behar izatea egun batzuetan. Egun bakoitzeko 6.000 dolar inguru ordaindu behar dira. Gure kasuan 70.000 euro inguru kostatu zaigu. Baina normalean hortik gorako kopuruak izaten dira AEBetan», kontatu du Igorrek.

Erregistroarekin arazoak

2010. urtean Espainiako Justizia Ministerioak lehenengoz onartu zuen ernalketa subrogatuaren bidez jaiotako haurrak Erregistro Zibilean erregistratzeko aukera. Ordurako bikote askok egin behar izan zuten borroka, “Son nuestros hijos” elkartearen bultzadaz. 2014ko otsailean, baina, Epaitegi Gorena trabak jartzen hasi zen erregistro horiei eta ziurgabetasun egoera larria sortu zuen berriro familia horien baitan.

Horrela abiatu ziren Leire eta Igor Boisera uztailean, beren seme-alaben erregistroa zertan izango zen jakin gabe. Uztailaren 11n jakin zen Justizia Ministerioak berriz onartuko zituela erregistro horiek. Ordurako «son nuestros hijos» izeneko kanpainak bere bidea egina zuen. Baina horrek baino pisu handiagoa izango zuen, segur aski, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegitik Estatu frantsesari iritsitako zigorra haurdunaldi subrogatuaren bidez jaiotako haurren erregistroak ez onartzeagatik. Estatu frantsesari gertatutakoa ikusita, Estatu espainolak erregistroen atea irekitzea erabaki zuen.

«Hegazkinera sartu aurretik twitterren irakurri nuen berriz erregistroak onartuko zirela zioen albistea eta hara iritsitakoan konfirmatu genuen. Sekulako poza eta lasaitua hartu genuen», kontatu du Igorrek.

Baina trabak ez dira amaitu. Orain, Leireren amatasun bajarekin bueltaka dabiltza. «Gizarte Segurantzara joan naiz eskatzera eta amatasun txostena eskatu didate, medikuak sinatuta. Baina ni ez naizenez erditu, ez daukat hori. Orduan, beste paper bat eskatu didate adopzioa edo zer izan den azaltzeko. Eta hor nabil bueltaka. Pentsatzen dut orain ez didatela amatasun baja ordainduko, aurretik beste batzuei ere horrela gertatu zaie eta. Eta urte batzuetara, epaitegi batera eta bestera joan ondoren, agian lortuko dut. Baina oso bide nekeza da», agertu du Leirek.

Igor kazetaria da eta prozesu guztia jaso du bere bideo kamerarekin. Bere asmoa da urtea amaitu baino lehen dokumental bat egitea haurdunaldi subrogatuaren berri garbi emateko, tabuetatik eta aurreiritzietatik aparte. «Saiatuko naiz urtea amaitu baino lehen amaitzen. Material asko daukat eta niretzat oso proiektu interesgarria da. Ea Oihanek eta Marenek denbora pixka bat uzten didaten», bukatu du Igorrek.

Nazioarteko mailako panorama

Haurdunaldi subrogatuaren prozesua asko aldatzen da metodoa egiten den herrialdearen arabera, bai baldintzetan, bai diruan. Prozesuak babes legal zehatza dauka Ameriketako Estatu Batuetako estatu batzuetan, Ukrainan, Errusian eta Mexikon, besteren artean. Beste toki batzuetan ez dago legedi zehatzik, eta hain justu hutsune legal hori baliatuz egiten da subrogazioa, Tailandian eta Indian kasu.

AEBetako estatuen artean egoera desberdina da, baina denek daukate tasun berdin bat: babes judizialaren pean egiten da prozesua eta segurtasun juridikoa handia da. Traba nagusiena da AEBetan medikuntza pribatua eta oso garestia dela eta subrogazioa garestien bertan izaten dela, 70.000 eurotik hasi eta goitik mugarik gabe.

Beste herrialde batzuetan ere arautu da, Ukrainan kasu. Baina herrialdeak bizi duen egoera politiko nahasia dela-eta, oraintxe ez da oso helmuga fidagarria. Azken urteotan, hala ere, gero eta jende gehiagok aukeratu du Ukraina, AEBetan baino merkeagoa baita prozesua. Ukrainan, baina, homosexualek eta guraso bakarreko familiek atea itxita daukate.

Mexikora ere gero eta jende gehiago ari da gerturatzen, prezioari begiratuta, AEBak baino merkeagoa delako eta bikote homosexualak eta guraso bakarreko familiak onartzen dituelako.

Uda honetan Tailandian nahiko nahasmen izan da haurdunaldi subrogatuen kontura. Artean ez zegoen egoera horiek arautzen zituen legerik, eta horretan ziharduten erietxeak erabateko linboan ari ziren. Berriki ikertu dituzte erietxe horiek eta denetarik topatu dute; lanean oso txukun eta ondo ari ziren erietxe eta medikuak, eta baita inongo baimenik gabe eta baldintza kaskarretan ari zirenak ere.

India une honetan Estatu espainoletik doazenentzat itxita dago. Izan ere, Espainiako Justizia Ministerioak subrogazioak onartzen ditu bakarrik prozesuak babes judiziala izan duen kasuetan, eta Indian ez dago halakorik.

Artean Europa mugitzen ari da pixkanaka. Hagako Nazioarteko Konferentzia txosten zehatza lantzen ari da subrogaziotik sortzen diren arazo legalak aztertzeko, Europako herrialde askotan arazoak sortzen ari baitira. “Son nuestros hijos” elkartetik begi onez ikusten dute txosten hori, eta beren laguntza eskaintzen ari dira. «Lehen, eskandaluarekin lotzen zen teknika hau eta dagoeneko Europa pentsatzen hasia da nola arautu behar duen», adierazi dute bertatik. Normalkuntzaren bidearen hasieran daudela sentitzen dute.

Antonio vila coro. «Son nuestros hijos» elkarteko kidea: «2008an, herriaren defendatzailearengana joan eta gaizkileak bagina bezala hartu gintuen eta, orain, besoak zabalik hartzen gaitu»

Antonio Vila Coro madrildarra “Son nuestros hijos” elkarteko lehendakaria da. 2008. urtean sortu zenetik, elkarteak lan handia egin du ernalketa subrogatuaren gaia gizarteratzeko, tabuak deseraikitzeko eta bide horretan dauden traba sozial eta judizialak gainditzeko. Filiazioa estuki lotzen zaie erditzeari eta biologiari Estatu espainolean, bai moralaren aldetik, bai, batez ere, legeetan. Hori aldatzeko behar larria ikusten du Vila Corok, gurasoa guraso izan nahi duena baita.

Azkenaldian asko ari da aipatzen haurdunaldi subrogatua. Normaltzen ari dela uste duzu?
Asko ari da aipatzen horren inguruan gertatzen ari diren gertaera judizialak direla eta. Haurren erregistroaren inguruan korapilo handiak sortu dira. 2010. urtean –eta borroka askoren ondoren– azkenean lortu zen haurrak normaltasunez erregistratzea, eta aurtengo otsailean berriz hasi dira trabak jartzen. Azkenean, uztailean Estrasburgok Frantzia zigortu zuen antzeko kasuak zirela medio, eta ondorioz Espainiako Justizia Ministerioak ere atzera egin zuen, eta erregistroak onartzen hasi da berriz. Egia da ernalketa subrogatuaren fenomenoa asko ari dela zabaltzen, eta oso serio hartzekoa eta geldiezina da.

Orain arte «alokairuzko amak» aipatzen ziren eta jende famatuarekin lotzen zen kontua, oso modu sentsazionalistan, gainera.
Horrela da. Eta horregatik guk, elkarte bezala, errealitate hau bistaratu nahi izan dugu. Hori izan da gure egiteko nagusietakoa, jendarteak ezagutu dezan zertan den ernalketa mota hau eta zein arazo izaten ditugun metodo horretara jotzen dugunok. Elkartea sortu eta gaiari buruz hasi ginenetik gaur arte sei urte joan dira, eta gizarteak haurdunaldi subrogatuaren inguruan daukan ikuspegia erabat aldatu da. Gogoan dut 2008. urtean herriaren defendatzailearengana joan ginela eta gaizkileak bagina bezala hartu gintuztela. Orain, besoak zabalik hartzen gaituzte. Komunikabideek ere ondo tratatu gaituzte. Guk aurpegia eman dugu, informazio garbia eskaini dugu, parte guztien eskubideak nola babesten diren kontatu dugu, ernalketa metodo bat besterik ez dela azaldu dugu... eta horrek emaitzak eman ditu.

Oraindik badago, hala ere, prozesua ikuskera moraletik epaitzeko joera.
Gizartearen parte batentzat, kristau batentzat kasu, enbrioi bat gauza sakratua da eta enbrioi batekin egiten den edozer gaitzesgarria izango da beraz. Iruditzen zait garai batean abortuak bizi zuen egoera berdintsua bizi duela orain haurdunaldi subrogatuak: Espainian ezin zen egin eta emakumeek atzerrira joan beharra zuten. Abortuaren kasuan penalizatuta zegoen; subrogazioa, ez.

Subrogazioaren kasuan oso garrantzitsua da gurasoak nortzuk diren zehaztea, beren betebehar eta eskubide guztiekin. Nola egiten da hori?
Herrialde bakoitzean desberdina da. Ondoen arautua AEBetan dago, nahiz eta desberdina den estatu batean eta bestean. Kasu askotan haurrak jaio baino lehen familia epaitegi batean zehazten da subrogazioaren kontratua. Haurdunaldiaren azken txanpan egiten da kontratua, eta garbi adierazten da zeintzuk diren haurraren gurasoak, haurra jaio aurretik beraz. Gauzak oso garbi hasieratik. Filiazioa oso-oso garbi zehazten da, eta sor daitezkeen arazoen zerrenda luze bat ere aurreikusten da, kasu bakoitzean irtenbide legala zein den zehaztuz. Prozesu luzea da, bizpahiru pertsonek parte hartzen dute eta edozer gerta daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua legez gauzak oso garbi eta ondo zehaztea.

Estatu espainolean filiazioa estu lotzen da lotura biologikoarekin. Legeak ere horren bueltan daude, ezta?
Horrela da. Guk harrituta ikusten dugu Kaliforniako kasua. Han jurisprudentzia propioa dauka ernalketa subrogatuak eta filiazioa ez da lotzen biologiarekin, intentzioarekin baizik. Familia proiektu hori egin nahi duena eta proiektu hori bultzatzen duena da gurasoa, nahiz eta biologikoki inolako loturarik ez izan haur horiekin.

Abuztua hasieran hautsak harrotu dituen kasu bat gertatu da. Australiako bikote batek Tailandiako emakume baten laguntzaz bikiak izan zituen haurdunaldi subrogatuaren bidez. Bikietako batek Down sindromea zuenez, ez zuten etxera eraman. Bakarra eraman zuten, adimen urritasunik ez zuena.
Eta oso kasu larria da, baina ez da haurdunaldi subrogatuaren ondorioa. Zalantzarik gabe gurasoek abandonatu egin dute haur hori, eta haiengan jarri behar da fokua eta ardura. Arazoa da Tailandian ez dagoela zorrotz araututa subrogazioa. Esaterako, abandonu hori AEBetan gertatu izan balitz, oso garbi legoke gurasoek abandonatu dutela haurra, filiazioa oso garbi egongo bailitzateke haurrak jaio baino lehen. Eta, beraz, ardura legal eta ekonomiko guztiak gurasoenak izango lirateke, argi eta garbi.

Munduko toki zenbaitetan, Indian kasu, ernalketa subrogatuan parte hartzen duten emakumeen egoera txarra dela salatu izan da maiz.
Guk ernalketa subrogatua defendatzen dugu, moralki onargarria eta defendagarria iruditzen zaigulako. Segur aski munduko toki batzuetan praktika txarrak eta desegokiak izango dira horren bueltan. Praktika txarrak gaizki egituratutako sistema baten ondorio dira. Horregatik defendatzen dugu haurdunaldi subrogatua zehatz eta zorrotz arautzea munduko toki guztietan, hori parte guztien mesedetan izango delako.

Estatu espainolean martxan da herritarren ekimen legegile bat haurdunaldi subrogatuak legeztatzeko eta arautzeko eskatuko duena. Aurreikusten da 2015ean aurkeztuko dela Kongresuan.
Horretan ari gara, sinadurak biltzen. Izan ere, laster sartuko da indarrean Erregistro Zibilaren lege berria, eta egoera berezia gertatuko da. Estatu espainolak atzerriko haurdunaldi subrogatuak onartuko ditu, baina ez estatuan bertan. Bitxia da egoera. Hortik abiatuta, Espainian arautzea bultzatu nahi da. Hori da asmoa. Urrats oso garrantzitsua izango da.

Asko aldatuko litzateke panorama Estatu espainolean haurdunaldi subrogatuen bidea irekiko balitz, ezta?
Zalantzarik gabe. Ernalketa teknika hori erabili behar dutenek ez lukete atzerrira jo beharko, etxetik gertu egin ahal izango lukete prozesu guztia. Gogorra da zure seme-alabak milaka kilometrora dagoen emakume baten sabelean daudela pentsatzea. Horrek asko erraztuko lituzke gauzak. Bidaia luzeak ekidin, izapideak, marko legal desberdinak, kezkak... Eta ekonomikoki ere bideragarriagoa izango litzateke, eta atzerrian uzten den diru hori guztia estatuan geratuko litzateke.

Estatu espainolean arautzen bada, legedi bat prestatu beharko da. Nolako legeak aldarrikatzen dituzue?
Guk sistema praktiko bat aldarrikatzen dugu, ugalketa arazoak dituzten familientzako benetako irtenbidea izango dena. Eta horrek berekin dakar emakumearentzako ordain ekonomikoa. Ezinbestekoa ikusten dugu, baita moralki ere, eskainitako zerbitzu horren truke dirua jasotzea. Beste donazioen kasuan ere ordainketa bat dago tartean, bai hazia ematen dutenentzat, baita obuluak ematen dituztenentzat ere. Subrogazioarekin, berdin. Guretzat onargarria da hori. AEBetan ere hala dago arautua, baina ordain ekonomikoak ezin du izan subrogaziorako motibazio nagusia. Eta hori oso zorrotz zaintzen da.
Badaude ereduak, batzuk jarraitu beharrekoak eta besteak, ez. Esaterako, Erresuma Batuan arautua dago subrogazioa baina legedi oso-oso hertsia da eta, ondorioz, oso kasu gutxi ematen dira urtean. Are gehiago, Erresuma Batuko jendea Ameriketako Estatu Batuetara jotzen ari da haurdunaldi subrogatuak egitera. Guk ez dugu horrelako sistemarik nahi.

Gizartea beti joaten da legeen eta araudiaren aurretik. Baita kasu honetan ere?
Hori espero dut, horretarako egiten dugu lan. Egia da subrogazioaren inguruko ikuskera asko aldatu dela. Filosofiako irakasle batek esana da «ikuskera moral desberdina duen gutxiengo bat» garela gu. Agian bai. Baina munduan barna bidaiatu eta gure ikuskera asko zabaldu dugu, eta etorri eta gure gizarteari ikusi duguna kontatzen diogunean gizarteak ere zabaldu egiten du bere ikuskera. Uste dut hori pasatzen ari dela. Gure seme-alabekin bueltatu eta gure ingurukoei istorioa kontatzen diegunean galderak, kezkak eta zalantza moralak sortzen zaizkie. Baina prozesua ezagutzean, erabat aldatzen da beren ikuskera.