Ander Izagirre

Emakumeak isiltzeko gerra

Emakumeen aurkako bortxa sexuala gerra estrategia da Kolonbian. Alde armatu guztiek erabili dute, krimenik ugariena da eta isilduena: ia milioi erdi emakumek jasan dute azken urteotan baina oso epaiketa gutxi egin dira eta ez da zigorrik egon. Orain ahotsak altxa dituzte eta zigorgabetasuna hausten hasi dira.

Paramilitarrak Condoto herrian sartu ziren eta jendea jipoitu zuten, torturatu, bortxatu, erail. Lege berriak ezarri zituzten. Adibidez: emakumeek janaria prestatu eta arropa garbitu behar zieten paramilitarrei, emakumeek etxean gelditu behar zuten iluntzean, emakumeek ezin zuten arropa motzik jantzi, emakumeek ezin zuten ile motzik eraman. Maria Eugenia Urrutia, 18 urteko neskato beltza, amorratu egin zen. Ilea erabat moztu, tanga bat jantzi eta halaxe zeharkatu zuen herria ibairaino, presaka, ia biluzik. Uretan sartu eta igeri egin zuen.

Paramilitarrak tiroka zebiltzan egunero, uztak konfiskatzen, urre meategi txikietako familiak kanporatzen, eta Maria Eugeniak biluzik igeri egiten zuen erresistentzia moduan: Condoto ibaiko hondartza defendatu nahi zuen horrela. Ez zen edonolako hondartza.

Cali hiri handian jaio zen Maria Eugenia eta 10 urte zituela gurasoak hil zitzaizkion. Hiru anaia-arrebekin Condotora joan zen orduan, familiaren herrira, Choco eskualdeko oihanera. Indigenak (%12) eta batez ere beltzak (%82) dira Chocoko biztanleak, inperio espainiarrak urrea ateratzera bidalitako esklaboen ondorengoak.

Condotora iritsi zen egunean, herria mantso zeharkatu zuen Maria Eugeniak, ibairaino. Harritu zen etxolak ikusi zituenean, argindarrik gabe, ateak beti zabalik. Ortuak gustatu zitzaizkion, banana sailak, artasoroak, lurrezko kaleetan zebiltzan oiloak. Ibaiak liluratu zuen. Gizonak arrantzan ari ziren ur gardenetan, emakumeak arropak garbitzen, umeak biluzik bainatzen oihanaren erdian. «Hauxe da gurasoen heriotzaren ondoren Jainkoak oparitu didan paradisua», pentsatu zuen.

15 urterekin hondartzara gauez joaten hasi zen, lotara. Izebak kezkatu egin ziren, gauez urak hazi egin zitezkeelako. Horixe zen beldur bakarra. Inori ez zitzaion burutik pasatzen norbaitek hondartzan bakarrik lo egiten zuen neska bati kalterik egin ziezaiokeenik.

1993an, Kolonbiako komunitate beltzei euren lurraldeen jabego tradizional eta kolektiboa onartu zien lege batek. Orduan paramilitarrek kanpaina basatia piztu zuten. Herriak inbaditu zituzten, biztanleak latz eraso, aurre egiten zien edonor hil.

Soldadu eta poliziek osatutako banda ultraeskuindarrak izan ziren paramilitarrak hasieran, eta azkar hedatu ziren lurjabe, industrialari eta narkotrafikatzaileen interesak babesteko, hainbat politikari eta Estatuko funtzionariorekin elkarlanean. Eskualde bat indarrez menperatzen dutenean, laster iristen dira enpresa handiak meategiak zabaltzera, nekazaritza industrien monolaborantza amaigabeak hedatzera eta narkotrafikoaren bideak sendotzera.

Kolonbia da desplazatu kopuru handiena daukan herrialdea: 5.087.092 pertsona indarrez bota dituzte euren herrietatik, biztanleriaren %10, Biktimen Arretarako Unitatearen datuek diotenez. Eta lursailen kontzentrazioa (eremu zabalak, oso jabe gutxi eta boteretsuen eskuetan) munduko handienetakoa da. Nekazaritzako lehengaien arloan munduko enpresarik handiena den Cargill-ek, adibidez, Kolonbiako legeak baimentzen duena baino 36 bider handiagoa den eremu bat erosi berri du iruzurrekin, Oxfam Intermonek salatu duenez. Lur horiek, gainera, Estatuarenak ziren: legez, indarrez desplazatutako nekazarien artean banatu behar zirenak.

Condoton urre meategiak eta palmondo afrikarra landatzeko sail interesgarriak begiz jo zituzten paramilitarrek.

«Halako batean paramilitarrak etxeetako ateak ostikoka botatzen hasi ziren, amak eta alabak bortxatzeko –dio Maria Eugeniak–. Norbaitek aurre egiten bazien, hantxe bertan tiroz hiltzen zuten. Espantua izan zen. Emakumeek ez zuten hitzik egiten, ez zuten ulertzen zer gertatzen ari zen, errudun sentitzen hasi ziren arropa gutxiegirekin ibiltzeagatik. Condoton ia biluzik ibiltzen ginen beti, bularrak airean, eta inork ez zuen ezer txarrik ikusten horretan paramilitarrak iritsi ziren arte. Bilerak antolatu nituen, emakumeei esaten nien ez zutela beraiek lotsa sentitu behar, erasotzaileak zirela errudun bakarrak, eta salaketak jarri behar genituela».

Paramilitarrek Maria Eugenia Urrutiaren izena gorde zuten. Atepetik mehatxuak sartu zizkioten, kalean iraindu egin zuten eta Bogotako erakundeetara salaketak idazten zituenean, kartak atzematen zizkioten eta bueltan bidali. «Egun batean hiru gizon armatu etxera sartu zitzaizkigun. Nire senarra lotu zuten. Jipoitu eta bortxatu egin ninduten gure ume txikien aurrean. Haurdun nengoen. Senarrari esan zioten beraiekin joan behar zuela mendira. Eta berak ez zien erresistentziarik egin. ‘Nahiago dut hilda egotea irain honekin bizitzea baino’, esan zuen. Okerragoa iruditu zitzaion bere gizontasunari egindako iraina, emazte bortxatuaren eta seme-alaben bakardadea baino. Alde egin zuen eta ez dut inoiz bere berririk izan. Gau horretan bertan umeak hartu eta ibaian gora ihes egin genuen kanoa batean. Gurutze Gorriak aurkitu gintuen. Ibaitik atera eta Bogotara ekarri gintuzten. Iritsi berritan, fetua galdu nuen».

Tigre batetik bestera

Bogotako egoitza batean dago orain Maria Eugenia Urrutia, Luz Marina Becerra kidearekin batera. Becerrak ere Chocotik ihes egin zuen. «Gure familiak urre meategi txiki bat eta fruta-arbolak zeuzkan. Paramilitarrek esan zuten gerrillariei laguntzen geniela, gezur hori erabiltzen zuten jendea botatzeko. Egun batean biztanle guztiak plazara eraman gintuzten. Gizon bati lepoa moztu zioten eta buruarekin futbolean jokatu zuten ondoren, metraileta tiroak botatzen zituzten bitartean. Nire bi iloba talderako eraman nahi izan zituzten, eta, ezetz esan zutenez, bati tiroa jo zioten kopetan eta bestea zuhaitz batean lotu, gasolina bota eta su eman zioten. Handik lasterrera gure etxean sartu ziren eta ama jipoitu zuten. Ni iltze herdoildu batekin torturatu ninduten, ezkerreko hanka goitik behera zulatu zidaten eta galtzeko zorian egon nintzen. Azken unean medikuek hanka ez ebakitzea erabaki zuten, baina orban itsusiak dauzkat eta lotsa ematen dit. Ordutik ez dut sekula bainujantzi bat jarri. Kanoa batean sartu ginen, senarra, 3 urteko semea, ama eta ni neu. Ibaian gora ihes egin genuen, eta, gero, errepidez, Bogotara», kontatu du.

Becerrak 37 urte ditu eta Afrodes elkarteko burua da (Asociación Nacional de Afrocolombianos Desplazados). Urrutiak 48 urte ditu eta Afromupaz zuzentzen du (Asociación de Mujeres Afrocolombianas por la Paz). Urteak daramatzate biktimen alde lan egiten, erasotzaileak ozen salatzen, eta erantzun latzak jaso dituzte. Aguilas Negras talde paramilitarrak heriotza mehatxua egin zion ohar publiko batean Becerrari eta handik lasterrera hiru gizon bera bahitzen saiatu ziren. Okertuta beste emakume bat eraman zuten. Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin zuen Becerrak, baina ez zen gai izan luzaroan gelditzeko. «Ezin nuen han egon. Nire herrialdean borroka egiten jarraitu behar nuen», esan du.

Urrutiarekin, aldiz, asmatu zuten: Bogotan zabaldu zuen jatetxe txikia tirokatu zioten paramilitarrek, etxeko leihotik lehergailu bat jaurti zioten eta azkenean bahitu egin zuten, torturatu eta bortxatu. Bortxatzen zuten bitartean, Urrutiak Fiskaltzari bidalitako salaketak erakusten zizkioten, funtzionarioren batek paramilitarrei informazio hori ematen ziela erakusteko. Erasoaren ondoren, borrokan jarraitzea erabaki zuen eta “El Espectador” egunkariari elkarrizketa bat eskaini zion, paramilitarrek Estatuaren barruan zeuzkaten babesak salatzeko. Handik gutxira, berriz ere bahitzen saiatu ziren baina taxi batean ihes egitea lortu zuen.

Urrutiak eta Becerrak Estatuari babesa eskatu zioten publikoki. “Aparteko arriskuan” zeudela onartu zieten azkenik, baina urtebete igaro zen agindutako bizkartzainak eta auto blindatuak jarri zizkieten arte.

«Horrelakoxea da gure bizitza –dio Becerrak–. Baso batean lasai genbiltzan paseatzen eta halako batean tigre batek eraso zigun. Ihes egin genuen arbolen artean eta tupustean beste tigre bat topatu genuen. Berriz ere korrika atera ginen eta beste tigre bat agertu zitzaigun. Jaioterria utzi genuen paramilitarrengandik ihesi eta Bogotara etorri ginen. Ate guztiak ixten dizkigute hemen: emakume beltzek etxeak garbitzeko edo prostituziorako bakarrik balio omen dugu. Inork ez digu lanik ematen, ez digute etxerik alokatzen, eskolan gure umeak jazartzen dituzte. Emakumeak gara, beltzak, pobreak, landakoak. Eta gatazkarengatik desplazatutakoak: ‘zerbait egingo zuten’, esaten du jendeak, ‘erdi gerrillariak izango dira’. Bazterketa guztiak jasaten ditugu. Eta antolatzen garenean, gogor erasotzen gaituzte».

Urrutiak segitu du ondotik kontakizuna, «biktima hutsak ez garelako, horregatik erasotzen gaituzte: bizirauleak garelako. Ez gaituztelako hautsi. Gure eskubideak aldarrikatu ditugu, Estatuaren utzikeria eta konplizitatea salatu, boterea kritikatu, eta horregatik erasotzen gaituzte behin eta berriz. Gizon armatuak, legalak eta ilegalak, La Habanako mahaian eserita daude orain, negoziatzen, eta bakea egingo dutela diote. Aizue, zuek gehienez ere gatazka amaituko duzue. Baina bakea gu ari gara egiten, emakumeok, duela urte asko. Alde guztiek eraso gaituzte: paramilitarrek, gerrillek, baita indar publikoek ere. Eta gure erantzuna beti izan da justiziaren eta bakearen aldeko borroka. Guk, beraiek ez bezala, ez dugu botererik bilatzen. Gure seme-alabak bakean hazi nahi ditugu. Ni egunero atsekabetzen naiz nire umeek ez dutelako Condoto ezagutzen. Horixe da nire helburu bakarra: hondartza hartan lasai baina daitezela».

Biolentzia sexuala gerra estrategia bat da

Emakumeen aurkako biolentzia sexuala «ohikoa da, sistematikoa eta ikusiezina, talde armatu guztiek erabiltzen dute, bai ilegalek, baita indar publikoek ere». Hala adierazi zuen Kolonbiako Gorte Konstituzionalak 2008an.

Emakume buruzagiak zapaltzeko erabiltzen dute bortxa sexuala paramilitarrek, gerrillariek eta soldaduek. Mugimendu politikoetan, komunitate indigenetan, biktima elkarteetan buru direnak isiltzeko. Beste askotan emakumeen askatasuna indarrez itotzen dute: etxea garbitzen gelditzen ez direnak, janzkera arau zorrotzak betetzen ez dituztenak, zuhurrak eta isilak ez direnak, markatu egiten dituzte, «sorginak», «berritsuak», «desleialak» direla salatzen dute ohar publikoetan, eta halakoak zigortzeko bortxaketak, ile mozketak, irain publikoak, lan behartuak eta esklabotza sexual eta domestikoak ezartzen dizkiete. Bortxaketak ere ohikoak dira talde armatuetako gizonak saritzeko.

Gatazka armatuarekin zerikusia duen bortxa sexuala 489.687 emakume kolonbiarrek jasan zuten 2001 eta 2009 artean, Oxfam Intermon eta Casa de la Mujer erakundeen azterketa batek dioenez. Biktimen %82k ez zuten salaketarik jarri, mendekuen beldur zirelako eta erakundeekiko konfiantzarik ez zeukatelako. Gorte Konstituzionalak biolentzia sexualeko 183 kasu aukeratu zituen, larrienak eta nabarienak, eta Fiskaltzari lehentasunez ikertzeko agindu zion. Bost urte eta gero, hauxe da emaitza: hiru epai. Milioi erdi bat biktima eta hiru epai.

«Planto egin nuen»

«Gu makilarekin babesten gara», dio Ana Secuek, 42 urteko buruzagi indigenak. Cauca bailarako lautada emankorretatik egotzi zituzten indigenak eta orain mendietan bilduta daude, legez babestutako erreserba autonomoetan, Kolonbiako Armadaren eta FARC gerrillaren arteko borroken erdian. Eskualde beroa da: koka eta marihuana sail handiak, narkotrafikoaren bideak, paramilitarrak, nekazaritzako industrien monolaborantza, Kolonbiako gatazka puri-purian.

2002an Guardia Indigena harrigarria sortu zuten: bake taldeak dira, gizon, emakume, haur eta zaharrek osatutakoak, euren lurretan sartzen diren soldadu eta gerrillariei aurre egiten dietenak. Arma bakarraz: makil tradizionala.

«Tiro egin nahi badidazu, egin tiro. Hil nahi banauzu, hil nazazu. Ni ez naiz nire lurraldetik irtengo –dio Secuek–. Baina hain ausarta baldin bazara, hartu makil bat eta egin borroka nirekin berdintasunez. Makila ez baita berez arma bat: gure aginte moralaren sinboloa da. Guk amorrua eta arrazoia dauzkagu».

Azken urteotan gatazka itzelak egon dira lurralde indigenetan: atentatuak, bahiketak, tiroketak, mortero jaurtiketak, bonbardaketak. Heriotza mordoa. Guardia Indigenak, makil hutsarekin, gerrillariak atxilotu ditu, bahituak askatu, Armadako soldaduak kanporatu, kokaz eta marihuanaz beteta zihoazen kamioiak gelditu eta merkantziak erre…

Ana Secue gobernadore hautatu zuten garaian, FARC inoiz baino gogorrago ari zen indigenak erasotzen, euren eremua kontrolatzeko. «Herritarrek pentsatu zuten estrategia egokia izango zela emakume bat buruzagi jartzea, gerrillariak harritu eta nahastuko zituelako. Nik urteak neramatzan komunitatean lanak eta ardurak izaten, baina gizonek ez zioten buruzagitza pozik eman emakume bati, ezta pentsatu ere. Gure artean ere matxismo handia dago. Gizon batzuk asko haserretu ziren izendatu nindutenean, lotsagarria iruditu zitzaien. Batzarraren erdian zutik jarri nintzen hitz egiteko: ‘Badakit gerrillariei aurre egiteagatik hilko nautela. Hil nahi banaute, hementxe naukate’. Gero etxera joan eta negar batean hasi nintzen, beldurragatik, kezkarengatik, ardurarengatik. Baina etxean bakarrik egiten nuen negar. Gizonen aurrean oso gogor agertzen nintzen beti, ez nizkien ahuldadeak erakutsi nahi», kontatu du Ana Secuek. «Eta gobernadore hasi nintzenean, beste zerbait gertatu zen. Senarrak betidanik jotzen ninduen. 15 urterekin haurdun gelditu nintzen eta haurdunaldiaren hirugarren hilabetean lehen aldiz jipoitu ninduen. Bost ume izan genituen elkarrekin. Etxean nahi ninduen senarrak, ez zidan utzi nahi batzarretan parte hartzen, jipoiak ematen zizkidan. Seme-alabek, hazi zirenean, banatzeko eskatzen zidaten. Baina ez nintzen ausartu, gobernadore izan nintzen arte. Orduan egoera absurdua iruditu zitzaidan: nik komunitateko emakumeak antolatzen nituen, euren eskubideak aldarrikatzera bultzatzen nituen, bortxaren kontra planto egin zezaten, eta gero neure etxean bertan jipoitzen ninduten. Egun batean kito esan nuen. Eta senarrari aurpegira bota nion: ez nauzu berriz joko, sekulan. Ni ez naiz geldi egongo: zu mozkortuta itzultzen zarenean, nik ere gogor astindu zaitzaket». Ana Secuek irribarre egiten du. Indigenen aginte makilaren erreplika txiki bat atera du poltsatik, eskuetan darabil. «Eta ordutik ez da berriz ausartu».

Zigorgabetasunaren lehen haustura

Kolonbian ez da emakumeen aurkako bortxa sexuala zigortzen, Nazio Batuetako batzorde batek 2013an salatu zuenez. Ez dituzte kasuak ikertzen, biktimei ez diete babesik eskaintzen eta presioak ohikoak dira salaketarik jar ez dezaten.

Borroka luze baten ondoren, maiatzean Kongresuak bortxa sexualaren zigorgabetasunaren aurkako legea onartu zuen azkenik. Agintari militarrek eta Defentsa ministroak oztopo ugari jarri zituzten, lege honen ondorioz gatazkaren barneko bortxa sexual sistematikoa gizateriaren aurkako krimen izatera pasa baita. Alegia, ez du preskribatzen. Alegia, soldadu asko epaitzeko bidea urratzen du, epaitegi militarretatik kanpo lehenengo aldiz.

«Biolentzia sexualaren kontzeptu zabalago bat ere kontutan hartzea lortu dugu, ez bortxaketarena bakarrik», dio Angela Robledo diputatuak, Partido Verde alderdikoa, legearen bultzatzaile nagusietako bat. «Estatuak derrigorrez babesa eman behar die biktimei. Eta biktimekin lan egin behar duten funtzionarioak giza eskubideetan eta genero ikuspegian trebatzea nahi dugu. Askotan poliziek eta epaileek biktima errudun balitz bezala tratatzen dute, nolako jantziak zeramatzan galdetzen diote, zergatik zihoan bakarrik gaueko ordu horietan, heldugabea balitz bezala hitz egiten diote, zalantzan jartzen dute bere kontakizuna, behin eta berriz errepikarazten diote… Askok salaketaren bidea uzten dute iraingarria egiten zaielako».