Ramon Sola

Izan gaitezen Mandela, ez Sisifo

Sisifo euskalduna ez ote zen izango –edo, zehatzago, ezker abertzalekoa– galdera hauxe burura etorri zait askotan. Mitoa ezagutzen ez duenarentzat, neke handiz, ahalegin ikaragarria eginez, harri erraldoi bat mendian gora eramaten zuen Sisifok. Gailurrera iristear zela, ordea, hara non eskuetatik ihes egin eta jirabiraka beheraino joaten zitzaion harria, zuloraino. Hortaz, berriro hutsetik abiatu behar zuen lana Sisifok, pazientzia handiz. Baina ezin bukatu, behin eta berriro gauza bera gertatzen zitzaiolako greziar mitologiako heroiari.

Hurrengo astean bertan bost urte beteko dira ‘‘Zutik Euskal Herria’’ erditu zuen barne eztabaida abiatu zenetik. Bertan zentzu handiko auziak nabarmentzen ziren, besteak beste, prozesu politikoa ezinbestean graduala dela eta lorpen partzialak garrantzitsuak direla, aurrera egiteko palanka gisa erabil daitezkeen neurrian. Irizpide guztiz ulergarria, baina nonbait euskal senarekin talka egiten duena. Gure izaera bestelakoa baita zirt edo zart, zuria ala beltza, dena ala ezer ez, denak ala inor ez. Esan liteke beste batzuek botila erdi hutsik edo erdi beterik ote dagoen eztabaidatzen duten bitartean, gu haratago goazela: botila hutsik ala botila beterik, besterik ez dugu ulertzen. Ikusi besterik ez dago nolako etsipenez hartu duen askok Eskoziako erreferendumaren emaitza, zein erraz bota duen zakarrontzira aurreratutako guztia, bozketa bera.

Mitoaren esparru nahasitik errealitatearen argitara pasatuz, honatx aje honen hiru adibide xume:

–Azken bost urteotako ibilbide honen lorpen handienetarikotzat dut 40 gazte independentista errugabe jo zituen pasa den ekaineko epaia. Ondorioengatik, noski, baina baita edukiarengatik ere, Auzitegi Nazionalak estreinakoz sartu zielako labana makroprozesu politiko hauei: «Dena da ETA» tesiaren faltsutasuna, ekinbide politikoaren legitimitatea, torturaren erabilpena, poliziakideak peritu gisa erabiltzearen tranpa... Dena dago hor, aurreko hamasei urteotan etengabe argudiatutako guztia. Eta ondorioz, abiatu berri den 28 gazteren aurkako epaiketan ez zait beste tresna indartsuagorik bururatzen ekaineko epai hori baino. Baina hasierako egunean beste nonbait jarri da arreta, kontraprogramazio bitxia eraginez gainera.

–Ez da aurrerapen makala ere euskal presoen giza eskubideen inguruan lortutako mobilizazioa. Azkeneko bi urtarriletako manifestazioak Euskal Herriko historian egindako handienak izan dira. Erraz esaten da. Eta horregatik etsipengarriagoa da jarraian gertatu ohi den etena. Nork ez du entzun arratsalde horietan bertan, norbera bere etxera itzultzen denean, «hurrengo urtera arte» bezalakorik?

–Itzela ere ekainaren 8an bizitakoa. Gure Esku Dago ekimenekoek aipatzen dutenez, Kataluniako lagunek ere harriduraz hartu zuten arrakasta, erabakitze eskubidearen aldeko olatu hura altxatzeko askoz denbora gehiago behar izan zutelako beraiek han. Uda pasata, ordea, apaldu egin da gure olatua, hoztu, ia ezabatzeraino. Alderdien esku omen da orain Kataluniakoaren erantzuna, eta hortik nekez berpiztuko da udaberriko indar hori. Berriz ere, «hurrengo urtera arte»?

Herri harresiak, manifestazioak, giza kateak helburu bilakatu zaizkigu nolabait, tresna direla ahaztuz. Eta Sisifok bezala, harria goraino eramaten dugu, izerdi handiz, baina gero beheraino erortzen uzten dugu, eta zulotik hastera berriz. Mendiko metaforez ari garela, nahiago Nelson Mandelarena: «Mendi oso garaia igo ostean, oraindik mendi garaiagoak igo behar ditugula deskubritzen dugu». Jada lortutakotik abiatzeak, gailur batetik bestera, urrutirago eramango gaitu. Eta tira, horregatik da Sisifo mito huts etsipengarri bat eta Mandela, aldiz, politika eraginkor eta arrakastatsuaren ikur bizia. •